Azken asteotan Tolosan (Gipuzkoa), Donostian, Bilbon eta Gasteizen «biolentzia polizialaren biktima» izan diren guztiei elkartasuna adierazteko eserialdia eginen dute bihar Tolosako Soldadu kalean, 12:00etan. Xuhar herri plataformak egin du deialdia, eta «euskal jendarteari» parte hartzeko eskatu: «Indarkeria polizialari planto» egiteko, eta «gauzak aldatzeko garaia» dela errateko.
Ohar bidez azaldu dute «arrazoi askorengatik eta leku askotan» eseri daitezkeela: «Garraio publikoan bidaiatzeko, Tolosako inauterietan karrozetan trago bat hartzeko, begian tiro bat jaso ondoren anbulantzian ospitalera urgentziaz joateko, edota 16 urteko gazteari begian ebakuntza egin bitartean itxaron geletan egoten diren aulki deseroso horietan urduritasuna baretzeko».
Esertzea protesta ekintza gisa uler daitekeela ere argitu dute: «Norbaiti edo zerbaiti planto egiteko», erraterako. Motibazio horrekin eginen dute biharko eserialdia: «Nekatuta gaudelako urteak joan eta urteak etorri Ertzaintzaren esku hartzeetan ikusten ditugun jokabide biolentoez, baita biolentzia polizial horri Jaurlaritzak eskaintzen dion inpunitateaz. Nekatuta».
Begian jo zuten
Otsailaren 12ko goizaldean, larri zaurituta ospitaleratu zuten Villabonako (Gipuzkoa) gaztea. Arrazoia, gazteak berak azaldu zuenez, Ertzaintzaren foam jaurtigailu batek eragindako lesioak izan ziren. Begian jo zuen, eta begi ondoa erabat handitua zuen kolpearen eraginez, malko hodia hautsita, eta erretina askatuta. Hamabost puntu eman zizkioten zauria ixteko.
Geroztik bolo-bolo ibili da albistea hedabideetan eta sarean. Duela aste batzuk, erraterako, Ertzaintzak Tolosako inauterietan izandako esku hartzearen inguruan egindako txostena iritsi zen hedabideetara. Haren arabera, «errebotez» jo zuen agenteek botatako foam jaurtigailu batek 16 urteko mutila, eta begian lesio larriak eragin zizkion. Txostena filtratu aurretik ere, Villabona-Amasako EAJk hala baieztatu zuen asteazkenean: «Ez zen tirokatua izan». Xuhar herri plataformak, ordea, esan zuen hipotesi hori «sinesgaitza» dela, eta salatu esku hartzean ez zela «kasualitaterik» izan.
Horrez gain, auzia argitzeko eta erantzukizunak eskatzeko mozio bat onartu zuen joan den hilabete bukaeran Villabona-Amasako Udalak. EH Bilduren aldeko botoekin onartu zuten, eta EAJk eta PSE-EEk kontra bozkatu zuten.