Txirrindularitza

Xabier Florencio kataluniarrak irabazi du Donostiako Klasikoa, esprinean

Bere garaipenik handiena lortu du gaur Xabier Florencio Bouygues Telecom taldeko txirrindulari kataluniarrak. Ezustean lortu gainera. Beti bezala gaur ere ez zegoen faborito nagusirik lasterketa irabazteko baina Florencio ez zen inoren apustuetan agertzen. Estefano Garzelli sailkatu da bigarren eta Andrey Kasheshckin, berriz, hirugarren.

2006ko abuztuaren 12a
17:19
Entzun
Florenciok bost ordu, 32 minutu eta 45 segundo behar izan ditu UCI Pro-Tourrerako puntuagarria den Donostiako 26.Klasikoa irabazteko. Ezustean hartu die aurre lasterketa amaierako esprinean, hurrenez hurren bigarren eta hirugarren sailkatu diren Liquigaseko Stefano Garzelli eta Astanako Andrey Kasheshckin txirrindulariei.

Jaizkibel, Gurutze eta Mirakruz

Donostiako 26. Klasikoa korrituko da gaur Gipuzkoan barrena; beti bezala, faborito argirik gabe

Andoni Urbistondo

Frantziako Tourra eta Espainiako Vueltaren arteko zubi lana egiten du Donostiako Nazioarteko Klasikoak. Tourra bukatu eta hiru astera, eta Vuelta hasi baino bi aste lehenago, aurten. Bien tartean, bai, baina biekin batere zerikusirik ez daukan proba da gaurkoa. Egun bakarrekoa delako, batez ere, eta normalean, Tourrean eta Vueltan aurrean ibiltzen diren txirrindulariak ez, baizik klasikozaleak ibiltzen direlako buruan Donostiako Klasikoan.

Pereiro ez da etorri, Kloden ere ez, baina Evans eta Mentxov bai. Bi horiek, ordea, ez dira proba irabazteko hautagaiak. Garaipena lor dezakete, jakina, baina ez dira faboritoak. Antzekoa esan daiteke Carlos Sastre edo Alejandro Valverderi buruz. Korritu, korrituko dute, baina zaila izango da bi horiek aurrean ikustea. Sastrek Espainiako Vuelta korritzeko sasoian dagoen edo ez jakiteko korrituko du klasikoa. Gauzak horrela, litekeena da lasai antzean jardutea gaur.

Valverde ere tentuz jardutekotan da. Tourra utzi zuenetik ez du probarik korritu, eta taldean Vueltan lan txukuna egitea eskatu diotenez, ez du sobera arriskatuko. Valverdek klase handia dauka, baina lehiaketa erritmorik gabe ezin da miraririk egin.

Eta zein dira klasikoa irabazteko faboritoak? Zerrenda egitea ere ez da lan erraza, eta erraza ez den heinean, faborito argia zen txirrindulari bat baztertzea, hasiera onena: Oscar Freire. Espainiarrarentzat ezin hobea da klasikoko ibilbidea, esprinter petoak direnak atzean geratzen direlako Jaizkibelen, eta berak ondo pasatzen duen mendatea delako. Tourra bukatu ondorengo entrenamenduetan, ordea, zorabioak sentitzen hasi zen, eta medikuek atsedena hartzeko gomendatu diote.

Astana-Wurth taldean gertutik zaintzeko hiru txirrindulari daude. Kazakhstango bikotea, Aleksandr Vinokurov eta Andrei Kaxetxkin, eta Aaron Kemps australiarra. Kempsek garaipen bat lortu du herenegun bukatu zen Burgosko Itzulian, baina onenekin helmugaratzeko majo sufritu beharko du. CSCn Iñigo Cuesta indartsu aritu da Alemaniako Itzulian, eta klasikozale petoak ere ezin dira ahaztu: Bettini, Celestino, Cunego, Rebellin...

Etxekoak ere, Euskaltel-Euskadi eta Kaiku, zeresana ematen ahaleginduko dira. Esprintean aukera gutxi dute bi taldeek. Iñaki Isasi txukun aritu da Tourreko esprintetan, eta Donostiara talde txikia iristen bada, ezustekoa eman dezake. Helburu bera izango du Jorge Azanzak (Kaiku). Nafarra ondo moldatzen da multzo txikietako esprintetan. Ihesaldiak ere gertutik jarraitu beharko dira. Normalean ez dute arrakastarik izaten, baina noizean behin bai.

BUKAERA GAIZTOA. Donostiako klasikoak betiko ibilbidea du, salbuespen txiki bat izan ezik. Aurten ez dute Garate igoko Getariatik, lan batzuk egiten ari direlako mendate horretan. Zarautzen Meaga aldera egingo dute, eta handik, Zestoara. Bi kilometro gutxiago, 225 izango ditu klasikoak. Bestelakoan, berritasunik ez du ibilbideak.

Donostiatik Orio eta Zarautz aldera, eta handik barnealdera, Azkarate eta Udana igotzeko. Kostaldera bueltatuko da proba Goierritik. Astigarraga pasatu eta berehala dagoen aldapa inguruan hasiko da klasikoko zati erabakigarriena.

Handik gertu ekingo diote klasikoko aldapa gogorrenari, Jaizkibel mendateari. Iraganean proba txikitu egiten zen han, baina azken hamarkadan ez da eraso erabakigarririk gertatu. Jaizkibelek onenen tropela xehatzen du, baina behin-behineko galbahea Hondarribitik Donostiarainoko bidean egiten da.

Kontrola zaila izaten da bertan, eta eraso festa, handia. Ibilbidea ere bihurria da, Gurutzeko aldapatxoak min handia egiten duelako. Han hausten ez bada, Errenteriako irteerako aldapan, edo helmugatik gertu-gertu dagoen Mirakruz gainean jo daiteke, lau kilometrora.

Iraganak erakusten du, ordea, Bulebarrean bakarrik helmugaratzea zail-zaila dela, eta ohikoena talde txiki bateko esprinta izaten dela. Ez harritu gaurkoan ere antzera gertatzen bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.