Xabier Sanchez kartzelan sartu dute, 'De Miguel auziko' zigorra betetzeko

Auzi horrengatik kartzelan sartu duten lehen kondenatua da. Gazteriarako eta Ekintza Komunitariorako zuzendaria zen Jaurlaritzan

Xabier Sanchez Robles, Eusko Legebiltzarrean, 2008ko maiatzean. R. B. / FOKU.
jon olano
2023ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Espetxeratu egin dute De Miguel auziagatik kondenatuetako bat: Xabier Sanchez Robles, Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Gazteriarako eta Ekintza Komunitariorako zuzendari ohia. Herenegun sartu zen Zaballako espetxean (Araba), eta, horrela, kasu hori dela-eta kartzelatu duten lehenengo zigortua da. Sanchez Roblesek zazpi urte eta hilabete bateko espetxe zigorra du, ustelkeriarekin lotutako hainbat delitugatik.

Espainiako Auzitegi Gorenak martxoaren 15ean eman zion Arabako Probintzia Auzitegiari De Miguel auziko zigorren berri. Espetxean aurkezteko hamar eguneko epea ezarri zien EAJren Araba Buru Batzarreko kide ohi Alfredo de Miguel, Koldo Otxandiano eta Aitor Telleriari, baita Sanchez Roblesi ere. Hala eta guztiz ere, ebazpena ez zen irmoa, eta zigortuek indultu partziala eskatu zuten. Saio ustelak izan ziren, ordea, auzitegiak atzera bota baitzituen.

Euskal Herriko ustelkeria kasu handienetakoa da De Miguel auzia. 2009an dago muina: Ainhoa Alberdi enpresariak salatu zuen estortsio egiten saiatu zitzaizkiola De Miguel eta Telleria: adierazi zuen 100.000 euro eskatu zizkiotela kontratu publiko baten truke. Audio grabaketak eman zizkion fiskaltzari.

Arabako Probintzia Auzitegiak 2019an ebatzi zuen epaitutako 26 lagunetatik 15 zigortzea. Aurtengo urtarrilean, Espainiako Gorenak berretsi egin zituen zigor nagusiak: epaiak frogatutzat jo zuen hiru akusatu nagusiak —De Miguel, Otxandiano eta Telleria— ABBko buruzagi gisa zuten «influentzia politikoaz» eta udaletan eta EAEko administrazioan ardura postuetan zeuden hainbat pertsonarekin zuten «adiskidetasunaz» baliatu zirela obrak enpresa jakin batzuei adjudikatzeko, hainbat komisioren truke.

Zigorrak

De Migueli hamabi urte eta lau hilabeteko espetxe zigorra ezarri zioten —gehienez bederatzi urte beteko ditu—; Otxandianori, zazpi urte eta sei hilabeteko espetxealdia —gehienez sei urte beteko ditu—; Sanchezi, zazpi urte eta hilabete bateko zigorra; eta Telleriari, sei urte eta hilabete batekoa. Kargu publikoak izateko inhabilitazioak eta zigor ekonomikoak ere ezarri zizkieten; De Migueli dagokionez, 43 urteko inhabilitazioa eta 500.000 eurotik gorako zigorra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.