E z da batere erraza izango. Nafarroari buruzko ikuspegiek talka egiten dute estatus juridikoari buruzko eztabaida ateratzen den bakoitzean. Mataza korapilatsua bada ere, argi dago 2022ko Nafarroa ez dela 1982ko hura, eta XXI. mendera egokitutako akordio politikoa beharko lukeela Foru Hobekuntzak. Hura berritzeko prozedura Iruñeko eta Madrilgo gobernuen artekoa da, baina Nafarroako Parlamentuan etxeko lanak egin beharko lituzkete aurretik. 2019ko akordio programatikoan eta iazko azaroaren 5eko Nafarroaren egoerari buruzko eztabaidan, gehiengoak konpromisoa hartu zuen lantalde bat sortzeko. 40. urteurrenak aukera eman lezake elkarrizketari ekiteko bederen. BERRIAk sei parlamentu taldeekin hitz egin du atzera begirakoaz eta negoziaziorako aukerez eta zailtasunez.
BALANTZEA
PSNko Inma Jurioren arabera, arauaren balantzea«erabat positiboa» da. «Gure Nafarroako konstituzioa da, eta, hitzartua denez, ezaugarri bereziak ematen dizkigu gainerako autonomia erkidegoekin alderatuta. Ez dira pribilegioak, zenbaitek hori aurpegiratu nahi diguten arren, ikuspegi motz baten arabera», azaldu du. Autonomia horren barruan zerga arloan garatutako eskumenak goretsi ditu, baina, ororen gainetik, «osotasuna» goraipatu.
UPNk BERRIAri idatziz bidalitako balorazioaren arabera, berriz, «ospatzeko modukoa» da urteurrena, Foru Hobekuntzak «politika propioak garatzeko askatasuna eta erabakitzeko ahalmena» dakartzalako: «Erkidego gisa aurrera egiteko modua eman digu, eta demokraziaren berme ere bada, gure foru erregimena sistema konstituzionalean eta Espainiako demokrazian txertatzen baititu». Horretan datza ospakizunaren ikur nagusia UPNrentzat: «Espainiaren parte gara, eta harro gaude horretaz».
Uxue Barkos Geroa Baiko eledunaren ustez, aldiz, Nafarroa foral eta espainiarra kontraesana da: «Forala da, edo espainiarra». Barkosen iritziz, trantsizioan indar konstituzionalisten ikuspegia nagusitu arren, foraltasuna «subiranotasunaren adierazle» da. Autogobernurako «tresna positiboa» da, baina «defizit demokratikoa» du, ez baitzitzaien herritarrei galdeketarik egin 1982an.
Nafarroako Ahal Dugu-ko Ainhoa Aznarezek jatorriari erreparatu nahi izan dio. «Egoera ezohiko baten ondorioz sortu zen, eta prozedurak ez zuen izan berme demokratikorik. Ez zukeen izan behar bulego ilunetan egindako negoziazioen emaitza, baizik eta garaiko parlamentuko taldeen elkarrizketaren emaitza. Eta, behin akordioa lortuta, informazio egokia eman behar zen, eta herritarrei galdetu. Oinarrizko eskubidea da erabakitzeko eskubidea».
EH Bilduko Adolfo Araizek ere sorrerako orban horretan jarri du azpimarra: «Kontuan hartu behar da Nafarroa estatu arazo bihurtu zela trantsizioan, eta horrek baldintzatu egiten duela balantzea egitea». Haren ustez, Nafarroari hitza kendu zioten, eta, 40 urte geroago, bide hura bultzatu zutenek helburua bete dute: «Lortu dute egonkortzea Nafarroa erkidego bakar gisa agertze hori. Garai hartan kontra azaldu ginenok eta beste estatus bat defenditu genuenok ikusi dugu ez dugula nahikoa indar politiko horri buelta emateko». Araizen arabera, trantsizioan abertzaleek Nafarroak EAErekin bat egiteko aukerari indar gehiegi eman zion. «Gakoa ez zuen izan behar ea nola sartuko zen Nafarroa EAEn, baizik eta Nafarroak nola erabakiko zuen bere etorkizuna».
Marisa de Simon Ezkerrako eledunaren ustez, Foru Hobekuntzak eta Hitzarmen Ekonomikoak balio izan dute «herritarren baldintzak hobetzeko». Haren irudiko, ona da apurka sendotuz joan izana; halere, negatibotzat jo du 40 urtean aldaketa esanguratsurik egin ez izana.
GARAPEN AUTONOMIKOA
1985etik hona, 60 transferentzia egin dira. Horien artean, osasuna eta hezkuntza dira nagusiak, 1990eko hamarkada hasieran jasoak. Dena den, garapen autonomikoa izoztuta geratu zen 2001etik aurrera. Izan ere, iazko abuztuan, Nafarroak bere gain hartu zuen Iruñeko espetxeko presoei osasun zerbitzua emateko eskumena, baina, aurretik, hogei urte iragan ziren beste transferentziarik egin gabe. Eskualdatu gabeko eskumenen zerrenda luzea da oraindik ere: trafikoa eta Foruzaingoaren gainerako atalak, unibertsitateko bekak, ikerketa eta garapena, Gizarte Segurantza, espetxeak...
2018ko urrian, Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak trafiko eskumena itzultzeko konpromisoa agertu zion Uxue Barkosi. Orain, Iruñeko eta Madrilgo koalizio gobernuetan sozialistek dute aginte makila, baina horrek ez du erraztu akordioa. Barkosen irudiko, gertatutakoak balio du ikusteko «non geratu den Nafarroaren foraltasuna». Haren ustez, arazoa «politikoa» da: «Estatuak ez du oso tinko sinetsi inoiz Foru Hobekuntzaren Legean. Estatuarentzat, zaila da onartzea halako eskumen bat beste instituzio baten esku geratuko dela». Paralisi horren errua UPNri eta PSNri ere egotzi die, zeinek 2015era arte agindu baitzuten Nafarroan: «Ez diegu ikusi tinkotasunik. Transferentziak ez dituzte mahai gainean jarri urteetan». Irmotasun falta hori egozten dio PSNri orain.
Jurioren arabera, Espainiaren eta Nafarroaren arteko eskumen banaketa eta hura zehazten duten araudiak «loturik» daude: «Horietako batzuk bagenituen, beste batzuk gure gain hartuz goaz, eta beste batzuk negoziazioaren emaitza izango dira». Hala, azaldu du PSN garapen autonomikoaren bidetik «eskumenen mugaraino» jarraitzearen aldekoa dela, bi aldeen arteko akordioa oinarri hartuta: «Posible ez dena lortzeko ez dugu sortuko gatazkarik, eta are gutxiago legediaren bidetik aterata. Lanean jarraituko dugu legez lor daitekeen guztia lortzeko».
Hori baita beste auzia: zer lor daitekeen eta nork zehazten dituen non diren mugak. Adibidez, Mariano Rajoyren lehen agintaldian, Madrilgo gobernuak hamabost foru legeren aurkako helegitea jarri zuen, eta Auzitegi Konstituzionalak hamahiru baliogabetu zituen. Pedro Sanchezen gobernuak beste jarrera bat du: urtarrilean jakinarazi zuten Konstituzionalean helegitea eragozteko akordioa erdietsi zutela bi gobernuek.
Araizen ustez, horrek agerian uzten du harremana desorekatua dela: «Auzitegi Konstituzionalaren epai batzuek argi eta garbi utzi dute foraltasunak ez duela esan nahi Konstituzioaren gainetik beste ordenamendu bat dagoela. Nafarroak bide berezi bat hartu zuen, baina haren ordenamendu juridikoa beste estatutu baten parekoa da. Konstituzioak baimendutakoa da foraltasuna».
UPNren ustez, Madrilek «zenbaitetan tentazio birzentralizatzaileak» izan ditu, baina, beste batzuetan, «iragan legealdian bezala, Nafarroan legeak onartu dira gatazka konstituzionala sortuko zutela jakinik eta Nafarroako Kontseiluaren ohartarazpenenak aintzat hartu gabe».
ERREFORMA DELA ETA
2004an eta 2005ean egin zen bezala, autogobernuari buruzko lantalde bat sortzeko konpromisoa hartua du parlamentuko gehiengoak orain, baina, legealdia amaitzeko urtebete falta den honetan, ez da gauzatu oraingoz. PSNk du erabakimena. Juriok ez du argitu zer egingo duten, baina bai zehaztu du ez dutela gaizki ikusten. «Ez litzateke lehen aldia izango. Testua 1982koa da, eta errealitate soziala, politikoa eta ekonomikoa aldatu egin dira. Merezi du aztertzea komenigarria ote den araudia egokitzea». Ziurtatu du PSNk «jarrera eraikitzailea» izango duela.
Nahiz eta urtebete geratzen den legealdia amaitzeko, Barkosek aipatu du lantaldeak ez duela zertan orduan amaitu: «Ikusiko dugu zer konpromiso duten legealdi honetako gehiengoek eta hurrengo legealdikoek hori aurrera ateratzeko». Haren ustez, agerian dago gaia «erabat deserosoa» dela zenbait alderdirentzat. «Beldurra ematen die UPNri eta PSNri, azken 40 urteetan foraltasunaren ikurra hartu baitute». Gaineratu duenez, «alderdi barnean arazorik ez sortzeko eta gaia kontrolpean izateko asmoa» nabari zaie sozialistei.
Lantaldea osatuko balitz, ez da erraza izango egungo gehiengoekin adostasunak lortzea. UPNk, adibidez, ez dio uko egin Foru Hobekuntza eguneratzeari: «Ez dugu inoiz erreparorik jarri». Haatik, ohartarazi du gauza bat dela «aldaketa teknikoak egitea, hobetzen jarraitzeko», eta bestea abertzaleen asmoei amore ematea: «Esparru juridikoa aldatu nahi dute Espainiarekin erlazioak aldatzeko, Nafarroak Euskadirekin bat egiteko eta Espainia hausteko». Hala, UPNk oraindik ere beharrezkotzat dauka «bat egite» horri bide eman diezaiokeen Espainiako Konstituzioko laugarren xedapen iragankorra kentzea: «Hori kenduta, Foru Hobekuntzako bigarren xedapena indargabetuta geratuko litzateke».
Adolfo Araizen arabera, Konstituzioko laugarren xedapena ez da aktibatu lau hamarkadotan eta «erdi fosilduta» geratu da. haren irudiko, xedapen horien atzean dagoen mezu politiko nagusia ez da Araba, Bizkai eta Gipuzkoarekin bat egiteko aukera, baizik eta «nola erabakitzen duen bere etorkizuna Nafarroak». Ez du ezkutatu estatusa aldatzea dela EH Bilduren proposamena: Nafarroako herritar gehienek eta EAEkoek hala erabakiko balute, egitura konfederal bat eraikitzea. Alta, argi utzi du nafarrek erabakitzea dela oinarri demokratikoa. «Ezinbesteko baldintza da guretzat. Badakigu zein diren mugak, baina, edozein aldaketa orokor berresteko, erreferendum bidez egin behar da».
Barkosen irudiko, zaila izanagatik «anbizioz» jokatu behar da. Lehenik, parlamentuan «ahalik eta gehiengo zabalena» lortu ondoren Madrilgo gobernuarekin negoziatzeko. Edukiari dagokionez, beharrezkotzat dauka Nafarroaren eta estatuaren harremanak orekatzeko mekanismoak ezartzea; adibidez, Konstituzionalaren botoia sakatu aurretik, gatazkak konpontzeko batzorde bat osatuz. Bestalde, eskumenen «berrikuspen sakon bat» egin behar dela ere uste du. Adibidez, Europako Batasunarekiko harremanei buruzkoa.
De Simonen ustez, garapen autonomikoak «argi-ilunak» izan ditu 40 urteotan : «Garai egokia da zehazteko zein eskumen dagozkion Nafarroari, eta bermeak behar ditugu eskubide sozialak blindatzeko». Horien artean leudeke lan, osasun eta hezkuntza eskubideak eta, batik bat, partaidetza demokratikorako eskubidea. Funtsezkotzat jo du erreferendumera deitzea, «herritar guztiek erabaki dezaten».
Eztabaidaren harira, Juriok aipatu du aztertu beharko luketela zer aldatu: «Argi dugu ez ditugula babestuko egungo araudiekin edo gure lurraldearen errealitate sozialarekin hautsi nahi duten muturreko nazionalisten proposamenak». Gaineratu du edozein erreformatarako gakoa akordioa dela, «bestela porrot egingo baitu». Azkenik, erreferendumaren auziari ere heldu dio Juriok. «Politikoki zuzena izan gabe, uste dut ez dela inondik ere beharrezkoa. Dena den, zalantzak eragiten dizkit zeren alor garrantzitsu batzuk akaso behar lukete berrespena. Eztabaidagarria da».
Foru Hobekuntzaren 40. urteurrena (IV). Etorkizunari begira.
XXI. menderako akordioaren bila
Nafarroako Parlamentuaren gehiengoak lantalde bat sortzeko konpromisoa hartua du, baina oraindik ez da bete. Taldeek euren ikuspegia eta proposamenak ezagutarazi dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu