Bazterrak nahastu ditu Zadorra ibaiak Barrundian (Araba) eta Zuhatzu Donemiliagan (Araba) duen itxurak. Ekologistak Martxan eta Zadorra Bizirik elkarte ekologistek atzo salatu zuten ibaian isuriak egon direla bi herri horietan: Barrundian, ura berde fosforeszente zegoen igandean, salatu dutenez, eta Zuhatzu Donemiliagan, urak kolore zurixka izan du azken asteetan. Salaketa jarri dute Uraren Euskal Agentzian, nahiz eta oraindik ez duten fiskaltzara jo, ez baitute garbi urak zergatik hartu zituen kolore horiek, eta ikerketa bat egiteko eskatu diote.
Bada, atzo salaketa hori egin ostean, nekazarien eta abeltzainen UAGA sindikatuak Uraren Euskal Agentziari eskatu dio gertakarien inguruko informazioa emateko, eta azaldu dute ibaiaren kolorea ez dela isurien ondorio, alga zelulabakarren ugalketaren ondorio baizik. Agentziak UAGAri emandako azalpenen arabera, ibaiaren emaria apaltzeak leku batzuetan ura gelditzea ekarri du, eta horri beroa eta eguzkia batuta, alga zelulabakarrak ugaldu egin dira. Nabarmendu dute bertako alga espezieak direla, eta ugaltze hori naturala dela.
Horiek hala, UAGAk Ekologistak Martxan eta Zadorra Bizirik elkarteak salatu ditu, atzo egindako adierazpen horiengatik. Izan ere, UAGAk ohar bidez esan du elkarte ekologista horietako bozeramaile batek iradoki zuela bazitekeela isuriak abeltzaintza haztegi batetik etortzea. «UAGAk ez du ulertzen elkarte ekologista horrek nola egin ditzakeen halako adierazpen gogorrak aurrez gertakariak baieztatu gabe. Abeltzainen sektorea nazkatuta dago ikusita frogarik gabe halako gertakarien erruduntzat jotzen dutela», azaldu dute.