Hondakinei irtenbide bat eman behar zaiela, eta hori ere ozta-ozta. Ados jartzeko puntu komunik apenas topatu zuten ordezkari politikoek, Martin Ugalde Foroak hondakinen inguruan antolatutako mahai inguruan. Errauste plantaren beharraz, atez ateko bilketa sistemaren egokitasunaz eta hondakinak kudeatzeko eskumenaz ere eztabaidatu zuten Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen diputatu Juan Karlos Alduntzinek, PSE-EEko Ingurumen arduradun eta Donostiako zinegotzi Denis Itxasok eta EAJko legebiltzarkide Maria Eugenia Arrizabalagak.
Txiki ez, oso txiki geratu zen aretoa, agudo bete baitzuten mahai ingurura bildu ziren herritarrek. Hondakinen kudeaketaren inguruko eztabaidak pizten duen interesaren seinale. BERRIA kazetako zuzendariorde Iñaki Petxarromanek zuzenduta, 19:10ean hasi ziren hizketan, ezarritako ordua baino hamar minutu geroago. Bare-bare hasi ziren hirurak, baina, amaierarako, ozen hitz egiten bukatu zuten politikariek nahiz hitza hartu zuten herritarrek.
Itxasok eta Arrizabalagak bat egin zuten arazoaren diagnosian, eta Bildu jo zuten gatazkaren erruduntzat. Haien ustez, Gipuzkoako alderdi politiko gehienek adostutakoa «zapuztu» nahi du egungo diputazioak. «Hamarkadak eman ditugu eztabaidan zabor kudeaketaren inguruan Gipuzkoan. Zaila izan den arren, lortu genuen adostasun zabal bat orain dela bi legealdi», esan zuen Itxasok. Honela azaldu zuen Arrizabalagak: «Guk aldundian ardurak izan ditugunean, ikusi dugu zaborra arazo galanta dela eta horri aurre egin behar zaiola. Planifikazioa lantzen eta analisiak egiten hasi ginen, eta aukera guztien artean hautatu genuen Gipuzkoarentzat egokiena zena». Erabakiak hartzeko zilegitasuna defendatu zuen, aurrena, Alduntzinek: «Bildu herritarren bozek jarri zuten diputazioan, eta, beraz, zerbait egin nahi badugu, adostasuna bilatu, landu eta aurkitu egin beharko dugu».
Europako Batasunaren adierazpenak sarritan izan zituzten hizpide. Alduntzin: «Eredu horrek hondakinak zabor gisa tratatu ditu, baina Europatik argi esan dute hori bukatu behar dela. Egungo plangintza atzerakoia da, eta zaharkituta dago». Arrizabalagak kontinenteko hainbat herrialde jarri zituen adibide, egungo eredua defendatzeko: «Europan dauden estatu aurreratuenetan aplikatzen den eredua da Gipuzkoan egun indarrean dagoena».
Zubietako errauste plantaren aldeko eta aurkako argudioak eman zituzten hirurek. «30.000 etxerentzat argindarra sortuko du Zubietak, eta energia subiranotasunean ere eragina izango du», azaldu zuen Arrizabalagak. Itxasok, gaineratu: «Errauste plantak baditu zabortegietara eraman behar diren zaborrak, errautsak eta eskoriak, baina askoz kopuru txikiagoan». Alduntzinek, berriz, ihardetsi: «Elikadura behar du errauste plantak, bestela ez da 30.000 etxebizitzatarako energia ateratzen».
Beste lurralde batzuetaz ere jardun zuten. Zabalgarbin bigarren errakusketa lerroa egingo ez dutela eta, Arrizabalagak adierazi zuen krisiaren eraginez ez dutela egingo bigarren lerro hori, eta erantsi zuen «gezurra» dela errauste plantak osasunarentzat kaltegarriak direnik. Nafarroako Gobernuak alde batera utzi du errauste planta bat egiteko asmoa, baina Gipuzkoako egoera Nafarroakoarekin ez alderatzeko eskatu zuen Itxasok: «Nafarroan erraz erabaki dezakete errauste planta bat ez egitea, lekua badutelako zabortegi gehiago egiteko».
Atez atekoa
Errauste plantatik gaikako bilketaren inguruko eztabaidara egin zuten jauzi. Itxasok auzitan jarri zuen hondakinak atez ate biltzearekin hainbat udalek lortu nahi duten birziklatze tasa: «Ez zaigu sinesgarria iruditzen egun batetik bestera tasa horiek egundoko gorakada izatea». Usurbilgo, Hernaniko, Antzuolako eta Oiartzungo adibideak jarri zizkion Alduntzinek: «Bilketa sistema aldatze hutsarekin tasa bikoiztu duten lau herri daude. Ez da majia, datuak dira». Arrizabalagak, berriz, mugak ezarri zizkion atez ateko sistemaren eraginkortasunari: «Munduko asmakizunik onenak eginda ere, zaborraren heren bat ez da birziklagarria, ez erabilgarria, ez konpostagarria. Irtenbide bakarra du, logikoa: balorizatzea».
Itxasok adierazi zuenez, Hernanin igo egin da birziklatze tasa, baina baita kalean jasotako zaborra ere. Gainera, atez atekoa «zikina, garestia eta deserosoa» dela gehitu zuen. «Horrela bada, ez dakit nola ez diren oldartu Gipuzkoako lau herriak eta Europan sistema horrekin ari direnak», erantzun zion Alduntzinek.
Ekainean amaituko da EAJk eta Bilduk gaiaz gogoetatzeko elkarri emandako epea. Joseba Egibar Gipuzko Buru Batzarreko presidentearen hitzak bere egin zituen Arrizabalagak, eta iragarri zuen «talka» egingo dutela Bildurekin.
Jarrera horren aurka azaldu zen Alduntzin, eta arazoa «guztien artean» konpontzeko ahaleginak egiteko eskatu zuen: «Ariketa bat egin behar dugu ados jartzeko». Orobat, atez atekoa defendatu zuen, «kontzientzia» sortzen duelako herritarrengan: «Ondo egiten duen batek ez dio uzten beste bati gaizki egiten». Bosgarren edukiontzia ezarrita bost urtean birziklatze tasa puntu eta erdi baino ez dela igo oroitarazi zuen Alduntzinek.
Mahai inguruaren bideoa helbide honetan ikusgai: www.berria.info
Zaborraren mataza ezin askatu
Errauste plantaren beharraz eta hondakinak atez ate biltzeko ereduaz eztabaidatu zuten Alduntzinek, Itxasok eta Arrizabalagak Martin Ugalde Foroan. Adostasunetik oso hurrun daudela irudikatu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu