Zaballako espetxean preso zegoen emakume bat hil zen urriko azken astean, Arabako Salhaketak jakinarazi duenez. Elkartearen arabera, «patologia larri diagnostikatuak» zituen pertsona bat zen, kartzelatik kanpo egon beharko zukeena, baina egitura soziosanitario bakar batean ere ez zuen lekurik lortu, eta, beraz, ez zen baldintzapean aske geratu. Aurten Zaballako espetxean hil den bosgarren presoa da. Salhaketa-k elkarretaratze batera deitu du, heldu den asteartean, azaroaren 17an, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan.
Salhaketaren iritziz, «agerikoa» da heriotza horien guztien atzean «etsipen» egoera bat dagoela. Horregatik, Zaballako espetxeko arduradunei galdera egin die ea zer egiteko asmoa duen halakoen aurka: «Presazko prebentzio neurriak hartuko dira, kasu guzietan aurreikusi eta saihestu zitezkeen gertaera oso larri horiek ez errepikatzeko? Ala pasibotasunaren aldeko apustua egiten jarraituko dute eta ez dituzte ezarriko harrera pisuen baliabideak eta presoek eskatzen duten arreta psikologikoa eta osasun arreta? Zer-nolako profesionalen esku daude preso dauden pertsonak?».
Gertakari eta heriotza horiek espetxean ezkutatzeko «politika sistematikoa» salatu du Salhaketak, eta zenbait aldarrikapen ere egin ditu: espetxetik kanpoko baliabideak ezartzea, presoen askapena «errazteko»; larriki gaixo diren presoak «berehala» askatzea; familiei justizia administrazioaren funtzionamendu okerraren ondorioz sortzen diren erantzukizun zibil eta penalak eskatu ahal izateko beharrezko laguntza guztia emateko. Oroitarazi du Osakidetzak —eta, beraz, Eusko Jaurlaritzak— «erantzukizun osoa» dutela autonomia erkidegoan dauden espetxeetako osasun arazoetan, eta, beraz, beren eskumenak betetzeko eskatu diete. «Era berean, Osakidetzari eta Eusko Jaurlaritzari presoen farmakologia banaketaren kontrol zehatza exijitzen diegu, Osakidetzaren menpeko osasun langileek soilik egin dezaten».