Zaballako espetxearen egoera «jasanezina» dela eta, presoei erregimen irekia ezartzeko eskatu du Salhaketak

Elkarteak salatu du Arabako kartzelako langile ugarik «planto» egin dutenez gero eskubideak urratzen ari zaizkiela presoei. Presoen senideek elkarretaratze bat egingo dute bihar presondegiko atarian, egoera gaitzesteko.

Zaballako kartzela, Iruña Okan, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU
Zaballako kartzela, Iruña Okan, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU
edurne begiristain
2024ko abenduaren 20a
11:35
Entzun

Zaballako kartzelako (Araba) zenbait langilek azkenaldian hartutako mediku baimenek ezohiko egoera sortu dute presondegian: oinarrizko zerbitzu asko eten behar izan dituzte asteon, eta, ondorioz, besteak beste komunikatzeko, jarduerak egiteko eta bisitak hartzeko eskubiderik gabe geratu dira preso ugari.

Hori ikusita, Arabako Salhaketa elkarteak kartzelan sortutako egoera txarretsi du ohar batean. Salatu duenez, Zaballako espetxean preso daudenak «gabezia eta murrizketa ugari» jasaten ari dira abenduaren 17tik. «Funtzionarioek planto egin dutenez, ezin dute hezkuntzarako, defentsarako, komunikaziorako, osasunerako eta bestetarako eskubiderik gauzatu», ohartarazi du.

Presoen senideen elkarteak dioenez, espetxean eten egin dira komunikazioak, presoek ezin dute bideokonferentziak egin, ez bisean bisekorik izan, ez eskolarik jaso, ez abokatuarekin egon, ezta farmazia zerbitzurik eskuratu ere, besteak beste.

Salhaketaren ustez, sortutako gatazkaren ondorioz ezin dira preso dauden horiek «bahitu», eta Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa «negargarriaren» ondorioak ezin zaizkie haiei ordainarazi. Hori dela eta, Zaballan sortutako egoera «jasanezina» ikusita, elkarteak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio ezar ditzala Zaballako presoei erregimen irekia bermatzeko neurriak, inguruko hainbat herrialdetan gertatu den bezala. Familiei kezka piztu die Zaballan sortutako egoerak, eta elkarretaratze bat egingo dute bihar 11:00etan, espetxe atarian.

Salhaketaren ustez, espetxe eskumenaren eskualdaketa bera da Eusko Jaurlaritzaren eta funtzionarioen arteko gatazkaren erroa: «Transferentziak ezin ditu bermatu ez presoen eskubideak, ez funtzionarioen lan baldintzak». Elkarteak jakinarazi duenez, funtzionario bakarra dago bi presorentzat, eta, langile horietako «askok» beste espetxe batzuetara lekualdatzeko eskatu dutenez, are gehiago larriagotuko da langile falta.

Espetxeen kudeaketa eskualdatzeak bestelako gabeziak ere ekarri ditu, Salhaketaren arabera: besteak beste, salatu du «egiturazko gabeziak» daudela langile teknikoei dagokienez; hau da, hezitzaileak, psikologoak eta legelariak falta direla. Horrez gain, Aukerak programa «zentzugabekeriatzat» jo du —presoen prestakuntza, lantegiak eta ekoizpen jarduerak sustatzea du helburu—, eta adierazi kalitatezko lan prestakuntzarik ez dela bermatzen kartzeletan.

Komunikazioari berrekin

Egoera ikusita, Benito Agirre Arabako espetxeetako zuzendariak ere hitz egin du. Haren arabera, bitarteko hamar langile hasi dira gaur lanean, eta astelehenean beste 22 lagunek ekingo diote. Hala, «oinarrizko zerbitzuak» itzuliko omen dira: hau da, dena ondo bidean, presoek gaur bertan ekingo diote berriz familiarekin eta abokatuekin komunikatzeari, zuzendariak azaldu duenez. Ez du baztertu bisean bisekoak itzultzea.

Zerbitzuen kalitatea, halere, ez da hain ona izango, ohi baino langile gutxiago egoteaz gain haietako batzuek lan esperientzia «gutxi» izango dutelako. 

Egoera larria dela aitortu du Agirrek, baina adierazi du langileak falta direnetik «egun bakar batez» itxi direla lan tailerrak. Haatik, etenda segitzen dute hezkuntza, kultura, kirol eta aisialdi jarduerek. Aguirrek espero du datorren asteko laneratzeekin horiei berrekitea eta egoera nolabait «normalizatzea».

Espetxean lanean jarraitzen dutenen «profesionaltasuna» ere txalotu du zuzendariak. 

Pablo Martinez Larburu izango da EAE-ko Espetxe Zerbitzuen zuzendaria

Pablo Martinez Larburu espetxeetako funtzionarioa izango da EAEko Espetxe Zerbitzuen lehen zuzendaria. Asteleheneko Gobernu Kontseiluan izendatuko du Maria Jesus San Jose Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak. Espainiako Gobernuak duela hiru urte utzi zuen Eusko Jaurlaritzaren esku espetxeen kudeaketari eta funtzionamenduari buruzko eskumena.

Martinez Larburu zuzenbidean lizentziaduna da, eta masterra du kriminologian. Iruña Okako espetxeko (Araba) zuzendariordea izan zen 2005era arte; ondoren, Zumarragako (Gipuzkoa) Ibaiondoko adingabeentzako zentroko arduraduna izan zen, 2005etik 2021era. Ordutik orain arte, jurista lanetan aritu da Martuteneko kartzelan (Gipuzkoa), eta espetxe kudeaketako programaren arduraduna izan da.

Azken asteetan sindikatuekin izandako elkarrizketetan parte hartu du, lan baldintzen akordioa lortzeko asmoz. Justizia Sailak azpimarratu duenez, horrek izango du lehentasuna hurrengo asteetan, baliabide materialen kudeaketarekin batera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.