Zahar etxeetako lan baldintzak hobetzeko eskatu du Gipuzkoako Senideak taldeak

Elkarretaratzea egin dute Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean, eta “neurriak” eskatu dituzte “urte luzez” mahai gainean daraman arazo horretarako.

Senideak elkartearen elkarretaratzea, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean. JON URBE / FOKU
2020ko abuztuaren 4a
13:14
Entzun

Elkarretaratzea egin dute gaur goizean Gipuzkoako Senideak taldeak deituta. Zahar etxeetako lan baldintzei konponbidea jartzeko eskatu diote Gipuzkoako Foru Aldundiari. Hogei lagun bildu dira, eta ordu erdiko kontzentrazio zaratatsua egin dute.

Izaskun Zuartegi eta Xabier Pierrugues Gipuzkoako Senideak taldeko kideek BERRIAri adierazi diotenez, egoitzetan “oso langile gutxi” daude, eta ezinezkoa egiten zaie pertsonen “oinarrizko beharrak” betetzea: “Berez, irteera terapeutikoak egin beharko lituzkete, baina langile gutxirekin ezinezkoa da”. “Urte luzez” mahai gainean egon den gai bat dela salatu dute, eta Pierruguesek “behingoz arazoari aurre egiteko” eskaera egin dio aldundiari.

Hala ere, adierazi dutenez, ez da kexu egoteko duten motibo bakarra. Zahar etxeetako egoiliarren egoera oso lazgarria dela nabarmendu dute: “Gure senideak irten gabe daude; bisitak astean behin egin ditzakegu, eta hiru metroko distantzia mantendu une oro. Ezin gara ongi komunikatu”. Bi kideen iritziz, egungo egoeran, zahar etxeak “kartzela” baten modukoak dira.

Zuartegiren ustez, fisikoki eta psikologikoki eragiten die egoerak, eta “tristura handiz” bizitzen ari direla gehitu du. Pierruguesek neurriak “lasaitzea” eskatu du, egungo neurriekin “kalte handiak” sortzen ari direlako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.