Aritz Romeoren lekukoa hartu du Xabi Lasak. Atzo goizean, Nafarroako Aralarrek konferentzia politikoa izan zuen Iruñeko Baluarte jauregian, eta hurrengo urteetarako ildo politikoa zein zuzendaritza berria zehaztu zituzten militanteek. Xabi Lasa lurraldeko koordinatzaile izateko hautagai bakarra izaki, argi zuen izendatua aterako zela, eta, horregatik, jasotako babesa zehaztea baino ez zen falta. Berriozarko alkate eta Aralar-NaBaiko parlamentariak, azkenean, botoen %87 eskuratu du.
Gainera, hurrengo urteetarako zuzendaritza ere berritu du Nafarroako Aralarrek. Lasaren gidaritzapean, beste hamar kidek osatuko dute zuzendaritza: Aritz Romeo aurreko koordinatzaile eta Iruñeko hautetsia; Pablo Azkona Lodosako alkatea; Ana Barrena Iruñeko zinegotzia; Maite Iturre, Udalbiltzako lehendakariorde eta Baztango hautetsia; Zutoia Toral Zizur Nagusiko hautetsia; Floren Luki Barañaingo alkate ohia; Asun Fernandez Garaialde parlamentaria; Etor Larraia militantea; Pedro Huarte Zizur Nagusiko alkate ohia, eta Mikel Egozkue ingeniaria.
Era berean, zuzendaritzak landutako txosten politikoa onartu dute militanteek, testuari hemeretzizuzenketa egin ostean. Konferentziaren aurretik, Aritz Romeok nabarmendu zuen hamahiru urteotan Aralarrek bere ekarpena egin duela Euskal Herriko erronkei begira. Nafarroan ezkerreko gobernu bat osatzea du orain erronka, eta horretarako «eragile politiko nagusia» EH Bildu koalizioa dela deritzo.
Irail hasieran, Txentxo Jimenezek bera hautagaitza atzera bota zuen, eta horrek bidea erraztu dio Lasari. Romeoren ustez, horrelakoak «edozein alderditan» gertatzen dira.
Xabi Lasak zuzenduko du Nafarroako Aralar, botoen %87 eskuratu eta gero
Baluarteko konferentzia politikoan, zuzendaritza berria eta hurrengo urtetako ildo politikoa ezarri dute militanteek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu