X. X. Batzar Nazionala egingo du Etxerat-ek, igandean

Aurtengoa urte «oso gogorra» izan dela salatu dute, presoen eskubide urraketak okerrera egin duelako

Oihana Elduaien Uranga.
Donostia
2010eko azaroaren 3a
00:00
Entzun
2010a urte «oso gogorra» izan da Etxerat elkartearentzat. Preso dituzten senide eta lagunen eskubideak «etengabe zanpatuak» izan direla salatu dute, eta haien aurkako «xantaia etengabeak gorakada nabarmena» izan duela. Horretaz eta egungo egoerako beste hainbat xehetasunez hitz egingo dute euskal presoen senitarteko eta lagunek datorren igandean, Arrasaten egingo duten X. Batzar Nazionalean. Etxean nahi ditugu goiburupean egingo dute batzarra, eta hura amaituta, 13:00etan ekitaldia egingo dute, plazan, «kartzela politika kriminala» salatzeko eta «euskal preso politikoen eskubideen defentsan beren konpromisoa eman duten» lagun eta senideak gogora ekartzeko.

Joxepa Arregi Etxerat-eko lehendakari zena gogoan izango dute, haien artean. Atzoko prentsaurrekoan ere erreferentzia egin zioten Arregiri, Lurdes Zabalegi eta Javier Zubimendi bozeramaileek: «Bere tinkotasunari eta indarrari esker, elkartasunaren kriseilua piztuta mantendu du», esan zuten. Hark egindako lana gaur egun lanean ari direnenari lotuta, Etxerat-en helburua lortuko dutela diote: «Euskal errepresaliatu politikoak behingoz beren etxeetara itzul daitezen».

Izan ere, Etxerat-en arabera, asko dago egiteko. Sakabanaketa «areagotu» egin dela salatu dute: gaixo dauden presoek espetxean jarraitzen dute, hamar auto istripu izan dira bisitara bidean edo handik bueltan, «bizi guztiko zigorra» 50 presori baino gehiagori jarri diete, isolamendu eta bakartze politikan «sakontzen» ari dira, elkartasunaren aurkako «jazarpena» dago, senideei «miaketa umiliagarriak» egin nahian jarraitzen dute eta abar.

Nolanahi ere, «itxaropenerako unea» ere badela uste dute Etxerat-eko kideek. «Soluzio justu eta demokratiko baten aldeko urte lanpetua». Pertsona ororen eskubideak -tartean presoenak- errespetatuak izango diren egoerara bideko lanean ez dutela «amore emango» ohartarazi dute, gainera.



50.000 euroko bermea ordainduta, aske geratu da Uberka Bravo

Askapenaren aurkako sarekadarekin lotuta, lehengo astean Espainiaratu zuten Uberka Bravo, eta, atzo epailearen aurretik pasatu ostean, aske geratu da, 50.000 euroko bermea ordainduta. Auzi horrengatik beste bost lagunek segitzen dute preso. Oier Ibarguren euskal presoa, berriz, 18.000 euroko bermea ordainduta geratu da aske. Iaz, azaroaren 24an, gazteen aurka egindako sarekadan hartu zuten preso. Imanol Beristain, berriz, bakartuta dago Alcalan; duela bi aste gazteen aurka izandako sarekadan atxilotu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.