Yvan Colonna korsikarra omentzeko manifestazioa egin dute Baionan

Frantziako Estatuaren jarrera salatzeko, suprefeturan gorriz zikindu dute Macronen potreta. Protestek aitzina segitzen dute Korsikan

Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2022ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Yvan Colonna preso korsikarraren argazkiari so, aurreskuarekin hasiera eman diote hura omentzeko ekitaldiari. Lore eskaintza egin dute gero, arrosa gorriak utziz Colonnaren potretaren eta Korsikako banderaren azpian. Ehunka lagun bildu ziren atzo, Baionan, iragan astelehenean zendu zen preso korsikarraren omenez, eta Korsikako abertzaleei sostengua adierazteko.

Baionako karriketan barna ibili zen manifestazioa, eta suprefeturaraino joan ziren «Frantziako Estatua hiltzailea» eta «Euskal presoak etxera» oihu artean. EH Bai koalizio abertzaleak antolatu zuen protesta, eta Sortuk ere bat egin zuen deialdiarekin. Suprefeturara helduta, Emmanuel Macron Frantziako presidentearen argazkia zintzilikatu zuten hesietan, eta tindu gorriarekin zikindu zuten, «Frantziako Estatuak hiltzen du» ziotela.

Anita Lopepe EH Baiko kideak hartu zuen hitza, eta honela mintzatu zen: «Hala nahi izanez gero, Frantziako Gobernuak korsikar edo euskal preso politikoen auzietan berebiziko erabakiak har ditzake: etxeratze prozesua auzi politikoaren baitan ezarri behar du». Izan ere, Colonnaren aferaren harira, Korsikako alderdi abertzaleek Frantziako Estatuaren jarrera gaitzetsi dute. Kasurako, Jean-Felix Acquaviva Frantziako Asanbleako diputatu eta Korsikako Asanbleako kontseilari autonomista gogor mintzatu da militante independentistaren heriotzaz, eta «[Frantziako] estatuaren mendekuaz» aritu da: «Mendeku horrek eragotzi dio [Korsikara] hurbiltzea, eta horrek heriotzara eraman du».

EH Baik, gisa berean, Frantziako Estatuaren «mespretxua» salatu du. «Arazoa Frantziako Estatua da: haren ezintasuna, hetsikeria eta itsukeria». Hala, «herri bezala erantzutearen indarra» azpimarratu du Lopepek, eta Korsikan bezala Euskal Herrian ere «geroa» eraikitzeko prozesu demokratiko baten beharra badela erran du.

Doluaren ondotik, protesta

Colonnari azken agurra egiteko, milaka lagun bildu ziren herenegun Cargesen, (Korsika) haren herrian. «Dolu egun nazionala»egin zuten orduan Korsikan;banderak haga erdira beheititu zituzten hainbat erakunde publikok, eta beste hainbeste administrazio hetsirik egon ziren.

Ehorzketak hasi ziren orduan, ordea, Furianiko (Korsika) CRS Frantziako polizia eskuadroiak Marseillaise Frantziako ereserkia abestu zuen. Bideoa sare sozialetan zabaldu da, eta haserrea eragin du korsikarren artean. Alderdi abertzaleek «kontuak» eskatu dizkiote Frantziako Estatuari. Atzo, Bastiako eta Ajaccioko (Korsika) prefeturen aitzinean elkartu ziren, protestan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.