Osatu dute Gipuzkoako Batzar Nagusia ere. Eider Mendozaren (EAJ) lekua hartuta, Xabier Ezeizabarrena izango da batzar nagusietako presidentea legealdi berrian. EAJk eta PSEk gehiengo osoa eskuratu zuten maiatzaren 26ko bozetan, eta gehiengo horren isla da mahaiaren osaera ere: Ernesto Merino (EH Bildu) izango da lehen presidenteordea, eta Julio Astudillo (PSE) bigarrena. Lehen idazkaria Elkarrekin Podemosen esku geratu da —Maribi Eizagirre izango da idazkaria—, eta jeltzaleen esku bigarrena —Saioa Bandres—. Hala, mahaiko bost ordezkarietatik hiru izango dira EAJ-PSEkoak.
Bozketen ondoren, Ezeizabarrenak adierazi du "zauritutako demokrazia indartu" nahi duela: "Euskadin nahiz Katalunian, herriak dioena bete behar dugu bakean bizitzeko, estatuarekiko harremanak herrien arteko berdintasunean eta elkarrekiko errespetuan oinarrituz".
Horrenbestez, gaurko Gipuzkoako bilkurarekin, osatuta geratu dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batzar nagusiak, baita Nafarroako Parlamentua ere.