Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak helegitea jarri dio Xabier Zabalo euskal presoari emandako hirugarren graduari, eta Zaballako espetxera (Araba) itzuli behar izan du bigarren graduan, Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak aferaren inguruan ebatzi bitartean. Sare Herritarrak erabakia kritikatu du, eta mobilizaziorako deia egin du ostiralerako: 20:00etan, Urretxuko Potros plazan (Gipuzkoa). «Salbuespenezko erabakiek salbuespenezko egoerak sortzen dituztelako, Xabier eta haren ingurua oso gogorra den prozedura baten aurrean jarri dituelako Auzitegi Nazionalak».
Urtebete zen Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak ez zuela gradu progresioen kontrako helegiterik aurkezten. Azkenekoz, Joseba Borde eta Juan Karlos Subijana presoen hirugarren graduen kontra egin zuen: orain, aske da lehena, zigor osoa beteta; eta etxean ari da zigorra betetzen bigarrena, hurrengo progresioak —laugarrenak— ez baitzuen helegiterik jaso.
Hala, orain, Sare Herritarrak galdetu du ea zer zentzu duen Madrildik Arabako espetxeko tratamendu batzordeko profesionalen erabakiari aurre egiteak: «Zer oinarrirekin erabakitzen da espetxeko profesionalek egokitzat ikusten duten aurrerapausoari helegitea aurkeztea? Eta berehalako prozeduraz Xabier espetxera bidaltzea?».
Zaballako tratamendu batzordeak abenduaren 20an proposatu zion Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Sailari Zabalori hirugarren gradua ematea, eta sailak otsailaren 21ean baieztatu zuen hura. Atzo, baina, fiskaltzak helegitea jarri zion, eta eguna amaitu baino lehen espetxera itzuli behar izan zuen Zabalok, behin-behinean. Hala egiten da 2022tik, Espainiako Auzitegi Gorenak ezarritako doktrina dela medio. Aurrez, hirugarren gradua mantentzen zen Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak aferaren inguruan ebatzi arte.
Ibilbidea
Zabalo 2002an atxilotu zuen Frantziako Poliziak, eta 2006ko urtarrilean Espainiaratu zuten. Zumarragako presoa 25 urteko espetxe zigorra betetzen ari da, eta urrian beteko ditu hiru laurdenak. Gainera, Sarek adierazi du Zabalok espetxe ibilbidean eman beharreko pauso guztiak eman dituela orain arte; besteak beste, espetxeak antolatutako irteera programatuetan parte hartu du, eta baimenak ere izan ditu.
Hala, plataformak adierazi duenez, «etxerako bidea diseinatzen duten irizpideak» kontuan hartu balira, Zabalok lehenago jaso beharko zukeen progresioa. Izan ere, hirugarren gradua jasotzeko nahikoa da zigorraren erdia betetzea.
Hori kontuan izanik, Sare Herritarrak legedi arrunta aplikatzeko eskatu du, «euskal presoei etxerako bidean urrats guztiak egiteko» modua emanez. Horregatik, gehitu du zigorraren azken zatia erregimen irekian egitea sustatu behar dela, xedea «birgizarteratzen sinesten duen sistema bat» bada. Gaineratu du hori dela gatazka konpontzeko urratsak egiteko modua: «Xabierrek argi erakutsi du bide horretan bere konpromisoa, eta konpromiso horren ondorio da Zaballako espetxe batzordeak egindako proposamena».