Libre utzi eta minutu gutxira hitz egin du BERRIArekin Xabier Alegriak. Behin kalean eta libre, orain,"entzutea eta begiratzea" dagokiola esan du. Hala ere, azkenaldian eman diren urratsak ikusita, "Euskal Herria ahalduntzen" ari dela uste du, "kimu berriak ikus daitezke". Horregatik uste du Espainiako Gobernuak "jai duela" kartzeletan hartu duen bidearekin: "denboraren zama bota nahi du gure bizkar".
Euskal presoen egoera oso gogorra dela esan du: "zitala da. Egun osoko bakartzea ezartzen diete kide askori". Algecirasko kartzelako presoen kasua edota Arantxa Zulueta eta Jon Enparantzarena aipatu ditu, besteak beste. Preso gaixoen egoera are eta zitalagoa dela nabarmendu du.
Xabier Alegria bera lau urte eta erdiz egon da bakarturik. Bere esanetan, azken espetxeladia izan da gogorrena: "Lehenengo egunetik esan zidaten ez nintzela besteen baldintza berberetan izango".
Euskal Herritik 1.000 kilometro baino urrunago egon arren, astero-astero hutsik egin gabe senide eta lagunen bisita izan duela nabarmendu du Xabier Alegriak. "Hemengo jendeak flipatu egiten du", esan du euskal presoak ez diren kartzelako beste presoei erreferentzia eginez.
Kartzelako bizimodua "oso gogorra" izan arren, "denbora ez da kalean baino mantsoago igarotzen", Alegriaren irudiko. Hala, ikasten, itzulpengintzan eta "lagunekin Euskal Herriaz hizketan" aritu da espetxean.
Lau aldiz espetxeratua
Puerto III espetxetik (Cadiz, Espainia) gaur goizean irten da libre Xabier Alegria Loinaz euskal presoa. Zazpi urte eta erdi eman ditu kartzelan, 18/98 auziagatik. Azken honekin, lau espetxeratze bizi izan ditu, eta azken kartzela irteera honetan jakin du "aterako nintzela". Beraz, gauzak antolatzeko modua izan du, eta kartzelan gelditu diren kideak agurtu eta besarkatzeko aukera.
Espetxealdi honen aurretik beste hiru bider izan da kartzelan euskal preso lezoarra: 1998. urtean espetxeratu zuten lehen aldiz Egin auziaren barruan. Urtebete egin zuen orduan espetxean; 2000. urtean berriro kartzeleratu zuten Alegria, Ekin auziaren barruan, eta 2001eko ekainean askatu zuten. Azkenik, Euskaldunon Egunkaria-ren kontrako operazioaren barruan atxilotu zuten ondoren, 2003ko otsailaren 20an.
Azken atxiloketaren ondoren torturak salatu zituen euskal preso lezoarrak. Espetxean zegoela Udalbiltza auziaren harira inputatu egin zuten. 2004ko abenduan askatu zuten. 2007ko azaroaren 30ean, 18/98 auziaren barruan atxilotu zuten azkenekoz Alegria. Ordutik egon da espetxean.