«Zahar etxeetako kudeaketa eredua aldatzea» bultzatzeko, federazio bat sortu dute egoiliarren senideen elkarteek —Bizkaiko Babestu, Arabako Babestu eta Gipuzkoako Senideak— eta Irauli Zaintzak taldeak. Elkarretaratzea egin zuten atzo, Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzaren parean, federazioa aurkezteko eta egoitzei buruzko azterketa baten berri emateko. Besteak beste, pandemian zehar zahar etxeetan izandako «gardentasun eta informazio falta» salatu zuten.
Gaur egungo zaintza ereduak «ez du balio», federazioaren ustez. «Hiru herrialdeetan egoera larria zela ikusita, erabaki genuen elkarrekin lan eginda indar handiagoa izango genuela, parlamentura zein beste organo batzuetara jotzeko», azaldu du Bizkaiko Babestuko kide Iraide Urrizek. «Hainbat urte daramatzagu elkarrekin lanean, eta federazioa sortzea beste pauso bat da».
Eusko Jaurlaritzak eta aldundiek hainbatetan txalotu dute zahar etxeek azken hilabeteetan emandako zerbitzua; atzo bertan,adibidez, Bizkaiko Diputazioak jakinarazi zuen zahar etxeetan hiru arau hauste baino ez zituztela atzeman iazko ikuskaritzetan. Familiak ez datoz bat balorazio horiekin: «Ez dakigu zer eta non galdetu duten, baina haien inkestetako emaitzek diote senideok oso gustura gaudela kudeaketarekin, eta ez da hala». Gogora ekarri dute COVID-19aren izurriak agerian utzi dituela lehendik ere salatutako arazoak. «Pandemia eztanda eragilea izan da, baina kudeaketa aspalditik da eskasa. Ez dituzte pertsonak erdigunean jartzen; kudeaketaren interesa diruaren araberakoa da», deitoratu du Arabako Babestuko kide Marisa Diaz de Arkaiak.
Elkarteek inkestak egin dituzte hainbat egoitzatan: Arabako zahar etxeen ia %70etan, Gipuzkoako %55etan, eta Bizkaiko %65etan. Erakunde publikoek azaldutako balorazioekin alderatuta, bestelako emaitzak jaso dituzte: adinekoek jasotzen duten arreta «kalitate txarrekoa» dela ondorioztatu dute.
Era berean, salatu dute egoiliarren egoeraren inguruko informazioa eta komunikazioa «hutsaren hurrengoa» izan dela eta senideekin ez dela bilerarik egiten. Gainera, pandemiari aurre egiteko neurri murriztaileen ondorioz, bisitak egiteko edo egoiliarrekin pasieran ateratzeko oztopoak izaten dituzte, eta horretarako aukerarik izan dutenetan, denbora mugatua eduki dute edo ezin izan dute ordutegirik hautatu. Senideek ohartarazi dutenez, neurriok «narriadura fisiko eta kognitiboa» eragin diete erabiltzaileei. Egoiliarrek jada txertoak jaso dituztela eta, neurriok arintzeko eskatu du federazioak.
Erabaki ahal izateko
Zaintza lanen inguruko erabaki guneetan egon nahi du federazioak. Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun eta Gizarte Politiketako sailburuari adierazi dio Euskadiko Adinekoen Batzordean parte hartu nahi duela. Hain zuzen, gaitzetsi dute batzorde horren berri prentsaren bidez jaso zutela: «Ez gaituzue deitu komisio horretan parte hartzeko, senideak ordezkatzen dituztenak eta zaintzaileen alde lan egiten dugunak bagara ere». Aldiz, sektoreko enpresak presente izan dituztela salatu dute: «Ez dira ahaztu enpresa handiez, irabaziak lortzen ari direnez eta kalitatezko zerbitzurik ematen ez dutenez; agerraldietan haien ondoan agertzen dira. Zergatik ez duzue nahi gu foro horretako kide izatea? Zuen lana gaizki egin duzuela frogatzen duten datu asko dauzkagulako?».
Koronabirusa
Zahar etxeetako «gardentasun falta» salatu dute senideen taldeek
Federazio bat sortu dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako elkarteek eta Irauli Zaintzak taldeak. Erabakiguneetan izan nahi dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu