Zabortegiko hainbat gai kutsagarri eta toxiko heldu dira erreketara

Disolbatzaile organikoak, hidrokarburoak, kadmioa, nikela eta selenioa atzeman ditu Ingurumen Sailaren Ura Agentziak Aixola eta Ego erreketan. Azken horretan uren saneamendua bukatu gabe dagoela eta beraz amonio maila altuagoak agertzea horrek eragin dezakeela adierazi du.

Ego ibaia, Ermua eta Eibar artean. TXO
2020ko otsailaren 17a
09:29
Entzun

Zaldibarren amilduriko zabortegiaren inguruko uren egoeraren txostena plazaratu berri du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak, eta, ondorioztatu dutenez, hainbat gai kutsagarri eta toxiko heldu dira erreketara, besteak beste Ego ibaira. Mallabia, Zaldibar eta Ermua (Bizkaia) zeharkatzen ditu Egok, Eibar (Gipuzkoa) igarotzen du gero, eta hango Maltzaga auzoan egiten du bat Deba ibaiarekin, Elgoibartik pasatuta Deban itsasoratzeko.

Ingurumen Sailak esan duenez, astebetez ibili dira ur laginak hartzen, zazpi tokitan. Zaldibarko Zabortegiko lixibiatuak Aixola errekara eta Ego ibaira heldu direla ondorioztatu dute. Amonioa, etilbentzenoa, bentzenoa, toluenoa eta xilenoa topatu dituzte. Bentzenoak, toluenoak eta xilenoak kalte egiten diete animalien eta gizakien nerbio sistema zentralari. Txostenean idatzi dutenez, gaion kontzentrazioak «ez du esanguratsua ematen».

Txostenean adierazi dutenez, «kontrolen hasieratik atzeman da lixibiatuen emaria handitu dela». Une honetan erreketara heltzen den emari kutsatu hori segundoko hiru litrokoa dela kalkulatu dute. Txostenean adierazi dute «ez direla ingurumen kalitatearen arauen mugak gainditu azterturiko inongo parametrotan», kenduta Aixola errekan (zabortegitik beherago) eta Ego ibaian (Ermua eta Eibar artean).

Aldiz, amonioaren neurketak bai daude onargarriak diren mailen gainetik. Horrez gain, kadmioa, nikela eta selenioa topatu dituzte. Hirurak izan daitezke oso toxikoak animalientzat zein gizakientzat. Ez dute uretan HCH (lindanoa) arrastorik aurkitu. Otsailaren 11 arte (joan den asteartea— hartutako laginei egindako azterketen emaitzak dira gaur aurkeztu dituztenak.

Ura Agentziak erantzun du etxeko hondakin urak tratatu barik isurtzen badira ibaietan amonioa agertzen dela. Zehaztu du Ego ibaiaren arroan uren saneamendua bukatu gabe dagoela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.