Yolanda Gonzalez gazte deustuarra bahitu eta hil zutela 40 urte beteko dira gaur, eta omenaldia egin zioten atzo jaioterrian, Deustuibarra eta Zorrotzaurreko auzo elkarteek eta Bekoerri eta Bizinahi kultur elkarteek (Bilbo). BVE Batallon Vasco Españolek hil zuen Gonzalez, Madrilen, ikaslea zela; «euskal herritarra izateagatik», auzo eta kultur elkarteek salatu dutenez.
Haren omenez ekitaldia egin zuten atzo haren izena duen Yolanda Gonzalez plazan, eta horma irudi bat eta erakusketa bat ere zabaldu dituzte. Yolanda en el país de los estudiantes ikus-entzunezkoaren (Yolanda ikasleen herrian) emanaldia ere egin zuten atzo Bizinahi auzo etxean, erakusketa dagoen toki berean.
Ibilbidea oinarri
Yolanda Gonzalezen hilketaren ondotik izandako ibilbidea du oinarri erakusketak, eta 11 panelez osatua da, gai hauek ardatz: hilketa bera, Deustun izandako erreakzioa, hiltzaileei buruzko informazioa, BVEri buruzkoa, Espainiako Auzitegi Nazionaleko ikerketa, epaiketa, hiltzaileek kartzelan izandako «aldeko tratua», Hemilio Hellin Fuerza Nuevako kide eta Gonzalezen hiltzailearen Paraguairako ihesa, Espainiarako estradizioa, Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak egindako «kontratazio eskandalagarria» eta Yolanda Gonzalez plazaren irekiera. Prentsa izan dute iturri nagusia panelak osatzeko, bertzeak bertze BERRIA eta Egunkaria-ko hemeroteka. Otsail osoan egonen dira ikusgai.
Auzokidearen oroimena bizirik dagoela nabarmendu zuten haren hilketaren urteurrenean: «Deustuibarrako auzokideek ez dute inoiz ahaztu Yolanda, eta are gutxiago estatuan eskuin muturrak izandako gorakadak markatzen duen 40. urteurrenean».
Yolanda Gonzalez gogoan izan dute haren hilketaren 40. urteurrenean
Batallon Vasco Español taldeak hil zuen gazte deustuarra. Omenaldia egin diote, eta erakusketa bat jarri dute Deustuko Bizinahi auzo etxean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu