Zabor poltsak eta errotak, ondoan eta urrun

Tolosaldea Txukun taldeak deituta, atez atekoaren aurkako manifestazioa egin zuten atzo Tolosan (Gipuzkoa). Eskualde horretako Zero Zabor taldeek, berriz, elkarretaratzea egin zuten, hondakinak biltzeko modu horren alde egin duten alkateei babesa azaltzeko.

Tolosaldea Txukun taldeak deitutako manifestazioa. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI  PRESS.
ainara arratibel gascon
Villabona
2013ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Villabonako (Gipuzkoa) kale nagusiko etxebizitza bat. Balkoi batean, Zero Zabor mugimenduak ikurtzat hartu duen haize errota koloretsua. Ondokoan, aldiz, atez atekoaren aurka dauden plataformek ikurtzat daukaten zabor poltsa urdina. Irudi hori, balkoietan ez ezik kaleetan ere ikusi zen atzo Villabonan. Gertu bezain urrun. Bakoitza bere modura birziklatzearen alde konpromisoa dutela erakutsiz. Baina hori lortzeko eredu diferenteak dituztela berretsiz. Ordizian ere izan zen elkarretaratzea atez atekoaren aurkako plataformak deituta.

Zizurkil, Villabona eta Amasako Zero Zabor taldeek deituta, elkarretaratzea egin zuten Txistulari plazan. Biltzen aurrenak izan ziren. Errauste plantarik ez dutela nahi azaldu zuten, eta eskualdeko hainbat udalek atez ateko sistema ezartzeko egindako apustua babestu zuten. «Atez atekoaren inguruan eztabaida daiteke. Gu prest gaude hitz egiteko. Baina sortu duten eztabaida okerra izan da. Politizatu egin nahi izan dute gaia, interes batzuen mesedetan. Errauste planta bat eraiki nahi dute, eta presio talde askoren interesak daude horren atzean», esan zuen Esti Amenabarrok, hiru taldeen izenean.

EAJren jarrera kritikatu zuen: «Eskualdean ezker abertzalearen kontra egiteko erabiltzen ari da gaia. Ez da bidezkoa. Hauteskundeetan gauza bat bozkatu zen, eta orain utzi egin behar zaie alkateei beren programa aurrera eramaten. Frogatua dago atez atekoa dela sistemarik onena».

Tolosaldea Txukun plataformak deituta, berriz, manifestazioa egin zuten. Atez atekoa jartzeko asmo horretan atzera egiteko eskatu zieten alkateei. «Gure apustua argia da bosgarren edukiontziaren alde. Herritarren hitza entzuteko eskatzen diegu eskualdeko alkateei, eta atzera egiteko. Ausartak izan behar dute. Ezin dituzte beren herritarrak bigarren mailakotzat hartu», esan zuen Patxi Amantegik, atez atekoren aurkako plataformen koordinakundeko bozeramaileak. Tolosaldeko bost herritan atez atekoa ezartzekoak dira laster.

Gainontzean, orain arteko bideari eutsiko diote: «Atzera egiten ez badute, ez dugu baztertzen hemen ere herri galdeketara deitzea. Ez da zentzuzkoa Donostian, Azpeitian, Ormaiztegin edo Zumaian eredu bat baliagarria izatea, eta hemen ez». Elkarrizketarako prest azaldu zen Amantegi. «Guk hitz egiteko borondatea dugu. Uste dugu ez dagoela horrenbesteko aldea. Baina adostu dezagun herritar gehienak pozik utziko dituen sistema bat. Denak gaude birziklatzearen alde».

Txistulari plazaren ingurutik pasatzean, alboan zituzten atez atekoaren aurkakoak. Ke poteen eta ahoan jarritako masken bidez azaldu zuten errauste plantaren aurkako jarrera. Zeharka begiratu zieten elkarri. Balkoietan ondoan daude haize errotak eta poltsak. Kaleetan, ordea, urrun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.