Azkenean ez du Bastidako (Lapurdi) jendarmeriara aurkeztu beharko gaur goizean Xarlo Etxezaharreta Udalbiltzako kideak. Nahiz aitzineko egunetan hara azaltzea eskatu zioten bi jendarmek, atzo jakinarazi zioten dei hori «deuseztaturik» zela. Arrazoia galdetu arren, beste informaziorik ez zioten zehaztu hazpandar abertzaleari.
Deiaren berri eman ziotenean, «Madrildik zetorren jakinarazpen baten berri emateko» zela zehaztu zioten. Hori dela eta, bere aurkako euroagindua dela uste du Etxezaharretak. Udalbiltzaren aurkako epaiketara ez zen agertu hautetsi ohia, «Madrilgo justiziari ez erantzutea erabaki politiko bat» zela argudiatuta. Hori dela eta, uztailaren 15ean, auziaren lehen egunean, hura atxilotzeko manua eman zuen Javier Gomez Bermudez Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaimahai-buruak.
Ez duenez jendarmeriara aurkeztu beharrik, sostenguz antolatu elkarretaratzea ere ezeztatu egin dute.
Udalbiltzaren alde, gaualdia
Urtarrilaren 15erako, hau da, datorren larunbaterako, Udalbiltzaren aldeko gaualdia antolatua da Hazparneko Mendeala gelan. Kantuz taldeak, Kuxkuxtu txarangak eta Canta u Populu Corsu korsikar taldeak emango dute kontzertua. Taloak eta zintzur bustitzea izanen dira ondotik.
Xarlo Etxezaharretak ez du jendarmeriara aurkeztu beharrik
Jendarmeriara deitua zuten gaur goizerako Udalbiltzako kidea; deia deuseztaturik zela zehaztu zioten atzo
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu