2020ko otsailaren 6an, 16:00ak aldera behera erori zen Zaldibarko Verter Recycling 2002 SMren zabortegia. Euskal Herria ezustean harrapatu zuen ingurumen hondamendiak. Baita han lanean ari ziren langile gehienak ere. Enpresaren jabeek, baina, jasoa zuten ohartarazpena teknikarien bidez, zabortegia amildu zen egunean bertan azkena: hots, zabortegiaren ontzia puska zitekeela. Kamioien joan-etorria geratzeko zailtasunak jarri zituzten aitzakia gisa zabortegiko arduradunek haren jarduera ez eteteko. Jose Ignacio Barinaga Verterren jabeak dikea indartzeko asmoa azaldu zuen, lur mugimenduei eusteko. Langileak ez zituzten egoeraz abisatu. Otsailaren 7an bilera tekniko bat egitekotan geratu ziren teknikariak eta enpresako arduradunak, baina topaketa hura ez zen inoiz egin. Milaka tona hondakin jausi ziren, eta haiekin batera, Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran harrapatuta geratu ziren. Beltranen gorpua ez dute oraindik aurkitu. Honela kateatu ziren gertakariak, Ertzaintzak lekukoen bidez jasotako informazioaren eta BERRIAk eskuratutako ikerketa baten arabera. Txosten hori Durangoko Epaitegiaren esku dago.
Otsailak 3, astelehena
LEHEN OHARTARAZPENA
Gertaeren abiadura eta teknikarien joan-etorria handia izan zen Zaldibarko zabortegia amildu zen astean. Otsailaren 3an, astelehenean, Joaquin Beltranek jabeei ohartarazi zien arrakalak zeudela zabortegian, eta kezka azaldu zuen haiengatik bertan lanean ari ziren beharginen aurrean. Juan Etxeberria Verterreko kudeatzaileak Lurtek enpresari deitu zion, ikuskapen bat egiteko, baina enpresako teknikaririk ez zen etorri, eta Verterrek langileei ez zien ezer esan arriskuaz.
Otsailak 4, asteartea
20 ZENTIMETROKO KOSKA
Verterrek Geyser HPCri eskatu zion aztertzeko zabortegiko lur mugimenduak, eta orduan joan ziren enpresa horretako teknikariak bertara. Arrakalak zeudela berresteaz gain, 20 zentimetroko koska bat ere bazegoela azaldu zuten. Egoerak «kezka» eragin zien ikerlariei eta Joaquin Beltran eta Juan Etxeberriari. Azken horrek ikerketa bat egiteko eskatu zion beste enpresa bati, IT Topografiari,zabortegiaren beheko aldean zehazki, han topatu baitzituzten arrakalarik handienak eta 20 zentimetroko koska. Kezka eragin arren, langileei ez zieten ezer esan, eta zabortegiak ohiko martxan segitu zuen lanean.
Otsailak 5, asteazkena
«ERABAT EZOHIKO EGOERA»
Goizean, Geyser HPC enpresako teknikariek berriz aztertu zuten zabortegia, eta bezperan topatutako arrakalak atzeman zituzten berriro, baita goraka egindako 20 zentimetroko koska ere. Ezpondaren beheko aldeak gora egin zuelako zantzuak topatu zituzten. Halaber, arrakalak ikusi zituzten zabortegiaren ontzian, denak ere zaborraren eta lurraren arteko eremuan. Goiz berean azaldu ziren beste enpresa bateko teknikariak ere, IT Topografiakoak. Haiek egindako lehen behaketaren arabera, ondorioztatu zuten zaborraren masak 10 zentimetro egin zuela gora, eta horizontalki ari zela mugitzen, beherantz. Jose Ignacio Barinaga eta Arrate Bilbao ere —enpresaburua eta haren iloba kudeatzailea— zabortegira joan ziren. Kezka giro orokorra bazen ere, egun hartan ere inork ez zien langileei esan arriskuan egon zitezkeela, eta zabortegiaren jarduerarekin segitu zuen. Egun hartako 20:00etan, IT Topografiako teknikariek mezu elektroniko bat bidali zieten zabortegiko kudeatzaileei, esanez zabortegiaren aurrealdearen puntu guztietan topatu zituztela lur desplazamenduak, 20-30 zentimetrokoak, ezpondaren gehieneko maldaren norabidean, eta 5-10 zentimetroko altueran. Ertzaintzaren txostenaren arabera, teknikariek ohartarazi zioten enpresari «erabat ezohiko egoera» zela eta antzeko mugimendurik ez zutela atzeman zabortegia ustiatzen hasi zirenetik.
Otsailak 6, osteguna
«DIKEA INDARTUTA, EUTSI»
Zerbait mugitzen ari zen Zaldibarren, eta ez Verterren zabortegiko lurra bakarrik. Teknikarien bisitak eta kezkatzeko arrazoiak handituz zihoazen, orduek aurrera egin ahala. Geyser HPCko topografoek zabortegian hartutako datuak aztertu zituzten, eta enpresako nagusiari ohartarazi zioten egoeraz. IT Topografiako teknikariak Verterreko kudeatzaileari deitu zion, datuen garrantzia ikusita. Geyser HPCkoak goizean mezu elektroniko bat bidali zion enpresako arduradunari, esanez zabortegiaren aurrealdean atzemandako desplazamendua ez zela batere normala: «Oraintxe ezin dugu inongo jokalekurik baztertu. Hain epe laburrean gertatutako mugimendu horren tamaina ikusita, I ezponda zulatzeko lanak oraintxe bertan geratzea aholkatzen dugu, eta ez botatzea zabor gehiago zabortegiaren aurrealdean, dauden baino tentsio gehiago ez sortzeko».
Geyser HPCko buruak ere bilera bat egiteko eskatu zien Verter Recycling 2002 SMko arduradunei. Ertzaintzak jaso duenez, enpresa horretako teknikari batek Jose Ignacio Barinagari berari azaldu zion kezka gerta zitekeenarengatik. Haren erantzuna hau izan zen, Ertzaintzak jaso duenez: «Dikea indartu edo handitu, eta horrela eutsiko diogu zaborren masari». Ikerketa txostenaren arabera, zabortegiko arduradun nagusiak ez zuen kezkarik erakutsi egoeragatik.
Alabaina, ordurako teknikariek zerabiltzaten hipotesietako bat zen zabortegiaren ontzia puskatzea, eta hondakin jausi bat gertatzea. Ordu haietan, zabortegiaren jarduera geratzeko konbentzitzen saiatzen ari ziren teknikariak enpresako arduradunak. Eskaera horiei ezetz erantzun zien enpresak, esanez «zaila» zitzaiela kamioien joan-etorria geratzea, eta planteatzen ari zirela Jaurlaritzari egoeraren berri ematea. Teknikariek Joaquin Beltrani ere ohartarazi zioten esku artean zerabilten hipotesietako bat zela zabortegia haustea eta hondakinen masa handiena jaustea.
Ordurako, Beltranek kamioiak husten ari ziren lankide batzuei ohartarazi zien zabortegiaren aurrealdean ez botatzeko hondakin gehiago, eta handik ateratzeko. Zeregin horietan harrapatu zuen, nonbait, zabor jasak, telefonoa eskuan. Bitartean,alde guztiek —teknikariek eta enpresako arduradunek— adostu zuten hurrengo egunean bilera bat egitea egoera aztertzeko. Berandu, luizia lehenago gertatu baitzen.
Zabortegia erori egin zitekeela ohartarazi zioten Verterri luiziaren astean
Erori zen astean, teknikariek egunero aztertu zuten hondakindegia. Egoera ohikoa ez zela eta, jarduera eteteko eskatu zuten. Verterrek uko egin zion eskariari, eta ez zien abisurik eman langileei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu