Xabier Atristain Gorosabel presoa Martuteneko espetxera itzuli da gaur arratsaldean, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak, Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak preso donostiarrari emandako hirugarren graduaren aurka fiskaltzak jarritako helegitea onartu ostean. Bigarren gradura itzularazi du epaileak. Manifestaziora deitu dute biharko; 19:00etan abiatuko da Donostiako Bulebarretik.
Etxerat-ek haserrea adierazi du, «berriz ere, preso donostiarraren eskubideak urratzen dituen zentzugabekerien aurrean». Atristainek hamabi urte bete ditu preso. Urtarrilean, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ebatzi zuen Espainiak «prozesu justu eta ekitatezkoa» izatea eragotzi ziola Atristaini, ez baitzion utzi inkomunikazio aldian konfiantzazko abokatu bat aukeratzen.
Otsailean, kondena etetea ebatzi eta kalera atera zen, Gorenak Estrasburgoko sententziaz ebatzi artean. Hala ere, berriro atxilotu eta espetxeratu zuten ekainaren 2an; Auzitegi Gorenak ebatzi zuen inkomunikazio aldian egin zuen deklarazioaz gain bazirela froga gehiago Atristainen kontra, eta deklarazio horiek gabe ere epaileak zigor ondorio bera atera izanen luketela. Ondorioz, ez zuen onartu haren aurkako hamazazpi urteko espetxe zigorra berrikustea.
Behin espetxean, eskatutako baldintzak betetzen dituela argudiatuta, Eusko Jaurlaritzak hirugarren gradua eman zion uztailean. Fiskalak, ordea, helegitea aurkeztu zuen, eta hori onartu du orain epaileak.