Xabier Erdozia euskaltzain urgazlea hil da

Mondragon Korporazio Kooperatiboko Kontseilu Orokorreko idazkari nagusia izan zen, eta Alaveseko jokalaria.

Xabier Erdozia. EUSKALTZAINDIA
Xabier Erdozia. EUSKALTZAINDIA
jakes goikoetxea
2024ko azaroaren 25a
17:30
Entzun

Xabier Erdozia euskaltzain urgazlea hil zen atzo, Lekeition (Bizkaia), 88 urte zituela. Sortzez donostiarra zen. Ekonomia ikasketak egin zituen, Bilbon. Euskaltzaindiak 2003ko urtarrilaren 31n izendatu zuen euskaltzain urgazle, eta bertako ekonomia batzordean aritu zen 1997tik 2009ra.

Jarduera oso ezberdinetan nabarmendu zen Erdozia: Markina-Xemeingo Lea Artibai ikastetxea zuzendu zuen; MCC Mondragon Korporazio Kooperatiboko Kontseilu Orokorreko idazkari nagusia izan zen; eta Alaves futbol taldean jokatu zuen, Espainiako Lehen Mailan. Bi gol sartu zituen 1954-1955eko denboraldian, eta munduko txapeldun izan zen Espainiako gazteen mailako selekzioarekin.

Etxean giro euskalduna zuten, baina Saturrarango apaiztegian euskaltzaletu zen, 1992ko urriko Euskararen berripapera-n azaldu zuenez. Urte haiek oso garrantzitsuak izan ziren, «gizon eta euskaldun moduan hazi gintuzten eta». Han hasi zen Txomin Agirreren lanak irakurtzen.

Euskararen Aholku Batzordean ere lan egin zuen, lan munduan euskara zabaltzeko lanetan. Hark esana zen euskarak enpresetako hizkuntza izateko ahalmena bazuen ere traba gogorrak gainditu beharko zituela lan munduan. Horregatik, uste zuen zenbait arlotan «poliki» joan behar zuela.

Euskaldunen koherentzia falta

«Asaldatu» egiten zuen euskaldunen koherentzia faltak. Ezinezkoa iruditzen zitzaion ikastolen mugimendua sortzeko gai izan eta gero euskara «erabat baztertzea» beste arlo batzuetan.

Ekonomia ikasi eta gero, Jose Maria Arizmendiarreta ezagutu zuen, eta hark sortutako kooperatibetan lanean hasi zen. MCCko Kontseilu Orokorreko idazkari nagusi ere izan zen.

Gaur egingo dute hileta elizkizuna, 19:00etan, Lekeitioko Andre Mariaren Jasokundearen basilikan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.