Hilberria

Xabier Markiegi Ararteko ohia hil da

PSErekin elkartu aurretik, Euskadiko Ezkerrako idazkari nagusiordea izan zen Markiegi, eta, gero, Arartekoa 1995. eta 2000. urteen artean. Almerian (Espainia) hil da, bere etxean, 82 urte zituela.

Xabier Markiegi, artxiboko irudi batean. BERRIA
2021eko martxoaren 29a
18:21
Entzun

Eroriko batek ondorioz, duela gutxi operatu zuten Xabier Markiegi, baina operazio hartatik osatzen ari zela hil da, gaur, Almeriako (Espainia) bere etxean. 82 urte zituen. Markiegi ezaguna da, nagusiki, 1995. eta 2000. urteen artean Arartekoa izan zelako. Bilbon jaio zen, 1938. urtean, eta filosofia eta teologia ikasi zuen. 1981. urtean heldu zen Eusko Legebiltzarrera: Mario Onaindiaren lekua hartu zuen, biak Euskadiko Ezkerrako kideak zirenean.

Markiegi 1994. urtera arte izan zen legebiltzarkidea, baina ez zen PSEko kide bihurtu. Euskadiko Ezkerrako VI. batzarrak 1993an onartu zuen PSErekin bat egitea, eta, besteak beste, Onaindia PSE-EEko presidenteorde bihurtu zen. Markiegi, ordea, ez zen sartu alderdi berrian, nahiz eta haiekin harreman ona mantendu zuen. 

1995. urteko martxoan hartu zuen herriaren defendatzaile kargua, EAJren, PSE-EEren, IUren eta Unidad Alavesaren babesarekin, eta 2000. urteko irailean Mercedes Agundezek hartu zuen haren erreleboa. Geroago, Victimas del Terrorismo fundazioarentzat egin zuen lan, baita Rabateko Cervantes Unibertsitatean ere, bost urtez. Fernando Buesa Fundazioko lehen presidenteordea ere izan zen.

Arartekoak nabarmendu du Markiegi buru izan zuen garaian finkatu egin zela instituzioa, eta gizarteari ireki zitzaiola erakundea. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.