Nafarroako herritar gehienak (%63) euskara sustatzearen alde daude. Erdiek baino gehiagok (%52) uste dute euskaldunak «erreferente positiboa» direla, eta, nafarren ia erdien ustez (%49,6), gobernuak «orain baino gehiago» sustatu beharko luke euskara. Eusko Ikaskuntzak eta Euskarabidea institutuak apirilean aurkeztutako ikerketa zientifiko baten arabera, euskarak «onespen sozial handia» du Nafarroan. Orain arte uste zen baino dezente handiagoa.
Ikerketa horren zuzendari zientifikoak dira Carlos Vilches soziologoa (Iruñea, 1955) eta Xabier Erize soziolinguista (Iruñea, 1955). Hiru urtez aritu dira euskarari buruzko diskurtsoak identifikatzen, aztertzen eta interpretatzen, jakiteko zeintzuek duten «erresonantzia handiena» eta zeintzuk diren «arbuiagarriak herritar gehienentzat». Uste dute halako ikerlanek berebiziko garrantzia izan dezaketela etorkizuneko hizkuntza politikak diseinatzeko tenorean.
Ikerketa hau berritzailea dela esan duzue. Zergatik?
CARLOS VILCHES: Erabilitako metodologiagatik, batez ere. Euskararen esparruan oso gutxi dira, azterketa kualitatibo sakon batetik abiatuta inkesta kuantitatibo sendo bat proposatzen duten lanak. Funtsean, ikerketa bi fasetan egin genuen: hasieran, herritar taldeak osatu genituen, zenbait lan saio egin genituen haiekin, euskarari buruz dituzten iritziak eta diskurtsoak entzun, eta, saio horietan jasotako erantzunak oinarritzat hartuta, bigarren faseko inkestan egin beharreko galderak zehaztu genituen. 903 pertsonari egin genien inkesta; beraz, bada lagin handi bat. Hiru urte eman ditugu ikerketa egiten, eta horrek erakusten du dimentsio handiko lana dela. Nafarroan, behintzat, ez dut uste inoiz halakorik egin denik.
XABIER ERIZE: Euskal Autonomia Erkidegoan egin zen halako bat 2016an, euskararen gaineko oinarrizko diskurtsoei buruzkoa, eta ni neu ere aritu nintzen orduko hartan lanean. Gainerako hizkuntzetan, ez dugu halakorik ezagutzen. Oraingo azterlan hau, bestalde, berritzailea da sektore guztien ikuspegiak aintzat hartu ditugulako, ez soilik euskaltzaleenak. Modu neutro batean tratatu ditugu iritzi guztiak, errespetuz. Aintzat hartu ditugu euskararen auzian eta hizkuntza politiketan bidezko interesa izan dezaketen parte guztiak, hala aldekoak nola aurkakoak.
Zer izan zenuten kontuan taldeak osatzeko garaian?
VILCHES: Ikerketa kualitatiborako, bederatzi talde osatu genituen, eta, halakoetan, aintzat hartu behar dira hainbat faktore. Lehenik eta behin, talde homogeneoak osatu behar dira: kide guztiak izan daitezela adin eta eremu geografiko bertsukoak, genero aldetik orekatuak... Euskaldunen eta erdaldunen taldeak bereizi genituen, elkarrekin nahastu gabe. Hori egiten dugu batzuen eta besteen iritziak oso kontrajarriak izan daitezkeelako, eta, gehienetan, horrek ez du aukera ematen diskurtsoetan sakontzeko. Behin taldeak osatuta, gai orokor bat planteatzen genien. Adibidez: «Zertan oinarritzen da, zure ustez, nafar nortasuna?». Hasieran ez genuen euskara aipatu ere egiten.
Ez?
VILCHES: Ez. Euskararen gaia berez agertu zen taldekideen solasaldietan, beste zenbait kontzepturekin batera: ideologia, kultura... Teknika horri esker, gainera, parte hartzaileak ez ziren gotortu aurretik zituzten diskurtsoetan, eta elementu berriak azaleratu ziren.
«Erribera aldean, adibidez, nabaritu genuen euskararen aldeko jarrera ez zela hain indartsua, baina azaleratu ziren adostasunerako elementu eta ñabardura batzuk ere»
CARLOS VILCHESSoziologoa
Azken inkesta soziolinguistikoan (2021), euskararen aldeko jarrera %30 ingurukoa zen Nafarroan. Zuenean, bikoitza: %63. Harritu zaituzte jauzi horrek?
ERIZE: Arreta eman digu, bai. Onerako. Gure ikerketaren helburu nagusia ez zen hizkuntza politikaren gaineko jarrerak neurtzea, baizik eta euskararen inguruko elementu diskurtsiboak identifikatzea: zer ideiak duten sostengu eta erresonantzia handiena, eta zeintzuk diren erabat minoritarioak gizartean. Diskurtso asko azaleratu ziren prozesuan, eta, horien zerrenda eginda, konturatu ginen posible zela euskararen aldeko eta kontrako jarrerak identifikatzea eta neurtzea.
VILCHES: Areago, analisi multifaktorialak aukera eman digu datu horien atzean dauden profilak zehazteko: jakiteko, adibidez, zer taldetan gailentzen diren euskararen alde daudenak, eta zeinetan aurkakoak edo iritzi sendorik ez dutenak.
Aldeak ikusi dituzue eremuen artean?
VILCHES: Tira, Erribera aldean, adibidez, nabaritu genuen euskararen aldeko jarrera ez zela hain indartsua, eta gaizki ikusten zutela euskara eskakizun izatea administrazioan lan egiteko... baina azaleratu ziren adostasunerako elementu eta ñabardura batzuk ere. Ikusi dugu, oro har, euskararen sustapenaren inguruko jarrerak era nahiko homogeneoan banatuta daudela gizartean.
ERIZE: Ikerlana oso koherentea da, eta taldeen artean ez zen egon sakoneko alderik. Ideia orokor eta joera bertsuak agertu ziren talde guztietan, ñabardurak ñabardura. Aldeak baziren, noski, baina edukietan bainoago, sentimenduari dagokionez: Larraun eta Baztan-Bortzirietako taldeek, adibidez, euskaldun gisa hitz egin zuten, baina Tuterakoek urrun ikusten zuten beren burua euskaratik. Eta eremu geografikoaz harago ere, desberdin hitz egiten zuten goi klase sozioekonomikokoek, adinekoek, etorkinek, gazteek... Baina talde guztietan marraztu ziren antzeko ideiak eta joerak.
«Euskaldunon komunitatearen erreferentzialtasuna, gizarteak nola ikusten gaituen, hori ez da inoiz neurtu aurretik, eta emaitza oso interesgarria izan da»
XABIER ERIZESoziolinguista
Euskaldunak erreferente positiboa dira herritarren %52rentzat.
ERIZE: Euskaldunon komunitatearen erreferentzialtasuna ikertu dugu lehen aldiz: herritarrek nola ikusten gaituzten euskaldunak, eta erreferente positiboa, neutroa edo negatiboa garen. Hori ez da inoiz neurtu aurretik, eta emaitza oso interesgarria izan da.
VILCHES: Ikerketan argi agertu da euskaldunei buruz dagoen iritzia eta iruditeria positiboa dela, oro har, Nafarroako gizarte osoan, baina baita erdaldunen artean ere. Baloratu zuten, besteak beste, euskaldunak gai garela euskara zabaltzeko eta euskal kultura zaintzeko, eta hori ez dela gertatzen komunitate erdaldunetan, adibidez.
Urteetan hainbat hedabidek eta eragilek euskarari eta euskaldunei buruz esandako gauza asko gezurtatzen ditu horrek, ezta?
ERIZE: Bai. Esate baterako, euskaldunek pribilegioak dituztela, administrazioak abantailak ematen dizkiela edo gizartea zatitu egiten dutela eta hesiak sortzen dituztela... Halako baieztapenak azaleratu ziren taldekako saioetako batzuetan, eta, hortaz, erabaki genuen horiek denak inkestan sartzea, jakiteko ea diskurtso horiek nolako arrakasta duten gizartean. Bada, ez zuten erresonantzia handirik lortu: inkesta egin zuten gehienak ez daude ados halakoekin.
«Informazio falta aipatu zuten etorkinek: seme-alabak eskolan matrikulatzean, inork ez zien eman euskarazko hezkuntza ereduen berri»
CARLOS VILCHESSoziologoa
Etorkinen iritzia ere jaso duzue ikerlanean. Arrotz al zaie euskaldunen mundua eta euskara bera?
VILCHES: Oso interesgarria izan zen etorkinekin eginiko lana. Batez ere, hezkuntzaren esparruari lotuta hitz egin zuten euskaldun komunitateari buruz. Harriduraz kontatzen zuten nola mugitzen diren D ereduko gurasoak beren zentroetan kalitatea bermatzeko, nola antolatzen dituzten ekintzak eta jarduerak, eta nola josten dituzten harremanak. Penaz kontatzen zuten, gainera, beraiek ez zutela halakorik erdarazko ereduetan. Informazio falta ere aipatu zuten, inork ez zielako euskarazko ereduen berri eman seme-alaben matrikula egiterakoan.
Euskarazko hezkuntza ereduei buruzko informazioa ematea: hori da, hain zuzen, txostenaren ondorioetan administrazioari egin dizkiozuen gomendioetako bat, ezta?
VILCHES: Bai, askotan, ematen du herritar askori bost axola diela euskarak, indiferenteak direla. Baina ez da indiferentzia, informazio falta baizik. Informazioaren aroan bizi gara, eta informazio asko dugu eskura, baina euskarari lotutako gaietan, hutsune handia dago. Jendeak jakin behar du, adibidez, baduela eskubidea euskara ikasteko eta euskaraz ikasteko, eta, gaur egun, askok ez dakite aukera hori dutenik ere. Hori gertatzen da etorkinekin, besteak beste. Desinformazio ugari ere badago sare sozialetan eta gizartean bertan. Egia ez diren diskurtso horien kontra egin beharra dago.
«Gobernuari gomendioa egin diogu hezkuntza eredu guztietan euskarari buruzko kultur nozio batzuk sartzeko. Ikasleek Nafarroako ibaiak ikasten dituzten bezala, zergatik ez dute ikasiko bertoko hizkuntzei buruz?»
XABIER ERIZESoziolinguista
ERIZE: Etorkinentzat, adibidez, harrera sistema bat prestatu beharko litzateke, bertoko hizkuntza ereduen berri emanez. Horrez gain, beste gomendio batzuk ere egin ditugu, ikerketan ateratako ideietan eta informazioan oinarriturik. Besteak beste, euskarari buruzko oinarrizko kultur nozio batzuk sartzea Nafarroako hezkuntza eredu guztietan. Ikasleek Nafarroako mendiak edo ibaiak ikasten dituzten bezala, zergatik ez dute ikasiko Nafarroan ditugun hizkuntzei buruz? Zeintzuk diren euskararen ezaugarriak, historia, bilakaera eta idazle aipagarrienak... Hori ez litzateke soilik D edo A ereduetan ikasi behar, baizik eta denetan. Izan ere, gaztelaniaz ikasi duten gehienek ez dakite ezer euskarari buruz, eta ideia hori ere azaleratu da ikerketan. Gutxieneko ahalegin bat, elkar ezagutzeko.
Zubiak eraikitzea, hortxe txostenean islatu dituzuen gakoetako bat...
VILCHES: Hori da. Ikerketan sarritan agertu zen beste ideietako bat zera da: gaur egun, errazagoa dela ezberdinen artean euskarari buruz hitz egitea. Uste dut oso interesgarria eta emankorra izan daitekeela ikuspegi hori. Parte hartzaile askok adierazi zuten testuinguru soziopolitikoa aldatu egin dela azken urteetan, eta euskarari buruz era irekiago batean hitz egiteak ez diela arazorik planteatzen. Politikak eta ideologiak presentzia diskurtsibo urriagoa dute, eta kulturaren esparruan oinarritu dira eztabaida eta hitzartze gehienak. Jendeak gustura hitz egin du euskarari buruz, eta hori oso interesgarria da, aurrera begira, harreman berriak josteko eta komunikazioa errazteko.
Ikusi gehiago