Xabier Atristain euskal presoa baldintzapean aske geratu da

Atristain abendutik zegoen hirugarren graduan. Aurrez, bi aldiz ukatu zioten progresioa. Hamahiru urte egin ditu preso.

Atristain, espetxetik ateratzen, 2022ko otsailean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Atristain, espetxetik ateratzen, 2022ko otsailean. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Iosu Alberdi.
2024ko uztailaren 18a
12:15
Entzun

Etxerat elkarteak jakinarazi duenez, Xabier Atristain euskal presoa baldintzapean aske geratu da, Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak hala ebatzita. Atristainek hamahiru urte baino gehiago egin ditu preso. Hirugarren graduan zegoen 2023ko abenduaren bukaeratik, eta martxotik baliabide telematikoekin ari zen zigorra betetzen, etxean.

Atristainen kasua gorabeheraz betea egon da. 2020ko urrian Euskal Herriratu zuten, eta ordutik zenbait baimen izan zituen Martuteneko espetxean, harik eta 2022ko udan hirugarren gradua eman zioten arte. Preso donostiarrak hiru hilabete egin zituen hirugarren graduan, baina, fiskalak progresioaren kontra jarritako helegitea tarteko, Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak urte hartako urrian agindu zuen erregresioa. Espetxera itzuli zen, baina Martuteneko tratamendu batzordeak azaroan ebatzi zuen berriro progresioaren alde, eta Eusko Jaurlaritzak 2023ko martxoaren 2an ontzat jo zuen.

Halere, hamar egun soilik egin zituen erregimen irekian. Fiskaltzak errekurtso bat aurkeztu zuen, eta behin-behinean indargabetu zuten progresioa. Kasu hartan, Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak ontzat jo zuen hirugarren gradua, baina fiskaltzak helegitea jarri zion erabaki horri ere, eta Auzitegi Nazionaleko Lehen Zigor Salak ebatzi zuen azkenik, fiskalari arrazoia emanda ebatzi ere. Iazko uztailean izan zen hori.

Horrez gain, kontuan hartzekoa da Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Atristainen kasuan hartutako erabakia. Estrasburgok 2022ko urtarrilean ebatzi zuen Espainiak prozesu «justu eta ekitatezko» bat izateko eskubidea eragotzi ziola, ez ziolako utzi konfiantzazko abokatu bat aukeratzen. Ebazpen hari men egin zion Auzitegi Nazionalak, eta Atristain aske utzi zuten behin-behinean, urte hartako otsailean. Halere, ekainean Espainiako Auzitegi Gorenak kontra egin zion Estrasburgori, argudiatuta bazirela Atristain zigortzeko beste froga batzuk ere, eta ebatzi zuen Atristainen kontrako ebazpena ez zela berrikusi behar. Hura espetxeratzeko agindu zuen Auzitegi Nazionalak. 

Auzi hark zenbait mobilizazio eragin zituen Euskal Herrian, eta alderdi politikoek ere kezka adierazi zuten. Eusko Legebiltzarrean, EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek bat egin zuten Gorenaren erabaki «arbitrarioa» salatzeko, eta Donostiako Udalak ere adierazpen bat onartu zuen alderdi horien onespenarekin; PSE-EE abstenitu egin zen. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.