Zaintza

Zahar etxeetarako Jaurlaritzaren dekretua aurrekoaren «antzekoa» dela esan dute egoiliarren senideek

COVID-19aren izurriak ondorio gaiztoak izan zituen egoitzetan, eta testua hilabete haietan ikusitako gabeziak aintzat hartuta ondu duela argudiatu du administrazioak, egoitzetan moduluko 25 egoiliar baino gehiago ez egoteko, eta gaueko arta ere bermatzeko.

jarraia229332.jpg
arantxa iraola
2023ko ekainaren 13a
11:51
Entzun

Zaharren egoitzetako egoerak kezka handiak eragin zituen COVID-19aren pandemian. Gaitza bereziki erasokorra izan zen adinekoekin, eta haren ondorioak larriak izan ziren egoitzetan: Hegoaldeko zahar etxeetan, gutxienez 1.800 egoiliar hil zituen 2020ko martxoaren 1etik 2023ko irailaren 11ra bitartean. Bakarrik hil behar izan zuten askok, eta egoiliar ia denek hilabeteak egin zituzten bakartuta. Gaur, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiken sailburu Nerea Melgosak zahar etxeak arautzeko dekretua birmoldatzeko agindua onartu du. Egin duten testuan, badira aldaketak. Zahar etxeetako moduluek, esaterako, gehienez ere 25 egoiliarrekoak izan beharko dutela jarri dute; eta arta zuzena ematen duten langileen ratioa %15 handituko da, hainbat albiste agentziak azaldu dutenez. Egoitza berriei ere jarri nahi zaie muga: 150 egoiliar baino gehiago ezingo dituzte hartu.

Babestu elkartean Bizkaiko egoiliarren familiartekoak batzen dira. Elkarteko eledun Xabier Monrealek esan du irakurri dutela dekretu eraberritua, eta aurrekoaren «antzekoa» iruditu zaiela, alegia, eskasa arta ona bermatzeko, aurrez ere usu salatu izan baitituzte dekretu horren mugak. Minduta daude, era berean, Eusko Jaurlaritzak ez duelako egoiliarren senideengana jo testua ontzeko, edota gutxienez iritzia galdetzeko. Hedabideen bidez jakin dute haren berri, eta guztiz okerra iruditu zaie jokabide hori. «Ez dugu aukerarik izan aurrez testua ikusteko ere; Eusko Jaurlaritzak oso urrun dauka hainbestetan aipatzen duen gobernantza eredu berria». Kexu da: «Ez digute entzun ere egin»

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, foru aldundien ardurapean daude zahar etxeak, eta araudietan eta adinekoek jasotzen duten artan badira aldeak herrialdetik herrialdera; egoitzatik egoitzara ere bai sarri. Zaila da ematen den artaren erretratu orokor bat izatea. Jaurlaritzak oinarrizko irizpideak ematen ditu denentzat, ordea, eta dekretu honen bidez oinarri horiek birmoldatzea da asmoa.

Izurriaren ondorioz ikusitako hainbat gabezia kontuan hartuta ondu dute dekretuaren zirriborroa. Irizpide berriek «kalitatea eta hobekuntza iraunkorra» ardatz dutela esan dute dekretuan. Xedeen artean, honako hau ere bai: osasun sistemaren eta adinekoen egoitzetako osasun zerbitzuen arteko koordinazioa hobetu egin behar da. Alde horretatik, zaintza aringarriei ere erreparatu nahi diete.

Zaintza aringarriak

Egun, badira gabeziak. Apirilean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak zaintza aringarrien plan berria aurkeztu zuen, 2027ra arteko asmoekin. Propio jarri du administrazioak planeko xedeen artean zahar etxeekiko koordinazioa hobetzea. Zaintza aringarrien arloko Arinduz elkarteko profesionalek planaren aurkezpenaren harira esan zuten lan handia egin behar dela horretarako. Hainbat arazo jarri zituzten mahai gainean. Izan ere, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan osasun zerbitzuak eta gizarte zerbitzuak «bereizita» daude sarri; areago, «aparteko bi mundu dira», eta erreminta informatiko igualak ere ez dituzte. Zahar etxe pribatuetako egoera hizpide, defizitak ugariak direla esan zuten. Profesional «eskasia» ere, oro har, konpondu beharreko arazoa dela erantsi zuten, eta bereziki egoitza pribatuetan dela larria.

Horiek horrela, dekretuaren bidez, Jaurlaritzak plan bat ondu nahi du propio egoitzetan ere zaintza aringarrien arloan aurrera egiteko, eta trebatu egin nahi ditu profesionalak, egoera horietan arta ona emateko. Helburua da «bizitzaren amaieran» pertsonen «duintasuna eta eskubideak» bermatzea.

Heriotzako orduan ez ezik, egoitzako bizialdi osoan hartu beharko dira aintzat pertsona bakoitzaren nahiak eta desioak, eta horren araberako planak ondu beharko dira. Hobetu egin nahi dute egoiliarren senideekin harremanak izateko bidea ere. Gaur egun, senideen elkarteak kritikoak dira egoitzetan hitza izateko dituzten bideekin, eta isilaraziak sentitzen direla adierazi dute behin baino gehiagotan. Eta Monrealek argi salatu du alde horretatik ez datorrela berrikuntzarik dekretu horretan ere. Nora begiratua badagoela esan du, inguruetan badirelako esperientzia interesgarriak, baina ez zaiela jaramonik egin. «Beste erkidego zenbaitetan ari dira urratsak egiten, baina hemen ez».

Dekretuaren testuan, xedeen artean jarri dute egoiliarrak ez lotzea ere. Egun, adinekoak ez lotzeko konpromisoarekin ari dira hainbat zahar etxe, haiek geldirik egoteko bide fisiko eta kimikoak saihestera egiten dute toki askotan, baina egoitza denek era horretan jarduteko bermeak ezarri nahi dituzte araudi birmoldatuarekin. Salbuespen egoeratan bakarrik onartuko da egoiliarrak lotzea, medikuaren preskripziopean beti, eta egoiliarraren edota haren senitartekoen edo gertukoen onespenarekin.

24 orduko arta

Egoitzetan, arta zuzenak eguneko 24 orduetan bermatuta egon beharko du, Jaurlaritzak ondu duen dekretu zirriborroaren arabera. Gauean, arta asistentzial teknikoa emateko gaitutako langile bat bermatu beharko da 50 egoiliar arteko egoitzetan. 51-100 egoiliar artean dituztenetan, bi izango dira. 100-150 artekoetan, hiru. Hortik gorakoetan, lau.

Ratioen igoerari buruz Monrealek esan du beraiek zaintzaileen arta zuzenari erreparatzen diotela batez ere, eta horretan ez dutela ikusi igoerarik. Testua goitik behera begiratuta ere, aldaketa gutxi ikusi dituzte. «Berandu» datorrela uste dute, gainera.

Propio zirriborroan «gaueko arta» aipatzen dela onartu du, senitartekoen aspaldiko eskea dela, baina ezarri diren ratioak oso-oso apalak iruditzen zaizkio. «Zaintzaile bat 50 egoiliarreko? Hori zer da!»

Gainera, osasun artak beti aurrez aurrekoa izan behar duenik ez du bermatzen dekretuak; zenbait kasutan, zabalik uzten du gailu telematikoen bidezko arreta emateko atea. Zahar etxeetako egoiliarren familien beste eskeetako bat da osasun arta presentzial osoagoa bermatzea; izan ere, haien salaketetako bat da egun erizainen 24 orduko arta ez dela bermatzen egoitza askotan. Monrealen arabera, hori aldatzeko biderik ez da irekiko dekretu berriarekin: «Erizainik gabe egon daitezke».

Ebaluazio eta koordinazio batzorde bat ere eratu nahi da testu berriarekin, egin behar diren aldaketen gaineko jarraipena egiteko. Aurreko dekretua ez da indargabetuko; berrian egindako aldaketekin ordezkatuko da. Berri hau onartzeko prozesuan hainbat urrats falta dira oraindik. Behin dekretua onartuta, egoitzek sei urte izango dituzte ezarritako aldaketetara egokitzeko.

Eusko Jaurlaritzako eledun Bingen Zupiriak esan du foru aldundiekin elkarlanean osatu dutela testua.

ELA sindikatuaren balorazioa

Zahar etxeetako langileek urteotan askotan azaldu dute ezinegona ematen duten artaren kalitatearengatik. Lan baldintzak hobetzeko eskatzen ari dira, eta ratioetan ere aldaketak nahi dituzte, egoiliarrak ondo artatzeko egun aski asti ez dutela izaten argudiatuta. Jaurlaritzaren dekretuaren albistearen harira, ohar bat plazaratu du ELA sindikatuak. Oso kritikoak dira sindikatuko ordezkariak ere. Batetik, gaitzetsi egin dute «hedabideen» bidez jakin izana testuaren berri. Horiek horrela, zer dioen aztertzeko denbora behar dute sindikatuan, eta esan dute azterketa sakon baten ondorenean baloratuko dutela xeheki. Baina dekretua egiteko bidean sindikatuari galdera egin ez izana, esaterako, jokamolde kaskarra dela uste dute.

«Hedabideen» bidez jaso ahal izan dituen informazioaren arabera, ELAren iritziz, zahar etxeetako martxa arautzeko dekretu eraberritua «propagandarako titular bat» da beste ezeren gainetik. Babestu elkarteko ordezkarien iritzi bera dute: «Jasotzen diren gauza asko jada jasota daude dekretuaren egungo testuan». Proposatu diren aldaketak, halaber, «hobekuntza arkitektonikoetara» bideratuta daudela esan dute, eta horien bidez onura lortuko dutela, batez ere, «eraikuntza enpresek».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.