Hondakin elektronikoak bizibide bihurtuta daude Agbogbloshien (Ghana). Bizibide makurra, auzotarren osasuna etengabe kaltetzen ari dena, baina telebista eta hozkailu hondatuak txikitzetik ateratzen dute bizigaia Akkrako auzuneko biztanle gehienek.
Ordenagailu pantailak goikoz behera jarri, eta horietan eserita lan egiten dute gizon gazte taldeek. Esku batekin zizelari eusten diote, eta bestearekin gogor eragiten diote mailuari, telebista, bideo edo hozkailua ahalik eta gehien xehatzeko. Burdina, kobrea, aluminioa… Denak balio du. Zenbat eta gehiago izan, zenbat eta astunago, orduan eta oparoago eguneko jornala.
Gailu horien guztien kableak, berriz, mataza konplexu eta koloretsuetan batzen dituzte, eta erretzera eramaten dituzte gertuko zabalgune batera. Suaren bueltan, dantzan bezala dabiltza han mutikoak. Kopeta izerdiz blai dute, eta elastikoa, kedarrez lorrindua. Makila luze batekin kolorea galtzen ari diren kable matazak astintzen dituzte. Estalkia urtu eta barruko kobrea agerian geratzen hastean, ura bota eta erretzea eteten dute. Egunean dozena bat orduz aritzen dira horrela eta, lortutako kobrea salduta, euro bat pasatxo ateratzen dute.
Saltzeko balio ez duten ordenagailu, telefono eta gainerako gailu zatiak, paisaiaren parte dira. Gero eta arrasto teknologiko handiagoa duen zabortegia da Agbogbloshiekoa.Inguruan larre bila dabiltzan behiek muturrekin baztertzen dituzte telebista eta teklatu zatiak, belarrik ez eta zabor artean zer jango.
Zabor elektronikoa manipulatuz lan egiten duten Agbogbloshieko biztanleek osasun arazo larriak dituzte. Babes neurririk gabe egiten duten lanak zauriak eragiten dizkie, eta kableak erretzen diharduten mutikoek toxina minbizi-eragileak arnasten dituzte etengabe. Denek nahiago lukete, ziurrenik, bata zuria eta maskara jantzi, eta gailuok birziklatze planta batean desmuntatzea, baina ez dago horrelakorik.
Arazoa ez da, ordea, hondakinekin lan egiten dutenena soilik. Merkurio, berun eta kadmio maila oso handiak atzeman dira Agbogbloshieko lurzoruan hainbat neurketatan. Hondakin elektronikoetatik datozen gaiak dira denak, haiek manipulatu, erre eta botatzean lurrean geratzen direnak. Zabortegiaren alboan dagoen Odaw ibaia, kutsadura neurgailu guztiak lehertuko lituzkeena, pixka bat aurrerago itsasoratzen da Gineako golkoan. Arrantzale herriz josita dago kosta.
Ghanara sartzen den zabor elektroniko guztia Temako portura iritsitakoa da. Hiriburutik gertu dago eta bertan jasotzen dira Ghanara inportatzen diren salgai nagusiak, eta tartean, baita bigarren eskuko gailu elektronikoak ere. Ghanako Gobernuak sustatu egiten du bigarren eskuko gaien garraioa, uste baitu modu bideragarria dela biztanleak leize digitaletik ateratzeko. Iristen diren aparailu horien herena, ordea, hondakina da.
Larritzekoa da Ghanan eta hainbat herrialdeetan zabor elektronikoak sortzen duen egoera. Larritzekoa, eta garatu deituriko herrialdeei matrailak lotsaz gorritzeko modukoa. Berez, Basileako itunak debekatua du gai toxikoak dituzten gailu hondatuak garapen bidean diren herrialdeetara bidaltzea. Ghanara heltzen diren hondakin gehienak, ordea, Basileako itun hori sinatua duten Europako herrialdeetatik datoz. Afrikatik datozkigun gizakiei hesiak jartzen asmatzen duten herrialdeek, ez dute modurik topatu eurek sorturiko hondakinak muga barruan menderatzen.
Zabor artean bizi eta hil
Europa aberatsaren zabor elektronikoaren jomuga bilakatu da Afrika azken urte hauetan. Ghanan kutsadura larria eragiteaz gain, herritarren osasunarentzako pozoi bilakatu dira kontrolik gabe han eta hemen barreiatu diren zabortegiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu