Espainiako Auzitegi Nazionalak men egin dio Estrasburgok agindutakoari, eta aske utzi du Xabier Atristain euskal presoa, behin-behinean. Atzo arratsaldean atera zen Martuteneko espetxetik, han baitzeukaten preso. Espainiako Auzitegi Nazionaleko hirugarren zigor salak ebatzi du, hain zuzen, Atristainen zigorra eten egin behar dela Espainiako Auzitegi Gorenak Estrasburgoko sententzia nola aplikatu erabakitzen duen bitartean.
Giza Eskubideen Europako Auzitegiak urtarrilaren 18an ebatzi zuen Atristainek ez zuela «prozesu justu eta ekitatezko» bat eduki. Izan ere, Estrasburgok Espainiaren aurka kaleratutako sententziak azpimarratzen du, inkomunikatuta zegoela, Atristaini ez ziotela utzi konfiantzazko abokaturik aukeratzen.
Sententzia betearazteko, Espainiako Auzitegi Gorenean berraztertze helegitea jarri zuen defentsak. Atristainen zigorra bertan behera uzteko eskatu zuen abokatuak, eta Gorenak erabaki beharko du behin betiko hala eginen duen ala ez. Auzitegi Goreneko bigarren salak ebatzi artean Atristain aske uztea erabaki du Espainiako Auzitegi Nazionalak. Baldintza batzuk jarri dizkio euskal presoari, nolanahi ere: bizileku jakin bat izan beharko du, edozein aldaketa komunikatu beharko du, pasaportea entregatu beharko du, eta ezinen du Espainiako Estatuko lurraldetik atera horretarako baimenik gabe.
Estrasburgoko sententziak espresuki aipatzen du inkomunikazio aldia, eta, beraz, Zigor Reizabal abokatuak uste du «oso larria» dela Espainiari emandako zigorra, baita «positiboa» ere, «lehenengo aldiz» erran baita «horren garbi» atxilotu batek bere abokatua edukitzeko eskubidea urratu dela. «Aurrekari oso garrantzitsua» izan daiteke, abokatuaren ustez, eta halako egoeretan diren gainerako euskal presoei aplikatu beharko litzaieke: anitz dira kasu berean daudenak.
Beste kasu batzuk
Ikuspuntu politiko batetikepaiak duen garrantzia ere azpimarratu du Haimar Altuna Sortuko gatazkaren ondorioen konponbiderako idazkariak: «Inkomunikazio egoerak ekarri du herri honetan milaka torturatu egon izana, Xabierren kasua ez da kasu bakana. Horregatik, eskatzen dugu presoen auziari irtenbide justu bat emateko eta denak etxera ekartzeko».
Atristainek berak ere mezu hori eman du kartzelatik atera berritan: «Epaiak dio funtsezko eskubide urraketa bat egon zela, eta kartzelan utzi ditut beste pertsona asko eskubide urraketa bera jasan dutenak, eta haien egoera ere konpondu beharko litzateke».
Torturak salatu zituen Atristainek. Bertzeak bertze, azaldu zuen poltsa «askotan» egin ziotela, konortea galdu arte, bi aldiz botaka egin zuela, goma aparrarekin biltzen zutela, eta horren guztiaren ondorioz takikardiak izateagatik botika bat eman ziotela. Tortura psikologikoak ere salatu zituen: bigarren deklarazioan erran zuen, erraterako, bere neska laguna atxilotuko zutela egin ziotela mehatxu. ETAko kide izatea leporatuta zegoen preso.
Espainiak 20.000 euroren kalte ordainak ordaindu beharko dizkio Atristaini. Estrasburgoko auzitegiaren arabera, hain zuzen, Espainiak Giza Eskubideen Europako Akordioaren 6.1 eta 3c artikuluak hautsi zituen: epaiketa justu bat eta ekitatezko bat izatea bermatzen dituena da lehena; eta, bigarrena, defentsa eskubideari eta abokatua libreki aukeratzeari dagokiona.
Atristain 2010eko irailaren 29an atxilotu zuten, eta Auzitegi Nazionalak berehala agindu zuen hura inkomunikatzeko. Torturapean egindako deklarazioetan, Atristainek bere burua erruztatu zuen hainbat ekintzatan. Ezarri zioten ofiziozko abokatua hainbat aldiz saiatu zen Atristainekin harremanetan jartzen bitarte horretan, baina Guardia Zibilak inkomunikatuta zegoela erran zion. Atristrainen egoera ikusita, ofiziozko abokatuak uko egin zion Guardia Zibilaren aurreko deklarazioa sinatzeari.
Xabier Atristain aske utzi dute, Gorenak haren auziaz ebatzi artean
Estrasburgok urtarrilean ebatzi zuenez, Espainiak «prozesu justu eta ekitatezko» bat izatea eragotzi zion euskal presoari. Sortuk nabarmendu du inkomunikazio aldiak torturatzea ekarri duela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu