Salhaketa kexu da Zaballako egoera hobetu arren presoen eskubideak ez direlako bermatzen oraindik

Presoen senideek elkarretaratzea egin dute espetxeko atarian. Langileen baja uholdeak funtzionamendua baldintzatu du, eta presoen eskubideak urratu direla salatu dute. «Hobeto daude, argia ikusten hasi direlako. Baina oso gaizki egon dira».

Presoen senideak, kazetariei adierazpenak egiten. Ertzaintzak ez die aurrera egiten utzi. RAUL BOGAJO / FOKU
Presoen senideak, kazetariei adierazpenak egiten. Ertzaintzak ez die aurrera egiten utzi RAUL BOGAJO / FOKU
Kerman Garralda
Iruña Oka
2024ko abenduaren 21a
14:30
Entzun

Salhaketak lan baldintza onak opa dizkie Zaballako langileei, baina eskatu du ez dezatela presoen bizkar presio egin. «Pertsonak dira, eta eskubideak dituzte», aldarrikatu dute gaur goizean kartzelako atarian egindako elkarretaratzean. «Bahituta eduki dituzte. Giltzapean, animalien pare», esan die senideen bozeramaile batek kazetariei.

Kartzelako langileen baja uholdeak egunerokoa baldintzatu du, eta, senitartekoen arabera, presoen eskubideak urratuak izan dira: salatu dute, besteak beste, aurrez aurreko bisitarik gabe egon direla, posta zerbitzua berandu dabilela, pekulioa murriztu egin dietela, ekonomatua jakirik gabe egon dela, kiroldegia eta aretoa itxita daudela, eta formakuntza saioak gutxitu egin dizkietela. Era berean, kexatu dira preso batzuek dagokien baino denbora gehiago daramatela bakartuta.

Senitartekoek aitortu dute funtzionario berriak hasi direla lanean, eta horri esker egoera «apur bat» normalizatu dela: «Oso gutxieneko zerbitzuak ari dira eskaintzen», esan dute. Adibidez, lehen zortzi aurrez aurreko egin zitezkeen aldi berean, baina lau besterik ez dituzte berreskuratu.

Presoak «oso urduri eta haserre» daudela azaldu dute. «Atzotik hobeto daude, argia ikusten hasi direlako. Baina oso gaizki egon dira». Ezjakintasuna handia izan dela gaineratu dute, inork ez dielako azaldu zer ari den gertatzen, eta euren kexei entzungor egin dietela txarretsi dute. Egoera luzatzen bada, ez dute baztertu presoek mobilizazioak egitea. 

Senideentzat ere gogorra da egoera. «Amorrua ematen du». Beraiek ere ez dutela informazio ofizialik jaso gaitzetsi dute. «Inor ez da jarri gurekin harremanetan. Inork ez zigun abisatu aurrez aurreko bisitak eten zirenik; egun batean, kartzela itxita topatu genuen, eta ohar bat atean, besterik ez».

Gaurko elkarretaratzea Zaballako presondegiaren sarreran egin nahi zuten, baina ertzainek ez diete nahi beste gerturatzen utzi. Bidean kontrol postu bat jarri dute, eta aurrez bisitaren bat egiteko hitzordua zutenek bakarrik egin ahal izan dute aurrera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.