Donostia ospitaleko behin-behineko aparkalekua astelehen honetan, hainbat atzerapen izan ostean. Azpiegitura berria lur gaineko aparkalekuaren ondoko lursail batean dago: 7.500 metro karratu ditu, eta 234 aparkaleku. Begiristain Doktorea pasealekutik sartu ahal izango da, ama-haurren eraikinera eta larrialdietakora sartzeko bidetik —Biogipuzkoa eraikinaren paretik, hain zuzen—.
Zehazki, aparkalekua hiru urtez egongo da eskuragarri, protoi terapiako eta kanpoko kontsultetako eraikinak egin bitartean —apirilean hasiko dira kanpo kontsultetako eraikinaren obrak egiten—. Espero dute protoi terapiako eraikina 2026an amaitzea, eta kanpo kontsulten eraikina, berriz, 2027tik 2028ra bitarte.
Aparkaleku berria irekita, leku eskasia konpondu nahi izan dute; izan ere, lur gaineko aparkalekua gutxinaka ixten ari dira. Lehen, zortziehun leku zeuden erabilgarri—555 ospitaleko erabiltzaileentzat—, gero 330 bakarrik utzi zituzten erabiltzeko moduan, eta apiriletik aurrera aparkaleku osoa desagertu egingo da.
Hurrengo hiru urteetan, Donostia ospitaleko osasun zentroa handitzen jarraituko dute, eta, eraikin berriekin batera, mila lekuko lurpeko aparkaleku bat egingo dute.
Arazoak goizean goiz
Autoak goizetik hasi dira aparkaleku berrian sartzen. Bitartean, gainerako aparkalekuak berriro bete dira, eta, horren ondorioz, sarbideak kolapsatu eta ilarak sortu dira. Aparkaleku bila ibili den erabiltzaile batek adierazi du ez dagoela inor aparkalekua ireki dutela ohartarazten duenik, ezta kartelik edo seinalerik ere: «Inork ez duenez abisatzen, betiko ilara osatzen ari da, jendeak ez baitaki aparkaleku berria irekita dagoela».
Badirudi erabilgarri dauden 234 tokiak ez direla nahikoa Donostia ospitaleko aparkaleku arazoa konpontzeko. Aparkalekuak bete egin dira, eta gune berria, aldiz, hutsik gelditu.