Bilboko Udalaren memoriaren mapari dagokion hamargarren plaka jarri dute gaur. Yolanda Gonzalez gogora ekartzeko jarri dute. Batallon Vasco Español taldeak 1980an bahitu zuen, gaurko egunez. Madrilen atxiki zuten, Aluche auzoko bere etxean, eta biharamunean hilotz agertu zen, tirokatuta, bide bazter batean. 19 urte baino ez zituen.
Elektronika ikaslea zen Gonzalez, eta PST Langileen Alderdi Sozialista taldeko militantea. Batallon Vasco Español taldeak bere gain hartu zuen atentatua. Deustun jarri dute Gonzalez gogora ekartzeko plaka, hango plaza batean, hantxe jaio eta hazi baitzen.
Bilboko alkate Juan Mari Aburto izan da ekitaldian, udalbatzako beste hainbat ordezkarirekin batera, eta Gonzalezen hainbat lagun eta senidek ere parte hartu dute. Bilboko Udalaren Bizikidetzarako eta Bakerako Foroa ari da hainbat biktima gogora ekartzeko ekitaldiok sustatzen.
Ikusi gehiago