Zabalzaren heriotza «egokiro» ikertu behar dela uste du Zupiriak

Bingen Zupiria bozeramailearen arabera, Espainiako Gobernuak haren aldeko memoria ekinaldiak egin beharko lituzke, eta biktima dela aitortu

Zabalza familiak duela egun batzuk salatu zuen Arturo Espejo guardia zibila mailaz igo izana. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Javi West Larrañaga.
2023ko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Espainiako justizia sistemak ez zuen Mikel Zabalzaren heriotza «behar den moduan» ikertu, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen arabera. Atzo goizean egin zituen adierazpenak Radio Euskadin, eta, haren ustez, Espainiako Gobernuak memoria ekinaldiak egin eta biktimak errekonozitu beharko lituzke, Jaurlaritzak egin duen moduan. «Eusko Jaurlaritzak izendatu du Mikel Zabalza herrialde honetan egon den bortizkeria bidegabearen biktima», esan zuen.

Zabalzaren heriotza «era egokian» ikertzeko eskatu zuen Zupiriak, «egon daitezkeen gaizki ulertuak argitzeko». Apiril hasieran igo zuen mailaz Espainiako Gobernuak auzian nahastuta egon zen Arturo Espejo guardia zibila. Teniente jeneral izendatu zuten.

«Urte horietan, estatuak modu bidegabean eta ez-legitimoan erabili zituen boterea eta bortizkeria», adierazi zuen Zupiriak. Haren berbetan, «ondorio izugarriak» izan zituen gizartearentzat, eta sasoi hori hobeto ikertu behar dela azpimarratu zuen.

EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek segituan salatu zuten maila igoera, eta esan zuten erabakiak biktimak «umiliatu, iraindu eta berriz biktimizatu» dituela. Eusko Legebiltzarrean salatu zuten erabakia ez dela kasu bakana: «Zoritxarrez, estatuko indarkeriaren egileei emandako maila igoeren, kondekorazioen eta sarien beste kasu bat da».

Espainiako Barne ministro Fernando Grande-Marlaskak igoera defendatu du asteon, Espainiako Senatuan, Espejo ez delako inoiz egon «inongo ebazpen jakinetan inputaturik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.