Mikel Albisu Iriarte, Josetxo Arizkuren Ruiz, Irantzu Gallastegi, Xabier Garcia Gaztelu, Iñaki Gracia Arregi eta Marixol Iparragirre euskal presoak auzipetu ditu Maria Tardon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak. Francisco Arratibel enpresaria hil izana leporatzen diete, Tolosan (Gipuzkoa), 1997an. Epaileak azaldu du horiek guztiak «ETAren batzorde exekutiboko kide» zirela enpresariaren «hilketa erabaki, pentsatu eta egin» zenean. Dokumentuaren arabera, gainera, ETAk lehergailu bat jarri zuen Arratibelen enpresan 1996an, baina ez zuen eztanda egin, akats batengatik.
Autoan azaldu duenez, gertatutakoa artxibatu egin zuten, ez zelako topatzen ahal egilearen zantzurik; ordea, 2013an berriz ere abiatu zuten ikerketa, «froga berriak» agertu zirelako. Ebidentzia horien artean daude hilketan erabilitako bala, taldearen ohar bat eta Espainiako Guardia Zibilak egindako txosten bat, zeinetan taldeko bi kide identifikatzen ziren. Gainera, taldeko bertze bi kideren deklarazioak ere badituzte. Testigantza horien arabera, Arratibelen hilketa gertatu zen garaian ETAk «hilketa selektiboak» egiten zituen, enpresa arloan eta politikagintzan.
Hilaren 24rako deitu dituzte sei auzipetuak, erabakiaren berri emateko.