Ireki dute Gladys sarirako hautagaitzak aurkezteko epea

Emakume euskaldun gazteak erreferente izatea sustatu nahi du teknologiaren arloan.

Gladys sariaren aurkezpena, gaur, Gipuzkoako Foru Aldundian. PUNTUEUS
Gladys sariaren aurkezpena, gaur, Gipuzkoako Foru Aldundian. PUNTUEUS
jakes goikoetxea
2025eko apirilaren 7a
16:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Arlo teknologikoan lanean ari diren emakume euskaldun gazteak saritzen ditu Gladys sariak. Hala, eremu teknologikoan bidea urratzera animatu nahi ditu emakume gazteak, eta sektore horretan erreferenteak sortu Euskal Herrian. Sariaren bosgarren edizioa aurkeztu dute gaur, Donostian.

Hautagaitzak aurkezteko epea ireki dute, eta irabazleak 4.000 euro jasoko ditu. Hautagaitzak gladyssaria.eus webgunean aurkez daitezke, ekainaren 1era arte. Hautagaiek 40 urte baino gutxiago izan behar dituzte.

Puntueus fundazioak eta EHUko Informatika Fakultateak sustatu dute saria; Gipuzkoako Foru Aldundiak babestu du; eta Emakundek, Danobatgroupek, Euskaltel fundazioak, EITBk eta EHUko Berdintasun Zuzendaritzak lagundu dute.

Sariak Gladys izena du, Gladys del Estal informatikariaren omenez. EHUren Donostiako Informatika Fakultatean ikasi zuen, eta hura gogoratzea ere bada sariaren asmoetako bat. Gladys del Estal guardia zibil batek hil zuen, buruan tiro bat jota, 1979ko ekainaren 3an, Tuteran (Nafarroa): Del Estal energia nuklearraren kontrako protesta batean parte hartzen ari zen, milaka lagunekin batera.

Gehiago eta soslai ezberdinetakoak

Sariaren antolatzaileak pozik daude, bai urtetik urtera gero eta hautagaitza gehiago jasotzen dituztelako, bai orain arte saritu dituzten emakumeen soslaia ezberdina delako. «Orain arte lau emakume saritu ditu Gladys sariak, soslai desberdinetakoak, eta horrek erakusten du askotariko erreferenteak behar ditugula», azaldu du Olatz Arbelaitzek, EHUko Informatika Fakultateko Berdintasun Batzordeko kideak. «Neska gazteek sektorean aukera oso ezberdinak dituztela ulertzea nahiko genuke».

Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariaren iritziz, Gladys saria funtsezkoa da zientzia eta teknologia arloetako emakumeen ikusgarritasuna eta prestigioa sustatzeko, belaunaldi berrientzako erreferenteak sortzeko, eta gaur egungo baldintzak hobetzeko: «Genero arrakala ez da presentzia faltan soilik ageri, baizik eta oraindik nagusi den ikuspegi androzentrikoan ere. Horregatik, beharrezkoa da paradigma aldaketa bat, berdintasuna sistematikoki txertatzeko».

Lorea Argaratek jaso zuen iazko Gladys sariaTazebaez kooperatibako ekintzailea da, eta hezkuntza arloko digitalizazio eta berrikuntza prozesuetan dihardu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.