Nafarroako Yalak mozio bat aurkeztu du hainbat udaletan, eta Israelekiko harremanak bertan behera uztea exijitu

Palestinari elkartasuna adierazi baino gehiago egin dute oraingoan: mozioa «harago» doa, Espainiako Gobernuari eskaera zuzenak egin baitizkiote.

Nafarroako Yalak Palestinaren aldeko manifestazioa egin zuen apirilean. IÑIGO URIZ / FOKU
Nafarroako Yalak Palestinaren aldeko manifestazioa egin zuen apirilean. IÑIGO URIZ / FOKU
Isabel Jaurena.
2024ko abuztuaren 28a
15:10
Entzun

Nafarroako Yalak Espainiako Estatuari eskatu dio «Israelekin dituen harremanak bertan behera uzteko», argudiatuta Israelek «giza eskubideak sistematikoki urratzen» dituela. Lurraldeko 30 udalek onartu dute mozioa, edo onartzeko bidean daude, eta, taldeak azaldu duenez, «Nafarroan eta Euskal Herrian aitzindaria da ekinaldia». «Harreman haustura horri eutsi beharko zaio Israelek giza eskubideen arloko legediak betetzen ez dituen bitartean, eta genozidioak, apartheidak eta okupazioak dirauten bitartean», borobildu dute.

Gaur eman dute horren berri, Iruñean egindako prentsaurreko batean. Azaldu dutenez, zenbait udaletan jada aurkeztuak dituzte mozioak, baina, horietan, Palestinari elkartasuna adierazi bertzerik ez zen egiten. Oraingo ekinaldia «harago» doa, ordea, eskaera zuzenak egiten baitizkiote Espainiako Gobernuari.

Izan ere, harremanak hausteko ez ezik, bertze hainbat eskaera egin dituzte mozioaren bidez: Israelek modua eman dezala Gazan janaria eta sendagaiak sartzeko; Israelendako diren armak eta petrolioa kentzea; Israelgo armadak suntsitutako etxeak berriz eraikitzea; Nazioarteko Zigor Auzitegiari laguntza handiagoa eskaintzea Israelen kontrako auzian; Palestina estatu bat dela aitortzea; Palestinako lurralde okupatuetatik datozen produktuetan jatorria ongi zehaztea; Europako Batasunaren eta Israelen arteko akordioa bertan behera uztea; eta Israelekin harreman gehiagorik ez izatea.

Taldeak azaldu du aurkeztutako mozioa «arlo horretan adituak direnek» egin dutela, eta «legezko berme guztiak» dituela egokitasunari eta legezkotasunari dagokienez. Gehitu dute  palestinarrak bizitzen ari direna «jasanezina» dela, eta mozioaren bidez Nafarroaren gaitasuna erakutsi daitekeela: «Aukera dugu erakusteko Nafarroa ez dela makurtzen interes ilun kolonialisten aurrean, eta gure herriak eta erakundeak solidarioak izan direla, direla eta izanen direla herri palestinarrarekin».

Mozioa herriotan onartu dute: Erroibar, Otsagabia, Agoitz, Espartza, Atarrabia eta Auritz. Horrez gain, horretarako bidean daude bertze hainbatetan, hala nola Altsasun, Baztanen, Berriozarren, Uharten, Beran eta Irurtzunen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.