David Campion. Iruñerriko Mankomunitateko lehendakaria

«Zaborrarekin egiten dena ilegala da, arazo horri heldu behar zaio»

Lehen aldiz, 500 biztanleko kontzeju bateko alkateak zuzenduko du Iruñerriko Mankomunitatea. Hondakinen tratamenduan azken lau urteetako lan ildoarekin jarraitzeko asmoa adierazi du Campionek.

joxerra senar
Iruñea
2019ko urriaren 6a
00:00
Entzun
125 milioi eurorekin, Nafarroako aurrekonturik handienetan hirugarrena du Iruñerriko Mankomunitateak, eta 350.000 biztanle ingururi ur hornidura, zaborren bilketa edo hiri garraioa eskaintzen dizkie. Irailaren 28an ikusmin handia piztu zuen mankomunitateko presidentea hautatzeko batzarrak. Goiz hartan, EH Bilduk Aritz Aiesaren hautagaitza erretiratu ostean, arratsaldeko batzarrean urrats bat aurrera egin zuen David Campion Ollarango alkateak (Iruñea, 1969). Navarra Sumak garaipena ziurtatua ikusten zuen, PSNk bere hautagaia babestuko zuelakoan; bigarren bozketan, ordea, PSNk iritzia aldatu zuen, eta EH Bilduko, Geroa Baiko eta bost hautagai independenteren botoak gehituta, Campion lehendakari izendatu zuten.

Izendatua izan ostean, «historikotzat» jo zenuen kontzeju txiki bateko alkateak mankomunitateko gidaritza hartzea. Lurralde desorekaren arazoa pil-pilean dago Nafarroan. Iruñerrian bertan ere nabari da desoreka hori?

Bai, hamar biztanletik behera izanez gero, jada jendegabeko eremu kontsideratzen da. Iruñerrian bertan, adibidez, Goñiko bailaran kilometro koadroko hiru biztanle daude. Arrazoietako bat zerbitzu falta da, eta mankomunitatea zerbitzu hornitzaile den heinean zerbait egin dezake. Ez ditu eskumen guztiak, baina horniduren eta garraioaren atalean bai. Hiriburura edo beste herrietara joateko autobusik ez izateak, adibidez, bere eragina du. Bakarrik taxian joan daiteke eta dirutza ordainduta. Arazo bat da.

«EH Bilduren B plana» izan zara, Navarra Sumak batzarraren ostean kritikatu zuen moduan?

Ez. Ordezkari independente moduan bina bilera izan genituen Navarra Sumarekin eta EH Bildurekin, eta beren asmoak azaldu zizkiguten. Gure ideia ez zen EH Bildu babestea, haren programa baizik. Zaborren tratamenduari buruzko Navarra Sumaren proposamena ez genuen gustuko, orain arte egindakoa geldiarazi eta lau urte atzera egiten zuelako. Jarraitzeko asmoa agertu izan balute, botoa ematea aztertuko genukeen, benetan.

Ondorio politikoak tarteko, ikusmin handia piztu zuen batzarrak. Deseroso zeunden?

Ez nago ohituta kontu mediatikoetara, baina eroso ikusi dut neure burua. Niri EH Bildukoa naizela leporatzea... Tira, ez naiz EH Bildukoa, baina ez zait ere baztertu beharreko aukera politikoa iruditzen. Nahiago izan dut, hori bai, biharamuneko egunkariei ez erreparatzea, eta, hortik aurrera,nabari da olatuaren aparra jaitsi dela. Independenteak gara benetan, eta batzuetan alderdi politikoei kostatu egiten zaie ulertzea alderdi bateko militante ez den jendea izatea.

Egiazki independentea ez zarela egotzi dizu eskuinak.

Independente izateak ez du esan nahi... Ez naiz igel bat, ideologia politikoa dut, ezkerrekoa naiz, baina ez naiz inoiz alderdi bati lotua izan.

Ekologian doktore zara, eta, lehendakari gisa, zure lehen hitzetan garrantzi berezia eman diozu ingurumenari. Zer egin daiteke mankomunitatetik?

Jende askori ematen dio zerbitzua eta ezinbestean kliman eragin kaltegarria du. Nafarroako enpresarik handienetakoa da, 500 langile inguru ditu, hondakinak eta garraioa kudeatzen ditu, eta jarduerok eragina dute ingurumenean. Aurreko urteetatik badago lan ildo bat CO2 isuriak murrizteko, eta, halaber, CO2 hartzeko jarduera proaktiboak bultzatzeko. Adibidez, estatuan basoberritzeko proiektuak sustatzen ditu, baina orain ikusi nahi dugu hori bera egin daitekeen Iruñerrian.

Lau urteotan Aritz Aiesa izan da presidentea eta zu batzarreko kide izan zara. Zer balantze egiten duzu?

Mankomunitatea enpresa nahiko modernoa da. Mundu guztiak nabari du garraioa, ur hornidura edo ibaien egoera hobetzen doala... Baina aspalditik harri koskor bat du oinean: zaborren tratamendua. Ingurumenean eragiteaz gain, legea ez da betetzen, eta horregatik Nafarroako Gobernuak isun zorrotzak ezartzen dizkio. Azkenean,herritarrek ordaintzen dute. Zaborrarekin egiten dena ilegala da eta arazo horri heldu behar zaio. Azken lau urteetan lan garrantzitsua egin da eta hondakinen tratamendurako zentro baten proiektua abian da. Inork ez du nahi etxe ondoan izan, baina zerbait egin behar da.

Gongorako zabortegiak, gainera, epemuga bat du.

Bai. Arangurengo udalarekin hitzarmen bat dago eta 2022rako itxita egon behar du.

Alternatiba gisa Imarkoaingo tratamendu zentroaren proiektua abian da. Denbora emango al du, tartean proiektuaren aurkako salaketak daudela jakinik?

Epe barruan gaude. Erabat zilegiak diren helegiteak jarri dituzte norbanakoek, tokiko udalek eta Sustrai fundazioak. Ikusiko dugu zer irtenbide duten. Etxean baikor dira. Inork ez du nahi halako zentrorik izatea, baina zerbait egin behar dugu. Arduraz jokatu behar dugu, eta Iruñerriak barneratu behar du, trantsizio epea gaindituta, hemen sortzen dena hemen tratatu behar dela. Navarra Sumako Juanjo Etxeberriarekin bildu ginenean esan zigun Imarkoaingo zentroa eraikitzeko proiektua geldiaraziko zutela. Iradoki zigun zaborra Tuterako Culebrete zabortegira eramatea.

Hiri garraioan, flota berritu da, eta egun ibilgailu hibrido eta elektrikoak badira. Mugikortasun iraunkorraren plan bat onartu da. Zer egiteko asmoa duzue?

Bai autobusen bai zaborrak biltzeko kamioien modernizazioa burutuko dugu, nahi eta nahi ez. Logikaz, joera da argindar bidezko ibilgailuak izatea. Etorkizuneko beste aukera bat da ere Imarkoaingo plantan sortzen den gasak kamioiak elikatzea; gau osoan birkarga ditzake ibilgailuak.

Iragan legealdi amaieran parlamentuak udal maparen legea onartu zuen, baina haren garapena geldirik dago. Nola eragingo dio mankomunitateari?

Albisteen arabera, gogoeta prozesu batean sartu da legea. Bere garaian, babestu nuen. Ez da lege borobila baina aurretik aurkeztu ziren besteekin alderatuta, erreforma nahiko arrazoizkoa dela. Independente gisa, badira gustoko ez ditugun gauzak, pisu handia ematen baitzaie alderdiei, baina bi urteok balio badute legea hobetzeko, ondo legoke. Mankomunitateari ez dio asko eragingo; egungo baliabide guztiak eskualde berean sartuko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.