XXI. mendeko alderdi iraultzaileaz pentsatzen

Boltxebismoaren gaurkotasunaz hausnartzeko kongresua egin du EHKS Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak. Alderdi iraultzailea eraikitzeko lanetan, Leninen pentsamoldea aldarrikatu dute.

EHKSk dozenaka gazte bildu ditu Euskaldunan, Leninen pentsamoldeaz hausnartzera. ARITZ LOIOLA / FOKU
EHKSk dozenaka gazte bildu ditu Euskaldunan, Leninen pentsamoldeaz hausnartzera. ARITZ LOIOLA / FOKU
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2024ko apirilaren 20a
18:37
Entzun

Vladimir Lenin politikari eta pentsalari komunista hil zenetik mendea bete denean, boltxebismoaren gaurkotasunaz eztabaidatu dute azken egunotan Bilboko Euskalduna jauregian, EHKS Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak antolatutako kongresuan. Eta gaur, azken mahaian, alderdi marxista iraultzailearen izaeraz eta eguneraketaz aritu dira EHKSko bi kide: Beñat Aldalur eta Kolitza. Boltxebismoa edo Leninen pentsamoldea oinarritzat hartu dute, «langile mugimenduaren esperientzia teorikoa eta praktikoa» biltzen duelako, baina ezinbestekotzat jo dute egungo abagunera ekartzea: «Proletariotzaren osaera aldatzen ari da, eta egungo egoerara moldatu behar dugu politika iraultzailea eraginkorra izan dadin».

Egunotako hausnarketetan ondorioztatu dutenez, EHKSren oinarri politikoetako bat da boltxebismoa. «Alderdi iraultzaile bat eraikitzeko abiapuntua da», adierazi du Aldalurrek: «Langile mugimenduaren historian inflexio puntu bat izan zen; joera erreformista hautsi zuen, eta langileriaren zentralitatea ezarri». Hala, Errusiako Iraultzaren «irakaspenak» gogora ekarrita, Leninen pentsamoldearen tesi nagusiek indarrean dirautela uste du: kontzientzia sozialista, langileen independentzia politikoa, internazionalismoa, proletariotzaren diktaduraren premia...

«Proletariotza ez da kategoria estanko bat; aldatzen ari da. Industriako langileen eredu iraultzailea moldatu behar da, eta, neurri batean, gainditu».

BEÑAT ALDALUREHKSko kidea

«Ezaugarri horiek edozein estrategia iraultzaileren oinarrian egon behar dute. Baina egungo testuingurura egokitu behar ditugu, eta horrek moldaketa esanguratsuak dakartza», zehaztu du Aldalurrek. Izan ere, ukaezina da egungo egoera ez dela XIX. mende amaierakoa edo XX.eko hasierakoa. «Proletariotza ez da kategoria estanko bat; aldatzen ari da, eta estrategia iraultzailea ere aldaketa horietara egokitu behar da. Industriako langileen eredu iraultzailea moldatu behar da, eta, neurri handi batean, gainditu. Ez dugu esan nahi ez zaienik erreparatu behar industriako langileei, edo ez dugunik pentsatu behar nola egokitu industria zentzu sozialista batean, baizik eta proletariotzaren osaera aldatzen ari dela».

Hala, Aldalurrek desjabetuen kontzeptua baliatu du langile klasea definitzeko: «Proletariotza ez dute hainbeste osatzen lan egiten dutenek, baizik eta ezer ez duten horiek: jabetzara sarbiderik ez dugunon errealitatea da, geure lan indarra baino ez daukagunona». Horrekin lotuta, mugimendu iraultzaile berriaren oinarrian ikusten dituzte, batik bat, gazteak eta etorkinak; migrazio mugimendua bera hamarkada gutxitan asko aldatu dela azaldu du Kolitzak: «Egun migratzaile asko ez dira soilik lan bila etortzen, baizik eta bizitza duin baten bila. 1960ko urteetan landa eremutik industria guneetara joandako migratzaileek ez zuten arazorik izan enplegua aurkitzeko, baina egungoek epe ertainean ez dute lortuko enplegurik eta etxerik. Horrek zerikusia du lanaren edo enpleguaren bidez ordena soziala mantentzeko zailtasunekin».

Soldatapeko lanaren krisia

Ildo horretan, Kolitzak aldarrikatu du egun aukera gehiago daudela iraultza sozialista egiteko XX. mende hasieran baino; besteak beste, ekonomia soldatapeko lanaren arabera antolatzeko eredua zaharkituta dagoelako: «Ekonomikoki mendekoak diren pertsonek gizartearekin duten lotura lana da, eta hori jada problematikoa da soziologikoki: ordena sozial osoa enpleguaren araberakoa da, eta enpleguak zentralitatea galdu du. Beraz, gizartea ezin da egituratu lan pribatuaren inguruan, eta abagune horretan, sozialismoak zentzu handiagoa du egun, hain justu, oraingo sistemak ezin duelako epe luzera mantendu enpleguaren dinamika».

«Ezkerra eta eskuina, mundua ez dago hala banatuta: bada ordenaren alderdia eta bada alderdi iraultzailea».

KOLITZAEHKSko kidea

Iraultzaren bidean, halaber, «kontzientzia sozialista» eraikitzeaz jardun da Kolitza, eta, horretarako, ezinbestekotzat jo du historia ezagutzea, XX. mendean gertatutakoaren inguruko «ezjakintasunaren beloa» kentzea: «Porrotaren epistemologia hautsi behar da: mugimendu iraultzailea saiatu egin zela baina garaitua izan zela esatea ez dator bat egiaz gertatuarekin». Berrazterketa prozesu horretan, eta alderdi marxista iraultzailea eraikitzeari begira, eragile politikoak bestela sailkatu beharra ere nabarmendu du: «Ezkerra eta eskuina, mundua ez dago hala banatuta: bada ordenaren alderdia eta bada alderdi iraultzailea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.