Xuban Nafarrateren auzia berriz ireki du Arabako Lurralde Auzitegiak

Nafarratek ertzainen kontra jarritako salaketa artxibatu egin zuen Gasteizko Auzitegiak joan den urtarrilean

Oihana Elduaien Uranga.
2013ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Badago zer ikertua. Badago zer begiratua, eta zer aztertua Xuban Nafarrateren auzian. Eta egin egin behar da. Halaxe agindu du Arabako Lurralde Auzitegiko Bigarren Aretoak. Nafarratek bost ertzainen kontra jarritako salaketa artxibatu egin zuen urtarrilean Gasteizko Instrukzioko 2. Epaitegiak. Nafarrate estropezu eginda bere kabuz erori eta eritu zela esan zuen, eta ez, gazteak esan bezala, ertzainen gomazko pilota baten kolpearen ondorioz. Gertatu zena ez dagoela argi uste du, ordea, Lurralde Auzitegiak, eta Gasteizko epaitegiak bere egin zuen Herrizaingo Sailaren bertsioa zalantzan jartzeko zantzuak badaudela dio. Haiek ez ikertzea aurpegiratu dio Gasteizko epaitegiari, eta ontzat eman du Nafarrate sendiak jarritako helegitea. Horrenbestez, auzia berriz ireki, eta iazko martxoaren 29an, greba orokor egunez, zer gertatu zen ikertzeko agindu du. Argitzeko nola zauritu zen Nafarrate.

Ertzaintzaren karga baten ondoren erietxera eraman zuten Nafarrate. Anbulantziakotxostenaren arabera, eraso egin zioten eta amnesia zuen. Larrialdietan egin zioten txostenak konortea galdu zuela ere esaten du. Zainketa Intentsiboen Unitatera eraman zuten Nafarrate, eta sei egunez eduki zuten ospitalean.

Bost ertzainen kontrako salaketa jarri zuen, eta bi bideo ere aurkeztu zituen ertzainek jaurtitako pilotak buruan jo zuela frogatu nahian. Arabako Lurralde Auzitegiak irailaren 2an kaleratu zuen autoak dio Gasteizko epaitegiak bideoan ez zituela aztertu auziko hiru gako: detonazioaren zarata,Nafarrate lurrera erori zen modu zehatza, eta tiro egin zuen ertzainaren postura. Hiru gako horiek Nafarratek hasieran aurkeztutako bideoetan ez ezik, geroago aurkeztutako froga perizialetan ere ez zituen aztertu Gasteizko epaitegiak, Lurralde Auzitegiaren arabera. Nafarratek 2012ko abuztuan aurkeztutako mediku txosten periziala ere ez zuen aztertu, eta Nafarratek deklarazioa hartzeko proposatu zituen bi lekuko presentzial ere ez zituen onartu, arrazoi indartsurik eman gabe.

Hori guztia kontuan hartuta, auzia garaia baino lehen artxibatu zela dio Lurralde Auzitegiak. Gogor egiten dio instrukzioa egin zuen Gasteizko epaitegiari, esanez, Nafarratek aurkeztutako peritu txostenak kontutan hartzeko modukoak direla. Aztertzeko agindu dio; ikerketarekin jarraitzeko,bide guztiak agortu arte.

Desobedientzia zalantzan

Auzi horretan bertan, desobedientzia delitua egiteagatik inputatu egin zituzten Xuban Nafarrate eta beste bi lagun, Ertzainen aginduak ez betetzea egotzita. Inputazio hori mantendu egin du Lurralde Auzitegiak, baina zalantzan jarri du Gasteizko auzitegiaren bertsioa. Nafarratek egin zuena, izatekotan ere falta bat izango zela dio, eta ez delitua, baina hori ere frogatu gabe dagoela dio. Izan ere, dauden datuekin gazteak korrika ari zirenean ertzainek gelditzeko agindu zietela pentsa daitekeela dio, baina haiek ez entzutea ere posible dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.