'Zabalza kasuarekin' loturiko guardia zibil bat mailaz igo dutela salatu dute

Arturo Espejo Guardia Zibileko Sostengu Agintaritzako buru izendatu izana kritikatu du Egiari Zor-ek

Arturo Espejo, joan den astean, Espainiako Kongresuan. J.J.GUILLEN / EFE.
Irati Urdalleta Lete.
2023ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Egiari Zor fundazioak salatu duenez, Espainiako Gobernuko Defentsa ministro Margarita Roblesek eta Barne ministro Fernando Grande-Marlaskak Mikel Zabalzaren kasuari lotutako guardia zibil bat mailaz igotzea bultzatu dute: «Agerian uzten ditu beste behin ere —eta jadanik gehiegi dira— estatuaren indarkeriaren biktimok jasaten ditugun irain eta biktimizazio etengabeak».

Mailaz igo dutena Arturo Espejo Guardia Zibilaren teniente jenerala da, eta Guardia Zibileko Sostengu Agintaritzako burua ere izango da. Berez, joan den urtean izendatu zuten, baina joan den astean jakin zen maila igoeraren berri, Espainiako Kongresuan egin zuen agerraldi baten ondorioz. Kritiko mintzatu da Egiari Zor, eta erabaki hori jokamolde baten seinale dela esan du «Zoritxarrez, gu biktima bihurtu gaituztenei emandako igoera eta kondekorazio ugarietako bat da hau».

Hori horrela, Egiari Zor fundazioak arduradun politikoei, Arartekoari eta Euskal Herriko erakundeei eskatu die adierazpenak egiteko. «Nazkatuta gaude. Nazkatuta gaude guri hainbestetan eraso egiteaz, jasaten dugun irain eta umiliazioak neurtzeko dagoen moral bikoitzaz eta baita hipokrisiaz ere».

Egiari Zor-ek azaldu duenez, bertsio ofizialak esan izan du Mikel Zabalza bere kasa hil zela, Donostiako Intxaurrondoko kuarteleko bi guardia zibilekin zulo baten bila zebilela Bidasoa ibaira salto egin zuelako. Alabaina, Eusko Jaurlaritzak bizitzeko eskubidearen urraketen biktimatzat jo zuen duela urtebete pasatxo, 12/2016 legearen bidez. Egiari Zor-ek dio horrek erakusten duela Guardia Zibilak eta Espainiako Gobernuak emandako bertsioa ez dela sinesgarria. Gainera, gogorarazi dute Guardia Zibilaren buru zen Pedro Gomez Nietok CESIDeko Juan Alberto Peroteri telefonoz esan ziola Zabalza Intxaurrondo kuarteleko torturen ondorioz hil zela.

Alderdiak, kontu eske

Azken maila igoeren harira,EH Bilduk Grande-Marlaskaren urgentziazko agerraldia eskatu du Espainiako Kongresuan, eta galdera sorta bat ere erregistratu du, «teniente jeneralak Mikel Zabalzaren desagerpenean izan zuen esku hartzearen berri izateko».

EAJk bide bertsutik jo du. Aitor Esteban Espainiako Kongresuko bozeramaileak zenbait galdera erregistratu ditu, eta Sekretu Ofizialen Legearen inguruko azalpenak galdegin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.