'O libro negro da lingua galega' liburuaren egilea

Carlos Callon: «XVI. mendetik XX.aren amaierara arte, beti egon zen umeren bat belauniko galegoz aritzeagatik»

Joan Mari Torrealdairen 'El libro negro del euskera' liburuak lagatako lorratzari segika, Callonek 'O libro negro da lingua galega' idatzi du; bietan ageri dira, kolpeka, jazarpenaren, mespretxuaren eta norberaren hizkuntzak piztutako lotsaren taupadak.

Carlos Callon Euskal Herrira joan den astean egindako bisitan, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU
Carlos Callon Euskal Herrira joan den astean egindako bisitan, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU
arantxa iraola
2024ko azaroaren 24a
05:00
Entzun

Carlos Callon (1978, Ribeira, Galizia), O libro negro da lingua galega liburuaren egilea da (Galizieraren liburu beltza). Joan Mari Torrealdaik,  El libro negro del euskera obran (Euskararen liburu beltza), euskarak mendeetan pairatutako jazarpena deskribatu zuen, eta, lan hura gogoan hartuta, galegoak nozitutakoari erreparatu dio Callonek. Edukiz eta bizipenez beteta dago, eta oinazez. «Zazpiehun orrialde baino gehiago dira, baina laburpen bat da», azaldu du. Izan ere, argi du galizieraz hitz egiten duten gehienengan dagoela jazarpen horren oihartzuna, eta, oro har, gizarte osoan: baita galiziera galdu duten familia askorengan ere.

2022an ikusi zuen argia liburuak, eta berriki Euskal Herrian izan da aurkezten. Hartu ditu tarte batzuk hedabideekin mintzatzeko ere. Liburuaren edukiaz ez ezik, hizkuntza gutxituak biziberritzeko politikez ere jarduteko solaskide aski egokia da, Galizian beti erreparatu baitie galegoa biziberritzeko dinamikei eta ahaleginei, bertatik bertara. A Mesa por la Normalización Linguistica erakundeko lehendakaria izan zen tarte luze batean, 2002an hasi eta 2014ra arte. 

Joan Mari Torrealdairen liburuaren lorratzari segika egindakoa da zure lana. Nola sortu zenuen?

Hain justu ere, liburu honek Euskal Herrian du sorburua. Nik ja denbora bat baneraman aztertzen nola konta zitekeen galizierak pairatutako errepresioa; gizartearen zabalera heltzen ez ziren ikerketa akademikoak dibulgatzen ari nintzen, eta, era berean, argitara ateratzen gure iragana azaltzeko balio duten hainbat dokumentu argitaragabe... Baina ez nuen tonuarekin asmatzen, eta El libro negro del euskera liburua irakurri orduko aurkitu nuen tonu hori. Gero, jakina, gure errealitatera egokitu dut. 

Inspirazio antzeko bat izan zen, beraz, liburu hura zuretzat...

Bai, eta gero, zera, behar-beharrezkoa da elkarrizketa; herrien eta kulturen arteko elkarrizketak beti dira aberasgarriak, baina elkarrizketa horiek beren normalizazioren alde borrokan ari diren hizkuntzen artekoak direnean, aberasgarriak bakarrik ez dira, ezinbestekoak dira.

Asko arakatu behar izan duzu errepresioaren arrastoen bila?

Zenbait kasutan arakatu egin behar da, bilatu egin behar da artxibategietan. Harrigarrienak iruditzen zaizkit, ordea, begien bistan egon eta ikusten diren gauza horiek. Oso esanguratsuak dira halakoak. Esaterako, Galizian ideia oso zabaldua da galiziera erreprimitua izan zela, baina zehaztu gabeko ideia bat da askotan, eta, oro har, Francoren diktadurari egozten zaio guztia. Egia da, adjektibo aski ez dago izan zituen eragin negatiboak deskribatzeko, baina frankismoak ez zuen linguizidio politika propio bat asmatu; hertsadura erabilita, inposizio militarraren bidez, hainbat gizaldi lehenagotik zetozen politikak ezarri zituen.

Topiko hainbat badira, eta hautsi egin behar dira horiek. Izan ere, auzi hau ez zen hasi frankismoarekin, eta, tamalez, ez zen amaitu frankismoarekin ere. Esaterako, liburuan jaso dut gertaera bat usu aipatzen ez dena, baina horra: behin diktadorea hil eta gero, irakasleei espedienteak egiten hasi zitzaizkien ikasleei eskolak galizieraz emateagatik.

«Frankismoak ez zuen linguizidio politika propio bat asmatu; hainbat gizaldi lehenagotik zetozen politikak ezarri zituen»

Zer urtetan izan zen hori?

1980an, adibidez, irakasle bati urte erdi baterako espedientea ireki zioten Oinarrizko Hezkuntza Orokorrerako 4. mailako ikasle galego hiztunei galegoz hitz egiteagatik. Hori hor dago: espediente hori. Edota 1981ean Hezkuntza ministroak esandakoa: eskolak galizieraz ematen zituzten irakasleak «faxista» deitu zituen, eta gaitzetsi eta zigortu egin behar zirela esan zuen. Hori ere hor dago, garai hartako egunkarietan.

Botereak beste alde batera begiratzeko ahalegina egin du, gertaera horiek erakusten dutelako zein diren egun dugun sistemaren zimenduak, baina behin diktadorea hil eta gero ere, Galizian ahalegina egin zen galiziera ez ofizial izateko, eta eskoletan hautazko hizkuntza bat izateko. Mobilizazio sozial indartsu bati esker lortu zen harago egitea, eta nabarmendu beharrekoa da, bereziki, irakasle horiek izan zuten jarrera irmoa. Istorio horiek denak hor daude, eta beharrezkoa da kontatzea.

Atzera begira jarrita, noraino joan zara errepresioa erakusten duten agirien xerka?

Agiri antzinakoena 1480koa da: erretirarazi egin zuten galiziera eskritura publikoetatik. Ordutik, eskribau guztiek hasi behar izan zuten gaztelaniaz egiten. Ez zen automatikoa izan, askok arrastorik ere ez zutelako, baina 1480tik aurrera, eskribau batek lanari utzi orduko, ordezkatzen zuenak gaztelaniaz lanean hasi behar zuen.

Oraindik ere deigarriagoa den agiri bat bada, 1543koa; beren hizkuntzan ari diren umeak nola jo esplikatzeko penintsula osoan dagoen arautegirik zaharrena da. Aipatzen diren zigorretako bat belauniko jarraraztea da: zigor hori behin eta berriz agertzen da 1543tik iragan gizaldiko 70eko hamarraldira arte, etengabe. Horrek esan nahi du XVI. mendetik XX. mendearen amaierara arte Galiziako eskolaren batean beti egon zela umeren bat belauniko galegoz aritzeagatik.

Irudi indartsua da hori.

Bai, bai. Eta izan ziren zigor gehiago ere. Galizieraz esandako hitz bakoitzeko poltsikoan harri bat sartzera behartzea, zartadak ematea, armairuetan giltzapetzea... Biolentzia fisiko bihozgabea da guztia, babesgabeenen kontra egindakoa: umeen kontra. Eta indarkeria horri buruz hitz egin behar da. Egun biolentzia sinbolikoa dugu, baina egun pairatzen dugun biolentzia sinboliko hori belaunaldi askok nozitutako biolentzia fisikoaren eta errealaren oinordekoa da.

«Egun biolentzia sinbolikoa dugu, baina egun pairatzen dugun biolentzia sinboliko hori belaunaldi askok nozitutako biolentzia fisiko eta errealaren oinordekoa da»

Torrealdaik jasotakoen eta zuk jasotakoen artean antz handiak dira?

Bai, batetik, gure hizkuntzekiko mespretxu diskurtsoak, beti etiketa umiliagarriak ipinita. Eta eskoletako biolentzia: Euskal Herrian, adibidez, egiaztatuagoa dago eraztunaren metodoa. Galizian badira horren zantzuak, baina askotan bestelakoak ziren bideak. Funtsean, ordea, metodoa analogoa zen: euskaraz edo galegoz ari den horrek objektu bat du, hizkuntza horietan ari den beste norbaiti pasatu behar dio, eta egunaren edo astearen amaieran, objektu hori duena zigortu egingo dute.

Zer harrera izan du liburuak Galizian? Bada gaiaz hitz egiteko gogorik?

Harrera ona izan du. Ezustea izan da. Liburua argitaratu bezain pronto, bigarren argitaraldia egin behar izan zen, eta bost egin dira dagoeneko; best seller umil bat izan dela esan daiteke. Asko saldu da, eta hori bada zerbaiten seinale: bada jakiteko gogoa, hitz egitekoa. Eta bat egiten du geroaren inguruko desasoseguarekin ere, ikusten baita egun instituzioek egiten dituzten politikak ez doazela gure hizkuntza berreskuratzeko bidean.

«Asko saldu da liburua, eta hori bada zerbaiten seinale: bada jakiteko gogoa, hitz egitekoa. Eta bat egiten du geroaren inguruko desasoseguarekin ere»

Esan duzu egun biolentzia sinbolikoa dela. Zertan ikusten duzu iraganaren arrastoa?

Iraganaz ari garen bakoitzean, orainaz eta geroaz ari gara. Ez gara gertatu zen zerbaiti buruz ari: ondorioak hor dira, eta igarri egiten dira. Libururako elkarrizketatu ditudan pertsona askorekin gertatu zait. Kontatu izan didate: «Ez, eskolan jo egiten ninduten, baina, tira, ni oso errebeldea nintzelako, eta nik galegoz hitz egiten nuelako jakinda ere ez nuela hitz egin behar». Edota: «Bai, armairuan giltzapetzen ninduten, baina nik ez nion irakasleari kasurik egiten, eta esan behar ez nituenak esaten jarraitzen nuen». Askotan kendu izan zaio garrantzia...

Biolentzia hori izendatzeko erarik ere ez dutelako izan gehienek, ezta?

Hain justu ere, eta izendatzen baduzu, horrekin zerbait egitea lor dezakezu, biolentzia horren aurrean beste jarrera bat izatea. «Ez zen horrenbesterako izan», esan didate. Eta horrenbesterakoa ere ez bazen izan, zergatik erabaki duzu gurasoengandik jaso zenuen hizkuntza ez zela balekoa zure seme-alabentzat? Horrenbestekoa ez bazen izan, zergatik erabaki zenuen eskolan galarazita zeudelako esan ezin ziren hitz haiek esateari uztea? Horrenbesterakoa izan ez bazen, zergatik kostatzen zaizu gaur oraindik horri buruz hitz egitea? Denok ditugu bizitzaren kolpeen aurrean gure defentsa mekanismoak, ukaezina da hori, baina hizkuntzaren kasuan beharrezkoa da zauriez hitz egitea; zauri indibidualak dira, baina badute dimentsio kolektibo bat ere, eta dimentsio horrexek arriskuan jartzen du kasu honetan nazio galegoaren etorkizuna.

«'Ez zen horrenbesterakoa izan', esan didate elkarrizketatu ditudan hainbat pertsonak. Horrenbestekoa izan ez bazen, zergatik erabaki duzu gurasoengandik jaso zenuen hizkuntza ez zela balekoa zure seme-alabentzat?»

Jazarpena tarteko, hizkuntza propioaren gaineko lotsa hor dago, baina agerikoa da hizkuntza hauen gaineko harrotasuna ere. Ukaezina da.

Gu ez gaude mapan. Ez euskara, ez galegoa, ez katalana. Baina oraindik hemen gaude, eta ezustea emango dugu. Galizieraren kasuan, hor dago lotura afektiboa: galiziera oraindik ere herritarrak batzeko aldagai bat da. Jende gehienak nahi du hizkuntza babestea. Hedabideetan usuen agertzen direnak galizieraren aurka dauden trogloditak badira ere, jende gehienak, ikerketak-eta egiten direnean, esaten du galizierazko hedabide gehiago nahi dituela, galizieraz hezkuntza gehiago, eta hizkuntzaren aldeko neurriak. Baina horien aurrean uzkur jarraitzen dute Galiziako Gobernuak eta Espainiako Gobernuak. Hor, Galiziako hedabideen egoerak ere ez du laguntzen. Lehen esan dut, adibidez, liburuak harrera ona izan duela, baina galizieraz ari garen idazleok, oro har, ezin dugu megafonia handirik izan Galiziako hedabideetan.

Hortxe ere ageri da mende askoko jazarpenaren arrastoa, ezta?

Hain zuzen ere. Ukazio bikoitz bat dago: iragana ukatzen dute, eta oraina ere bai. Oso kezkagarria da egoera mediatiko hori. Hortxe daude, esaterako, hedabide publikoetako zerrenda beltzak: guztiz egiaztatuta daude horiek. Hain justu ere, CRTVGko [Galiziako irrati eta telebista autonomikoa batzen dituen korporazioa] kazetariek sei urte daramatzate ostiralero protestak egiten hedabide duinak eta pluralak aldarrikatzeko. Galegoz egun argitaratzen den egunkari bakarra Nos diario da, eta horrek ez du Galiziako Gobernuaren zentimo bakar ere jasotzen. Negargarria da. Eta ez da arazo linguistiko bat bakarrik; haragokoa da, arazo demokratiko bat da.

«Ankerrak dira zerrenda beltzak, eta galizieraz idatzitako liburu bat, galizieraz grabatutako film bat, galizieraz egindako musika bat Galiziako irrati eta telebistan era egokian dibulgatzeko probabilitatea hutsaren hurrengoa da»

Mundu bat ezkutatzera egiten delako nahita?

Hain justu. Ankerrak dira zerrenda beltzak, eta galizieraz idatzitako liburu bat, galizieraz grabatutako film bat, galizieraz egindako musika bat Galiziako irrati eta telebistan era egokian dibulgatzeko probabilitatea hutsaren hurrengoa da. Manipulazioa erabatekoa da. Gainerakoan, Espainiako telebistan-eta ere, ez gara ageri. Hemen gaude, indar sozial garrantzitsua dugu, historia bat atzean, baina existituko ez bagina bezala jokatzen dute. Gure arazoetako bat da hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.