Zaldibarko luizia

Zabortegiaren alboko baserriko lurretan jarriko dute hondakin arriskutsuen ziega

Jaurlaritzak abian jarri du behin-behineko desjabetze prozesua, eta litekeena da hondakin horiek bertan geratzea. Eitzagan bide berriak egiten ari dira, ziegara iritsi eta erreskate lanak luiziaren beste aldetik bideratu ahal izateko

Imanol Magro Eizmendi.
2020ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak Verter Recyclingen zabortegiaren alboan dagoen baserrien lurretan eraikiko du hondakin arriskutsuentzako ziega. Dagoeneko hasiak dira lanekin, eta, horretarako, lurren behin-behineko desjabetzea egin dute. Desjabetzea behin-behinekoa da, baina BERRIAk jakin ahal izan duenez, litekeena da hondakin horiek bertan gelditzea. Ingurumen legeek gertutasuna lehenesten dute halako kasuetan, eta lur horiek dira zabortegitik gertuen daudenak. Hara iristea, baina, ez da erraza, eta horretarako pistak eraikitzen hasi dira, etamateriala hara eramateko modu bakarra Eitzaga Zaldibarko (Bizkaia) auzoan barrena da. Hangobizilagunek jakinarazi dutenez, iragan ostegunaz geroztik kamioi eta makina astunen joan-etorria etengabekoa da.

Eusko Jaurlaritzak otsailaren 22an jakinarazi zuen luiziko «hondakin arriskutsuak» hartzeko ziega bat eraikitzeko asmoa. Elena Moreno Ingurumen sailburuordea izan zen horreladeskribatu zituena, «modu prebentiboan», eta biltegia «oso gertu» izango zela aurreratu zuen. 100.000 tona lur inguru sartu nahi dituztela azaldu zuen, eta ordura arte AP-8 autobidearen alboan pilatzen zituztela. Aurrerantzean, baina, Etxeberri baserriko sendietako baten lurretara eramango dituzte hondakin horiek, baita zabortegitik ateratakoak ere. Ingurumen legeek lur kutsatuen garraioa ahalik eta laburrena eta ingumenean ahalik eta eragin txikiena izatea ezartzen dute, eta baserriaren lurrek muga egiten dute Verterrenekin.

Ziega mendian zulaturiko eta espresuki prestaturiko biltegi bat da. Behar bezala prestatu eta isolatzen da, lur horiek hartu ahal izateko. Desjabetze agindua behin-behinekoa da, Ingurumen Sailak larrialdi egoeretan horrelako tramitazioak egiteko eskubidea duelako. Desjabetze prozesu arrunta baino arinagoa da, baina zaila dirudi behin biltegi hori beteta gero berriz hustu eta beste norabait eramateko prozesua hastea. Beraz, eta kontsultaturiko iturrien arabera, litekeena da lur horietan gelditzea. Horretarako, behin lanak bukatuta, zigilatu egin beharko dute. Oso metro gutxitan hiru hondakindegi elkartuko lirateke, Verterrekoaz gain 1980ko hamarkadan zigilaturiko beste bat baitago inguruan.

Ziega berri horretara iristea, baina, ez da erraza, eta egungo bideak ez dira aproposenak. Horretarako, ziegaren lanekin batera Jaurlaritzak pista berriak egingo ditu. Bide horiek, halaber, asko erraztuko dituzte zabortegi inguruko beste lanak. Bide berriekin, luiziaren eskuinaldera errazago iritsi ahal izango dira, eta handiklurrak atera, luiziaren alboak finkatu, bilaketa lanak bizkortu, eta sor daitezkeen suteak errazago itzali. Orain arte, lan gehienak luiziaren ezkerreko aldetik egin dituzte, Ibur Errekako industri aldean gora, zabortegiko sarrera nagusitik, eta, orain, bide berri bat egin ahal izango dute.

Ibilgailu astun asko

Ziega eta pistak eraikitzea lan handia da, material eta kamioi asko mugitzea eskatzen duena: lurrak atera behar dira, harriak igo, porlana... Are gehiago, presaka egiten badira, eta Eitzaga auzoko biztanleak dira joan etorri horren kaltea nozitzen ari direnak. Jaurlaritzak bilerak egin ditu bizilagunekin egitasmoaren nondik norakoak azaltzeko, eta aste honetan berriz elkartuko dira. Azalpen orokorragoa ematea ere espero da aurki. Hondamendi osteko lehen asteetan jarraipen eta koordinazio batzorde teknikoak egunero ematen zituen prentsaurrekoak, baina orain agerpen publikoen erritmoa apaldu dute.

Ziegaren eremura iristeko bide bakarra Eitzagakoa, eta bertako biztanleak kexu dira kamioi joan-etorriarekin. Atzo ordu bakarrean hamalau zenbatu zituzten, eta joan den ostegunetik ari dira erritmo horretan. Eitzagan 30 biztanle dira, eta haiek izan zirengehien kaltetuak luiziarekin. Joan-etorrian kamioiek auzoa gurutzatzen dute, baina aurretik Sallabenteko Ermuko (Bizkaia) eskola aurretik pasatzen dira.

Eitzagatarren ardura logikoa da, tokiko bizilagunek askotan jasan behar izan baitute kamioien joan-etorria. Zabortegia ireki berritan Verterrera igotzen ziren kamioiak bertatik ez pasatzea lortu zuten, eta hurrengo urteetan zabortegiko jabeek emaniko hitza bete zuten. Ondoren, baina, beste herri lan handi batzuk egin zituzten inguruan, Ermuko saihesbidea eta Euskotrenen trenbideko desbideraketa, besteak beste, eta hara joaten ziren kamioiak Eitzagatik igarotzen ziren. Bizilagunek protesta ekintzak egin zituzten joan-etorri hori salatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.