Fronte Popular Berria lehen indarra izan da Ipar Euskal Herriko hiru barrutietan: laugarrenean, Fronte Popular Berriko hautagai Iñaki Etxaniz atera da garaile, botoen %38,19ekin; bosgarrenean, Colette Capdevielle PSko kide eta Fronte Popular Berriko hautagaia nagusitu da, 22.643 boto eskuratuta; seigarrenean, berriz, Peio Dufau abertzalea izan da garaile, botoen %29,43ekin. Gauza bera gertatu da hiru hiriburuetan ere: Etxaniz nagusitu da Maulen eta Donibane-Garazin, eta Capdevielle Baionan.
RN Batasun Nazionalak ere oso emaitza onak eskuratu ditu, ordea, bai iparraldean, baita Frantziako Errepublikan ere. Ipar Euskal Herriko hiru barrutietatik bitan, laugarrenean eta bosgarrenean, bigarren indarra izan da Jordan Bardella buru duen alderdia, eta hirugarren tokian geratu da seigarrenean. Protestara deitu du NPA alderdiak. Elkarretaratzea eginen dute gaur arratsaldean, 19:00etan, Baionako herriko etxean, «izurri beltzari erantzun herrikoi eta antifaxista» emateko.
Izan den parte hartzea eta Fronte Popularrak lortu dituen emaitzak «baikorki» baloratu ditu EH Baik agiri batean, eta baieztatu du «lurraldean itxaropena sortu duen alternatiba» ezkerreko indarren arteko proposamena izan dela. Baina «kezka» ere agertu dute eskuin muturrak izan duen aitzinamenduagatik. «Egoera honen erantzukizuna eta iturria azken urteetan indarrez inposatu diren politika neoliberalek sortu ezinegona da». Ezkerreko abertzaleek herritarrei dei egin diete eskuin muturrari «tarterik txikien ere» ez diezaioten eskaini. «Jokoan dena ikusirik eta hauteskundeetako emaitzek bakoitza non jarri gaituen aintzat harturik, espero dugu beste hautagaiek arduraz jokatuko dutela eta interes orokorraren alde eginen dutela bigarren itzulian erretiratuz».
Irakurketa bera egin du Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak ere. Pozik agertu da ezkerreko aliantza gailendu delako, baina adierazi du eskuin muturraren gorakada «fenomeno kezkagarria» dela. Era berean, gogorarazi du koalizio abertzaleak «urte asko» daramatzala «egiturazko korronte horretaz» ohartarazten. Otegiren hitzetan ezkerra ere ez da gai izan «jendearen arazoekin konektatzeko», eta azpimarratu du orain ezin zaiola horri aurre egin «soilik lau gauza konponduta». Horregatik, haren ustez, «lasaitasun eta sakontasun handiz» hausnartu behar da egoeraz, baina, batez ere, «ezkerreko ikuspegitik». Izan ere, gogorarazi du Frantziako Estatuan historikoki ezkerra eta, batez ere, Alderdi Komunista bozkatzen zuten langile klaseko herri eta hirietan Le Penen alde bozkatu dutela orain. «Kontua ez da bat batean faxista bihurtu direla, baizik eta ordena jarriko duen norbaiten bila ari direla, jendeak desordena pertzibitzen baitu», adierazi du.
Frantzian macronismoa gainbeheran
Ez du emaitza onik lortu Macronen Ensemble aliantzak. Frantziako estatuburuak hirugarren tokian geratu diren hautagaiei eskatu die erretira daitezela, eta utz dezatela alternatiba bakarra eskuin muturrari aurre egiteko, modu horretan aukera gehiago izango dituelakoan, betiere Fronte Popularreko hautagaiak ez badira Frantzia Intsumisokoak. Baina Ipar Euskal Herrian macronistek ez dute iragarri oraindik kasu egingo ote dioten presidentearen eskariari. Esaterako, Modemeko ordezkari Florence Lasserrek dagoeneko aurreratu du bigarren itzulira aurkeztea dela bere asmoa.
Frantziako Errepublikan, berriz, eskuin muturra izan da lehen aldiz nagusi Frantziako Asanblearako hauteskundeetan, nahiz eta gehiengo osorik lortu ez. Datu ofizialen zain, zundaketek botoen %34 iragarri dizkiote RNri. Hori ikusita, gainontzeko alderdiak hasiak dira mugimenduak egiten bigarren itzulian emaitza horiek berrets ez daitezen. Emmanuel Macron Frantziako presidenteak, esaterako, «bat egite demokratiko eta errepublikano bat» osatzeko deia egin du. «Lehen itzuliko parte hartze handiak erakusten du zein garrantzitsua izango den hurrengo bozketa gure aberkideentzat, eta baita egoera politikoa argitzeko nahi bat dagoela ere».
Bozek interes bizia piztu dute, ez soilik Euskal Herrian, baita Frantzia osoan ere. 18:00etan itxi dituzte hauteslekuak Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, eta 20:00etan Frantzian. Aspaldiko parte hartzerik handiena izan da. Horren erakusle dira parte hartzearen lehen datu ofizialak. Frantziako Barne Ministerioak jakinarazi duenez, 12:00etarako hautesleen %25,9k emana zuten boza; 17:00etarako berriz, %59,39k. 2022ko hauteskundeetan, ordu beretan, %18,43k eta %39,42 zuten botoa emana. 1981etik ez zen gertatu Asanblea Nazionalerako bozetan hein horretako parte hartzea. Ipar Euskal Herria barne harturik daukan Pirinio Atlantikoetako parte hartzea are handiagoa zen 17:00etan: %62,47.
Kontuan izan behar da abstentzioa oso handia izan ohi dela Frantziako Asanbleako hauteskundeetan. 2022ko lehen itzulian, esaterako, %52,49koa izan zen; 2017an, %51,3koa. Are handiagoa izaten da bigarren itzulietan. Aurten, ordea, %33koa izango da, inkesten arabera.
Beldurra
Eskuin muturra boterera helduko den beldurra zabaldua da —esperantza ere bai haien jarraitzaileen artean—, eta halakorik gerta ez dadin mobilizatu da ezkerra, Fronte Popular Berria eratuta. Ezkerreko indarren aliantzak bide eman diezaioke orain arte inoiz ikusi gabekoari: lehen aldiz Ipar Euskal Herriko ordezkari ezkertiar eta abertzale bat izatea Parisen. Hala, iparraldeko hiru hautesbarrutietan ditu hautagaiak ezkerreko aliantzak. Lehen aldia da ezkerreko abertzaleek halako koalizio batean parte hartzen dutena. Hauek dira Ipar Euskal Herrian Fronte Popularraren izenean aurkeztu diren hautagaitzak: laugarren hautesbarrutian, Iñaki Etxaniz (PS) eta Cecile Senderain; bosgarren hautesbarrutian, Colette Capdevielle (PS) eta Alain Iriart (EH Bai); eta seigarren hautesbarrutian, Peio Dufau (EH Bai) eta Marie Hegi-Urain. «Aldaketarako programa bat» osatu dute denen artean, eta lehentasun izango dute «Euskal Herriko errealitatea eta lurraldearen berezitasunak» jasotzea, horiek Parisera eramateko helburuarekin.
Europako hauteskundeetako emaitzak ikusita, ordea, kezka ere bada, noraino heltzen ote den eskuin muturraren indarra. Izan ere, RN Batasun Nazionala lehen indarra izan zen Ipar Euskal Herriko 92 herritan ekainaren 9ko bozetan —Frantziako Errepublikan boto gehien bildu zuen alderdia ere izan zen—. Lehen aldia da eskuin muturrak hainbesteko emaitzak lortu dituela Ipar Euskal Herrian. Gaur ere izango da RNren izenean aurkeztuko den hautagairik hiru barrutietan: laugarren eta bosgarren barrutietan RNren izenean aurkeztuko dira eskuin muturreko hautagaiak; seigarrenean, hau da, barnealdearekin batean Biarnoko zati bat biltzen duen barrutian, berriz, Eric Ciottiren sokako Errepublikanoekin eta Errekonkista alderdiko Marion Marechal Le Penen ildokoekin elkarturik aurkeztuko da RNko hautagaia.
Kanpaina laburra izan da, ekainaren 9an deitu baitzuen bozetara Emmanuel Macron Frantziako presidenteak, Europako hauteskundeen egun berean. Baina lehia bizi espero da, eta horrek parte hartzea bultzatuko duen esperantza ere badute hautagaiek. Dena den, badira eremu batzuk non abstentzioa handia izaten den, eta bazter auzoak dira horiek, bai Frantzian, bai Ipar Euskal Herrian. Baionan, esaterako, iparreko auzoetako bozkalekuak parte hartzerik apalenekoak dira.
Oinarri ahula
Frantziako Errepublikan garaipentzat jo zuten askok ezkerreko aliantza lortu izana, eta ez zaie arrazoirik falta. Geroak, baina, zalantzak eragiten ditu. Ez baita lehen aldia halako saio batek huts egiten duena. 2022an NUPES izan zen, Herri Batasun Ekologista eta Sozial Berria. Macroni eta haren aliatuei gehiengo osoa eragiteko tresna bat izan zen hura. Baina egun ez da haren arrastorik, eta Frantziako Errepublikako testuingurua bera ere aldatu da, nahiz eta, NUPESekin gertatu bezala, ezkerreko frontea izan orain ere RNri aurre egiteko tresnarik baliagarriena.
Ez dute erraza izango ezkerreko hautagaiek; izan ere, azken urteek ondorio argi bat utzi dute Europa osoan: gero eta gutxiago dira eskuin muturreko alderdiak arriskutzat jotzen dituztenak, eta hori bera gertatu da Frantzian ere. Horretan laguntza handia izan dira hedabideak, beren lerroburuetara eramanez eskuin muturrak lehenesten dituen hainbat gai; besteak beste, immigrazioa.