Yvan Colonna korsikarra omentzeko manifestazioa egin dute Baionan

Frantziako Estatuaren jarrera salatzeko, ekintza egin dute suprefeturan Macronen potreta gorriz zikinduz. Protestek segitzen dute Korsikan.

Yvan Colonna preso korsikarraren heriotza Frantziko Estatuaren jarrerarekin lotu dute. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2022ko martxoaren 26a
17:57
Entzun

Yvan Colonna preso korsikarraren argazkiari so, aurreskuarekin hasiera eman diote hura omentzeko ekitaldiari. Lore eskaintza egin dute gero, arrosa gorriak Colonnaren potretaren eta Korsikako banderaren azpian utziz. Ehunka lagun bildu dira Baionan, iragan astelehenean zendu zen preso korsikarraren omenez, eta Korsikako abertzaleei sostengua adierazteko.

Baionako karriketan barna ibili da manifestazioa, eta suprefeturaraino joan dira «Frantziako Estatua hiltzailea» eta «Euskal presoak etxera» oihu artean. EH Bai koalizio abertzaleak antolatu zuen protesta, eta Sortuk ere bat egin zuen deialdiarekin. Suprefeturara helduta, Emmanuel Macron Frantziako presidentearen argazkia zintzilikatu dute hesietan, eta tindu gorriarekin zikindu, «Frantziako Estatuak hiltzen du» ziotela.

Anita Lopepe EH Baiko kideak hartu du hitza, eta honela mintzatu da: «Hala nahi izanez gero, Frantziako Gobernuak korsikar edo euskal preso politikoen auzietan berebiziko erabakiak har ditzake: etxeratze prozesua auzi politikoaren baitan ezarri behar du». Izan ere, Colonnaren aferaren harira, Korsikako alderdi abertzaleek Frantziako Estatuaren jarrera gaitzetsi dute. Kasurako, Jean-Felix Acquaviva Frantziako Asanbleako diputatu eta Korsikako Asanbleako kontseilari autonomista gogor mintzatu da militante independentistaren heriotzaz, eta «[Frantziako] estatuaren mendekuaz» aritu da: «Mendeku horrek eragotzi dio [Korsikara] hurbiltzea, eta horrek heriotzara eraman du».

EH Baik, gisa berean, Frantziako Estatuaren «mespretxua» salatu du. «Arazoa Frantziako Estatua da: haren ezintasuna, hetsikeria, eta itsukeria». Hala, «herri bezala erantzutearen indarra» azpimarratu du Lopepek, eta Korsikan bezala Euskal Herrian ere, «geroa» eraikitzeko prozesu demokratiko baten beharra badela erran du.

Doluaren ondotik, protesta

Colonnari azken agurra egiteko milaka lagun bildu ziren atzo Cargesen, (Korsika) haren herrian. «Dolu egun nazionala» egin zuten orduan Korsikan, banderak haga erdira beheititu zituzten hainbat erakunde publikok, eta beste hainbeste administrazio hetsirik egon ziren.

Ehorzketak hasi ziren tenorean, ordea, Furianiko (Korsika) CRS Frantziako Polizia eskuadroiak Marseillaise Frantziako ereserkia abestu zuten. Bideoa sare sozialetan zabaldu da, eta haserrea eragin du korsikarren artean. Alderdi abertzaleek Frantziako Estatuari «kontuak» eskatu dizkiote. Arratsean, Bastiako eta Ajaccioko (Korsika) prefeturen aitzinean elkartuko dira, protestan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.