XXI Nafarroa taldeak Foru Hobekuntzari buruzko eztabaida ireki nahi du

Mobilizazioa eginen dute maiatzaren 14an, Iruñean. Foru Hobekuntzak «defizit demokratikoa» duela salatu dute, eta autogobernua defendatu

XXI Nafarroa herri ekinbideko kideak, atzo, Nafarroako Parlamentuaren aurrean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2022ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Foru Hobekuntzak 40 urte beteko ditu aurten: 1982ko martxoaren 15ean onartu zuen Nafarroako Parlamentuak, eta urte hartako abuztuaren 16az geroztik dago indarrean. Ez zen erreferendumik egin. Urteurrena baliatuz, XXI Nafarroa herri ekinbideak mobilizazioa eginen du maiatzaren 14an, Iruñeko Sarasate pasealekuan, 17:30ean. Ireki dezagun eztabaida. Parte hartzea eta kontsulta da leloa, eta «adostasun berriak lortuko dituen eztabaida politiko eta sozial bat» eskatuko dute, baita hura nafar gizarteak berretsi dezan ere.

Foru Hobekuntzak «defizit demokratikoa» duela salatu dute, horregatik nahi dute eztabaida ireki. Gainera, haien aburuz, lege horrek ez du Nafarroako egungo gizartearekin bat egiten: «Ez baita eraberritu, eta bertan zehazten dena ere ez baita bete. 40 urte geroago, eskumen asko eskualdatugabe daude», esan du Mikel Soto XXI Nafarroa taldeko kideak.

Nafarroak Espainiarekin eta Europarekin duen «harreman eredua» erabakitzeko «bermeak» eskatu ditu Sotok, eta «gaitzetsi» ditu azken urteetan autogobernuari egindako «erasoak»: «Alderdi politikoei eskatzen diegu Nafarroaren autogobernua eta haren garapen legitimoa defendatzeko».

XXI Nafarroak uste du ez parlamentuak ezta Nafarroako gizarteak ere ez dutela zalantzan jartzen autogobernuaren inguruko eztabaida egin behar denik: «Ezinbestekoa eta urgentea da». Era berean, salatu dute egungo legeak ez duela bermatzen parlamentuko akordioak errespetatuko direnik. «Hamazazpi legeri jarri diete errekurtsoa alderdi politikoek eta Auzitegi Konstituzionalak egungo legedian oinarrituta».

Eztabaida irekitzeko giltzak

Mobilizaziora joaten direnei eskatu diete erabiltzen ez dituzten giltzak eramateko. 17:30ean musika eta motozerra erakustaldia izanen dira. 18:15ean XXI Nafarroak bere irakurketa zabalduko du, eta argazki bat eginen dute giltzaren metafora baliatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.