Xabier Zabalo euskal presoaren gradu erregresioa salatu zuten atzo iluntzean Urretxu eta Zumarragan (Gipuzkoa). Sare Herritarrak deituta, dozenaka herritarrek Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzari leporatu diote «iraganeko politiketan» oinarrituta aritzea, eta auzitegiari eskatu diote lehenbailehen Zabaloren hirugarren graduaren alde ebazteko.
Ikusi gehiago
Urtebete zen Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak ez zuela halako erabakiri hartzen, baina Zabalori «tokatu» zaio. Beste preso bati egokitu ziezaiokeen bezala, Sareren ustez. Izan ere, argudiatu dute ez dagoela inolako oinarririk halako erabaki bat hartzeko.
Zaballako espetxeko (Araba) tratamendu batzordeak abenduaren 20an proposatu zuen Zabalori hirugarren gradua ematea, eta Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak otsailaren 21ean eman zion oniritzia. Hala, Zumarragako presoa Martuteneko kartzelatik (Gipuzkoa) atera zen; bertara lekualdatu zuten progresioa ematearekin batera.
Zabalok astebete egin zuen espetxetik kanpo, fiskalak gradu progresioaren kontrako helegitea aurkeztu zuen arte. Izan ere, 2022an Auzitegi Gorenak ezarritako jurisprudentzia dela medio, nahikoa da fiskalak helegitea aurkeztea Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak ebatzi arte progresioa behin-behinean eteteko.
Hori kontuan izanda, Sarek Auzitegi Nazionalari eskatu dio «arduraz» jokatzeko, lehenbailehen ebazpen bat emanez, eta hartan presoen egoera hobekien ezagutzen duten profesionalen erabakiak errespetatuz; hau da, Zaballako tratamendu batzordearen progresio proposamenaren alde egitea. Hain zuzen, espetxeetako profesionalei eta Eusko Jaurlaritzari ere eskatu diete egungo bideari eusteko: «Jarrai dezatela etorkizunari begira modu eraikitzailean lanean».
Fiskalaren erabakiak, Zabalori soilik ez, haren inguruari ere «samina» eragiten dio, Sarek salatu duenez: «Erabaki honek etxerako bidea oztopatu ez ezik, sufrimendua areagotu ere egiten du». Adierazi du batzuek aurrera egiteko konpromisoa azaldu dutela, baina, aldi berean, «iraganeko politiken zantzua» nabari dela halako erabakietan.
Izan ere, gogoratu dute hirugarren gradua jaso aurretik Zabalok espetxe ibilbideko beste zenbat fase ere egin dituela: esaterako, hainbat irteera programatutan parte hartu du, eta espetxetik irteteko baimenak ere izan ditu. «Etorkizunera begiratzeko konpromisoa erakutsia du behin baino gehiagotan». 25 urteko espetxe zigorra betetzen ari da, eta urrian beteko ditu haren hiru laurdenak.