Elixabete Larrinaga Politika eta Administrazio Zientzietako doktorea eta EHUko irakaslea da (1964, Artea, Bizkaia). Atzo, Sabino Arana fundazioan egin zen solasaldian mintzatu zen «gizarte ekintza euskaldunek» izan beharreko lehentasunez. Besteak beste, gogorarazi zuen Euskararen Legeak 40 urte beteko dituela, eta legea egin zenetik euskal gizarteak jasan dituen aldaketez ere aritu zen.
Zer lehentasun nagusi proposatuko zenizkioke «gizarte ekintza euskaldunari»?
Batetik, diskurtsoa berritu beharko luke, eraberritu. Hau da, errehabilitazio integrala egin beharko luke. XXI. mendeak dituen erronkei egokitutako diskurtso berri bat eraiki behar da. Bestetik, erreleboa ziurtatzea, hizkuntza biziberritzeko prozesuan eraginkortasunez ekiteko gai den eta horretarako prest dagoen erreleboa egotea.
Zer erran nahi duzu diskurtsoa biziberritu behar dela esatean?
Diskurtso horrek hiru osagai ditu hizkuntza biziberritzeko: zer egin nahi dugun, nola egin nahi dugun eta zergatik egin nahi dugun. Hiru galdera horiei emandako erantzuna da giltza.
Zer egin nahi dugun nahiko argi daukagu, nola egin nahi dugun ere bai. Hirugarrena funtsezko osagaia da. Zergati horiei erantzunak eman behar dizkiegu, eta une honetan ematen ari garen mezuak ez dira egokienak. Gaur egun euskal hiztunak dituen hizkuntza premietara egokitutako diskurtso berri bat behar dugu.
Euskalgintzan lekuko aldaketarik ez egoteak kezkatzen zaitu?
Ez nuke esango errelebo falta dagoenik, baina egia da gizarte ekintza euskaldunak behar duela aire freskoa ekarriko duen, arnasa emango dion eta aurrerantzean lekukoa hartzeko prest egongo den jendea. Kasu honetan gakoa izango litzateke belaunaldien arteko lankidetza.
Nola susta daiteke aipatzen duzun elkarlan hori?
Ez dago inongo arazorik, ezta formularik ere. Azken batean, esperientzia eta lankidetza eskaintzea da. Kontua da helburua berdina edo berbera izanda helburu horren bila elkarrekin lanean hastea. Elkarrekin lanean hastea dagokigu.
Euskalgintzak lan eskerga egin duela esan duzu; gehiegizko eskakizuna da orain harentzat?
Nik ez nuke esango gehiegi eskatzen zaionik. Ez dago inongo zalantzarik gizarte ekintza euskaldunak lan eskerga egin duela. Lan eskerga hori bere gain hartu du argi zituelako behar batzuk, erronka batzuk eta premia batzuk.
Lege arloan aurrerapausorik eman daiteke?
Noski. Nik daukadan ametsa egoera bakar batean laburtu beharko banu, hau izango litzateke: amesten dut egunen batean aurten 40 urte beteko dituen Euskararen Legea ehuneko ehunean beteko dela, lege horretan jasota dagoen lehen hitzetik azkenera beteko dela. Egia da aurrerabidea egin dugula, baina oraindik asko geratzen da legea betetzeko. Horretarako, funtsezkoa izango da erakunde publikoek egiten duten ahalegina.
Zer rol betetzen dute euskal komunikabideek?
Nik diskurtsoaz hitz egiten dudanean, diskurtso hori era askotara zabal daiteke. Diskurtso hori hedabideen bidez zabaltzen da. Hedabideen bidez hizkuntza bati lotutako ideia positiboak zein negatiboak zabal daitezke. Ideia positiboa zabaltzen bada, horrek eragina izan dezake hizkuntza hori ikasteko motibazioan. Eta kontrakoa, hedabide batek hizkuntza bati lotutako ideia negatiboak zabaltzen baditu, horrek eragina izan dezake hizkuntza bat biziberritzeko ahaleginetan.
Elixabete Larrinaga. EHUko irakasle doktorea
«XXI. mendeak dituen erronkei egokitutako diskurtso bat behar da»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu