Xabier Kalparsororen heriotzari buruzko informazioa «herritarren esku» jarri dute webgune batean

Zumaiako Hegiak elkarteak osatu du, «egia ofizialaren faltan», heriotza haren inguruko informazioa jaso eta plazaratzeko.

Kalparsoro oroitzeko ekitaldi bat, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Iosu Alberdi.
2023ko irailaren 26a
13:42
Entzun

1993ko irailaren 26an hil zen Xabier Kalparsoro Anuk zumaiarra. Aurrez, bi egun egin zituen koman, bertsio ofizialaren arabera, Espainiako Poliziaren Indautxuko (Bilbo) egoitzako bigarren solairutik erori ostean. Hiru hamarkada geroago, Zumaiako (Gipuzkoa) Hegiak elkarteak anuk.eus webgunea ireki du, heriotzaren inguruko «egia ofizialaren faltan», Kalparsorori gertatutakoari buruzko informazioa plazaratu eta garai hartako testuinguruari buruzko «zenbait gako» emateko. Elkarte hark eta Egiari Zor fundazioak ekitaldi bat egingo dute gaur arratsaldean, 19:00etan, Zumaiako Moilaberri eremuan, heriotzari buruzko «egia osoa» izateko eskubidea aldarrikatzeko.

Informazio gehiago:Torturak blaitutako irail hura

Hegiak elkarteak salatu du Kalparsororen heriotzatik 30 urte pasatu diren arren «oraindik argitu gabe» daudela haren ingurukoak. Hala, Kalparsororen atxiloketekin eta heriotzarekin zerikusia duten zenbait gertakariren inguruko informazioa pilatu dute webgunean, gertatutakoa «herritarren esku» uzteko asmoz. Era berean, 1980ko eta 1990eko hamarkadetako testuinguru politiko eta soziala ere jorratzen dituzte webgunean. Xedea da «komunitatearen indarra eta memoria historikoa gorde eta sortzeko konpromisoa» adieraztea, egileen esanetan.

Kalparsoro Durangon (Bizkaia) atxilotu zuten, 1993ko irailaren 24an. Haren atxiloketa, ordea, ezohikoa izan zen. Bi udaltzainek harrapatu zuten, ustez furgoneta bat lapurtzen saiatu ostean. Haiek adierazi zuten gazteak portaera arraroa zuela, eta «drogatuta» egotearen zantzuak zituela. Kalparsoro, baina, Espainiako Poliziaren esku utzi zuten, Carlos Bueren epaileak hala aginduta, ETAko kidea baitzen.

Poliziek Indautxuko egoitzara eraman zuten. Han, bertsio ofizialaren arabera, bere burua bota zuen bigarren pisuko leiho batetik, eta bi egun geroago hil zen, Basurtuko ospitalean. Poliziak adierazi zuen Kalparsoro «zaindari bakarrarekin» zegoela, «eskuburdinarik gabe» eta garagardo bat edaten.

Bertsio hura, baina, hasiera-hasieratik zalantzan jarria izan zen, Kalparsoro Lege Antiterroristapean eta inkomunikazioan baitzegoen. Gainera, ETAk ere agiri bat plazaratu zuen esanez Kalparsorok erakundeari jakinarazi ziola abuztuaren amaieran atxilotu, torturatu eta drogatu egin zuela Ertzaintzak. ETAren esanetan, horren ostean libre utzi zuten, erakundeko kide gehiagorengana eramango zituelakoan.

Kalparsororen heriotzagatik, lau polizia epaitu zituzten; horietako biri sei hilabeteko zigorra ezarri zieten «zuhurtasun gabezia» leporatuta, baina ez zituzten espetxeratu. Ertzaintzaren ustezko atxiloketaren inguruko auzia, berriz, artxibatu egin zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.