Xibertako aktak argitaratu ditu lehen aldiz Anai Artea elkarteak

1977an Angeluko Xiberta hotelean egindako bilkuren berri eman dute lehen aldiz, esandakoaren lekukotasuna utzizTelesforo Monzonen heriotzaren 30. urtemugaren karietara argitaratu dituzte

Ezkerretik hasita, Battita Larzabal, Mirentxu Purroy eta Mixel Mendiburu. BOB EDME.
Aitor Renteria.
Angelu
2011ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Telesforo Monzonen heriotzaren 30. urtemugaren karietara, Las actas de Txiberta izeneko liburua argitaratu du Anai Artea elkarteak. Orduan Monzonek Lapurdiko Angelu hiriko Xiberta auzoko hotelean klandestinoki bildu zituen alderdi abertzaleetako ordezkariak. Bertan izan ziren EAJ, ESB, ESEI, ANV-EAE, EKA, Laia (bai), Laia (ez), EHAS, EIA, auzapezen taldea, ETA (m), ETA (pm) eta azken talde hori uztea deliberatu zuten Bereziak. Bost bilkura egin zituzten, jarrerak batzea lortu gabe. Bilkura haietako aktak hartu, eta orain artean gorderik atxiki zituzten.

Franco hil ondorengo lehen hauteskundeen atariko garaiak ziren, eta Euskal Herria aldarrikatzen zuten talde guztien jokabide bateratua lortzea zen Monzonen xedea. Bilkura haiek porrotean bururatu ziren, eta geroztik mugimendu abertzaleak ez du lortu Espainiaren aitzinean ahots bakarrez mintzatzea edo bederen gutxieneko puntuak adostea. «Geroztik bi estrategia nabarmendu dira mugimendu abertzalearen barnean, bata autonomiaren ildoa hobetsi duena eta bertzea independentziaren ildoan kokatu duena bere burua», azaldu zuten Anai Artearen izenean Battita Larzabalek eta Mixel Mendiburuk. Haien ondoan zegoen atzo Mirentxu Purroy, elkarrizketa haietan presente egon zen kazetari bakarra.

Anai Arteko kideek nabarmendu zuten Xibertan bildutakoek ez zutela mamian sartzeko betarik atzeman. Trantsizio garaiko lehen hauteskunde haiek egiteko puntuan zirelarik, oraindik ETAko preso batzuk espetxean segitzen zuten eta alderdi guztiak ez ziren legezkoak. KASen ingurukoek hauteskundeetara aurkezteko bi baldintza eskatu zituzten, batetik amnistia osoa lortzea eta bertzetik alderdi guztiak legeztatzea. Baldintza horiek bete ezeanhauteskunde haiei boikota egitea proposatu zuten.

«EAJk eta bertze batzuek ezin zituzten baldintza horiek onartu, eta ordurako hauteskundeetan parte hartzeko erabakia hartua zuten», dio Anai Arteak. Gainera, Xibertan bildutako hainbat eragilek harreman zuzenak zituztenEspainiako garai hartako buru Adolfo Suarezekin. Elkarrenganako mesfidantzak eta hautu estrategiko ezberdinak nagusitu ziren, eta Monzonen helburua ezinezkoa bihurtu zen. «Xibertako porrota ez dator oinarrizko gauza batzuetatik, ez baitziren aipatu ere, baizik eta une hartan bakoitzak egin behar zituen aukera eta erabakietatik», dio Anai Arteak.

Entzunezkotik aktetara

Xibertako bilkurei buruzko iritzi anitz plazaratu dira orain artean, baina bertan erran zutenaren erreferentzia idatzia ukan gabe. Hutsune hori betetzea da Anai Artearen nahia, Monzonen nahiari jarraikiz. «Monzonek aktak bildu zituen, ondoko belaunaldiei helarazteko helburuz», dio Anai Arteak. Orain, akta horiek eskuetan, bakoitzak nahi duen irakurketa egin dezake, baina benetan idatzi zen horretan oinarrituz.

Monzonen erranaldi honekin bukatu zuten aurkezpena: «Bertze Xiberta bat edo Xiberta gisako bertze zerbait egiten ez dugun bitartean, euskaldunek jai dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.