Claude Olive Angeluko (Lapurdi) alkateak jakinarazi du Xibertako basoa berriz oihaneztatzeko plana garatu nahi duela, iragan astean 165 hektarea erre zituen sutearen ondotik: «Oihana berriz landatuko dugu, desberdinki». Auzapezak azaldu du «hiriko oihan» hori «kualitatiboki» aldatu nahi duela, segurtasun arauak eta egoera klimatikoa kontuan hartuz; adibidez, «zuhaitz mota desberdinak» landatuz.
Era berean, Angeluko Herriko Etxeak eta Pirinio Atlantikoetako Departamendu Kontseiluak jakinarazi dute sutearen inguruko salaketa bat aurkeztu dutela; Jerome Bourrier Baionako prokuradoreak hartu du inkestaren gaineko ardura. Erakundeon arabera, asteburuan bildutako frogek adierazi dute sutea norbaitek eragin duela; oraindik frogatzeko dago istripu baten ondorioz edo nahita piztu al zen.
Agintariek segurtasun neurriak plantan ezarri dituzte Xiberta oihanean. Basoan sartzea debekatuta dago uztailaren 31z geroztik, baina erre ez den hegoaldeko zatia berriro zabalduko dute datozen egunetan. Oraino hamasei suhiltzailek, zaldun patruila batek eta suaren aurkako lau ibilgailuk oihana zaintzen segitzen dute, beste suterik sor ez dadin. Arriskutsuak diren zuhaitzak moztuko dituzte, etxe eta bide bazterretakoak.
Angeluko Xiberta auzoko oihanak su hartu zuen uztailaren 30ean, arratsaldez. Suteak basoaren zati handi bat kiskali zuen: 165 hektarea. 24 etxebizitza ere kaltetu zituen; hamasei lagun ospitaleratu behar izan zituzten kea arnasteagatik, baina denak etxera itzuli ziren biharamunean.
Pirinio Atlantikoetako Departamenduko eta inguruko departamenduetako 208 suhiltzaile eta bi sute hegazkin aritu ziren Angelun sua itzaltzen. «Lanean ari gara mugaz gaindiko kooperazio baten garatzeko, Gipuzkoarekin, Nafarroarekin eta Aragoirekin [Espainia]. Elkarlanaren dinamika duela hiru urte hasi zen», esan du Joseph Bonson departamenduko suhiltzaile koronelak.
Xiberta oihaneztatuko dute
Angeluko Herriko Etxeak salaketa bat aurkeztu du, sutea norbaitek eragin duelakoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu